Gasa Felipe Gorriti kalean

Guaixe 2019ko urr. 22a, 08:53
Pala Felipe Gorriti kalean lanean.

Auzokideen eskaerari erantzunez gas sarea kale horretan zabaldu da. Aralarren, bestalde, udalak itxiturak zabaldu ditu

Hilaren hasierarekin batera Felipe Gorriti kalean pala txiki bat zuloak zabaltzen hasi zen. Bere egitekoa Uharte Arakilgo gas sarea kale horretara zabaltzea zen, horretarako beharrezko hodiak eta beste jarriz. Gas konpainiek kale horretako zenbait bezeroren eskaera jaso dute eta horren ondorio dira sarri despedituko diren lan horiek. Izan ere, gas hoditeria jarrita, egun etxeetarako gas sarbideak prestatzen ari dira. 

Bestetik, behin betiko onartu da Ixesiko autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzuen eremua arautzen duen udal ordenantza. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu digunez, aldaketa, batez ere, tasak ordaintzeko moduan egin dira. Ordenantza moldatu aurretik eguneko eta gaueko egonaldiak hartzen diren kontuan. Onartu berri den aldaketarekin behin ibilgailua sartzeagatik egun osorako tasa pagatzen da. Udal araudi horren arabera Uharte Arakilen kanpaldi librea debekatzen da, “baldin eta aurretik ez bada baimena eskuratu”. Autokarabana eta etxebizitza-ibilgailuek Itxesiko aparkalekuan besterik ezin izanen dute aparkatu, gehienez 48 orduz (5 euro egun bat ibilgailu bakoitzeko, 10 bi). Ordenantzak ere Itxesiko aparkalekua erabiltzeko arauak zehaztu ditu.  

Basolanak 
Nafarroako Gobernuaren nekazaritza azpiegiturendako dirulaguntzari esker, Uharte Arakilgo Udalak Aralar mendian Lakuntzarekin eta Arruazurekin duen mugan itxiturak jarri ditu. Uhartek azaldu digunez, Saldislatz dermiotik kasik Lekunberritik heldu den pistarainoko itxitura izan da egin dutena. “Gobernuak lana egiteko tarte txikia eman du eta azienda bildu eta kamioietan sartzeko itxitura ezin izan dugu egin. Heldu den urtean egiteko dirulaguntza eskatuko dugu”. Itxitura hori La Parrillan egiteko asmoa zuen udalak, “baina ikusizko eragina handia zuen, Burunda guztian ikusten zen eta tokiz aldatuko dugu”. Alkateak azaldu digunez, Santutegitik herrira jaisten den porlanezko pistaren aldamenean egin nahiko lukete, bigarren burni gurutzearen inguruan, pagadiak estalita. 

Pistan beherago, bestalde, beste uda batez, Agiriko despopulatuko elizan lanean izan dira udan. Ondare taldeko kideak elizaren ingurua txukuntzen eta paretako harrien arteko tarteak hartzen aritu ziren udan.