Jon Lapuente eta Urko Gorriti

“Uharteko Itsesi igerilekuak lasaiak dira, toki paregabea”

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 10a, 12:40

Uharte Arakilgo Itsesi igerilekuetan sorosle eta harrerako langile dira Jon eta Urko. Asteburuetan egoten da jende gehiago, autokarabanen gunera etortzen diren bisitariengatik

Baina, hala ere, igerilekuak lasaiak direla diote, paraje bikainean. 

1. Noiz zabaldu ziren Uharte Arakilgo igerilekuak?
Ekainaren 19an. Bi sorosle gaude lanean (Jon Lapuente eta Ibai), harrerako langilea (Urko) eta arratsaldeetan Itsesi tabernakoek harreran beste pertsona bat jartzen dute. Garbiketa lanak tabernakoek egiten dituzte, eta Uharte Arakilgo aguazilak mantenu lanak egiten ditu. 

2. COVID-19 birusa dela eta, zein neurri hartu dira?
Sartu baino lehen, zapatak erantzi, txankletak jantzi eta alfonbra berezi baten gainean oinak garbitu behar dira. Kloro eta uraren disoluzio bat du alfonbra horrek; kloroa lixiba baino zerbait indartsuagoa da, eta hori erabiltzen ari gara garbitzeko. Eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu, eta instalazioetan sar daiteke. Igerilekuko zelaian distantziak mantendu behar dira; toallen artean distantzia egon behar da. Sarritan, haur txikiak, kartetan jolasteko, oso gertu jartzen dira, eta kasu horietan maskara janzteko eskatzen zaie. Hiru igerilekuetan, sartzeko ate bat eta ateratzeko beste bat jarri ditugu. Bestalde, uhartearrek orain arte ez zuten bainatzeko txanorik janzten, baina aurten neurri hori ezarri dugu. Lehengo urtea da Uharten bainulariek txanoa janzten dutena. 

3.Uharte Arakilgo igerilekuek espazio handia dute. 
Bai, eremu handia eta polita da. Orain, legez, edukieraren edo aforoaren % 75 bete daiteke; eta, hortaz, 450 pertsona sar daitezke Uharte Arakilen, baina segurtasuna hobe bermatzeko udalak aforoa  325 pertsonara jaitsi du. Igerilekuetan ere gauza bera egin dugu: igerileku handian 80 pertsona sar daitezke, ertainean 17 eta txikian 6. 

4.Desinfekzio bereziak egin behar dituzue, ezta?
Bai. Soroslearen ohiko lanaz aparte, goizetan igerilekuetako kanpoko baso guztia, hau da igerilekuko ertza eta ingurune guztia, harresitik barruko guztia, desinfektatu behar dugu: zementuzko lurra, heldulekuak… Fumigatzaile motxila kloro eta ur nahasketarekin bete, eta lehen pasada goizeko 10:00etan egiten dugu. 14:30ean igerilekua ixten da, jende guztia kanpora atera behar da, eta 15:00ak bitartean beste pasadatxo bat egiten diogu igerilekuko basoari. Urak bere kloroa dauka, hortaz, ez da ukitu behar. Eta arratsaldeko bost eta erdietan, jendea uretik ateratzen dugu. Kasu horretan toalletan gelditzen dira, eta berriz ere desinfektatu egiten dugu. 

5.Uhartearrez gain, inguruko herrietako jendea hurbiltzen da Itsesia igerilekuetara?
Normalean Uharte Arakilgo jendea da. Irañetakoa ere dezente etortzen da, baina aurten irintarrak ez dira horrenbeste etorri; aldiz, Lakuntzatik jende dezente etortzen ari da, lakuntzarren inbasioa dugu (kar, kar...). Aurreko urteekin alderatuta, ez dago hainbesterainoko gorakadarik, uhartearrak ez direlako aurreko urteetan bezainbeste etortzen. Igerilekuak ireki zirenean, lehendabiziko astean, soilik uhartearrak sartu ahal ziren, abonuak lehendabizi herritarrek egin zitzaten. 200 abonu egin ziren. Hurrengo astetik aurrera kanpotarrendako ere zabaldu ziren, eta kanpotarrek egindako bonuak gehituz, egun 280 abonu inguru daude. 

6. Itsesi gune bikaina da. Igerilekuen ondoan autokarabanen parkinga dago, haurrendako parke ederra, Itsesi jatetxea, erretegi edo parrilla gunea... kanpoko jende asko etortzen da asteburu edo egun pasa?
Bai, bereziki asteburuetan. Gipuzkoatik jende asko etorri dela nabaritu dugu, baina bereziki Bizkaitik. Gehienak bizkaitarrak dira. Gehienek esaten digute enteratu direla hau oso leku polita dela, lasaia, eta aprobetxatzen dute goizean goiz Beriain mendira igotzeko, gero jaitsi, bertan bazkaldu eta igerilekuetan arratsalde pasa egiteko. Beriainek erakartzen die gehienbat. Parrillak normaltasun berrian sartu ginenean ireki ziren, eta egunero desinfektatu behar ditugu. 

7. Jendeak neurriak errespetatzen ditu?
Bai. Egia da umeei batzuetan ahaztu egiten zaizkiela, bereziki lagunekin elkartzen direnean, baina esaten zaie eta betetzen dituzte. 

8. Jon, aurretik, Altsasuko Dantzalekuko igerilekuetan ibili zara sorosle. Alde handia dago Uharte Arakilgo igerilekuekin?
Dantzalekun mugimendu gehiago dago, kontrolatzeko zailagoa da. Uharte Arakilgo igerilekuak oso lasaiak dira, eta lan egiteko leku oso ona. Tokia paregabea da, Beriain azpian. Urkoren laguntzarekin jendea ezagutzen hasi naiz. Egia esan, langileok pozik gaude eta espero dut jendea ere gurekin pozik egotea. 

9. Beraz, jendea lasai etorri daiteke Uharte Arakilgo igerilekuetara aforoa bete arte. 
Bai, orain arte ez da aforoa bete. Astean zehar 100 pertsona inguru egoten dira, eta asteburuan, karabanetakoekin, 200 lagun pasa egon izan gara. Gehienez 222 lagun etorri izan dira. Asteburua nabaritzen da, izugarri. Karabanetatik etortzen direnekin ia 100 sarrera saltzen dira egun bakarrean, bakarrik beraiendako. San Joan eguna ere nabarmentzekoa izan zen, 200 pertsonatik gora egon baitziren, gehienak uhartearrak eta lakuntzarrak. Jende gehien uztailean egon ohi da; abuztu amaieran San Donatoko itzala sartzen hasten da; eguzkiak bertatik jotzen du eta San Donatok itzal gehiago egiten du igerilekuetan; eta jakina da itzalean ez dela horrenbeste aguantatzen. 

10.Hortaz, karabanen gunea bete egiten da.
Gunean 12 karabana edo autokarabana inguru sartzen dira, baina gunea bete egiten da askotan eta gunetik kanpo ere karabanak egoten dira, baita prestatutako furgonetak ere. Gutxika, Uharte Arakil ezagunagoa egiten ari da eta jende asko etortzen ari da. Goizean mendira joan, gero jaitsi eta arratsaldean igerilekuetara, plan bikaina. 

11.Noiz arte egongo dira zabalik igerilekuak aldaketarik egon ezean?
Printzipioz asmoa zen igerilekuak hiru hilabetez irekita egotea. Urtero irailaren lehen igandean ixten dira; aurten ez dakigu egun zehatza noiz izango den, pentsatzen dugu eguraldiaren arabera izango dela.