Bihar zabalduko da Aralarko santutegia

Guaixe 2020ko aza. 4a, 14:08

Berritzen ari diren Lakuntzetxe edo Deierri etxea nabarmenduta.

Zazpi egunez itxita egon da santutegiaren nartexko teilatuan egin behar ziren egokitzapen lanengatik.

Aralarko santutegiaren ipar-mendebaldean dagoen Deierri etxea konpontzen ari dira maiatzaz geroztik. Santutegiaren nartexa edo eliza-aurrea hari itsatsia dago eta bere teilatua egokitu beharra zegoen. Horretan aritu dira kisusgileak azken zazpi egunetan. Lan horiek despedituta, bihartik aurrera santutegia bisitatu daiteke. Eta igandean, 12:30ean, meza izanen da. Pasa den igandean lanengatik ez baita izan.

Deierri etxearen zaharberritze lanek urte bat iraunen dute. Aurreikusitakoaren arabera, negurako teilatua egina izan nahi dute, gero eraikin barruko lanak egin ahal izateko. Hiru solairu eta guztira 195,73 m2-ko azalera duen eraikina zaharberritzeko 450.000 euro bideratuko dira. Eraikina janzteak beste 100.000 euro balioko du. Aurrekontu horri aurre egiteko, santutegiak bere funtsetatik 60.000 euro jarriko ditu, artzapezpikuak 100.000 euro, 50.000 euroko mailegu bat eskatuko dute eta gainontzeko 340.000 euroak mezenasengandik jaso nahi dituzte. 

Mezenasgoa 
Izan ere, lan horiek interes sozialeko izendatu ditu Nafarroako Gobernuak eta Mecna zigilua eman dio. Ondorioz, lanetarako dirua ematen duten Nafarroako pertsonek eta enpresek zerga desgrabazioa izanen dute. Esate baterako, 150 euro ematen dituen pertsonari Nafarroako Gobernuak errenta aitorpenean % 80 (120 euro) desgrabatuko dio. Kopuru horretatik gorako dohaintzen kasuan desgrabazioa % 40koa da. Horren onuradun izateko diru ematea izen-abizenekin eta nortasun agiriaren zenbakia emanez egin behar da. 

Enpresen kasuan sozietate-zergako zerga-oinarrian kenkaria izanen dute. Gainera, 300 euro ematen badituzte kuota-likidoan % 30eko kenkaria izanen dute, % 20koa gehiago bada. Bai pertsonek bai enpesek ES11 3008 0045 9840 71845517 kontu korrontean sartu behar dute dirua eta gai gisa “Aralarko santutegia Mezenasgoa” jarri behar dute.