Hirigintza plana idazteko hitzarmena sinatuta

Guaixe 2021ko ots. 16a, 09:29

Izaskun Abril, Jose Mari Aierdi eta Txomin Uharte hirigintza planerako hitzarmena sinatzen. Argazkia Nafarroako Gobernua.

Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako itunean jasotakoaren arabera herriaren ertzetan hirigintza eredu mugatu baten alde egin dute. 

Aurreko legegintzaldi guztietan Uharte Arakilgo Udalaren mahai gainean egon den gaia da hirigintza plana berritzea. Gaur egungoa 1991koa da eta garaiko beharretara egokitzea ezin besteko ikusi izan dute aurreko udal guztiek, baita gaur egungoak. Horregatik, Txomin Uharte alkateak Jose Mari Aierdi Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako lehendakariorde eta kontseilariarekin hitzarmena sinatu zuen asteazkenean, Izaskun Abril Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia lekuko zutela. 

Jasotakoaren arabera, Larrubitan lursailak gordetzea proposatzen da, Itxesiko eremu mugakidean, mendebaldetik (Iruburu bidearen eta errekaren artean), eta eremu horren ekialdean, mendiaren eta autobiarekiko lotunearen artean. Era berean etxebizitza babestuaren beharra konponduko du aurreikusitako jarduera bakoitzean, indarreko legeria betez. Larrubita, Errekabitarte eta Ospitalalden 150 etxebizitza egiteko aukera jasotzen da planean. Bestalde, hirigune historikoa zaindu eta indartuko da, eta oinezkoendako eta hiriarteko bizikleta-sarea egituratuko da ibai-pasealekutik, San Migeleko pistatik eta Armugingo eta Zamarzeko bideetatik.

Jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren aurreikuspenak indarreko planteamenduan aurreikusitakoa jasotzen du, sortzen den eskaerarako nahikoa dena (6,5 hektarea Iruburun, 9,7 hektarea Zubiaur-Mendikoan eta 3 hektarea gehiago Zerradoan). Udal plan orokorra egiteko aurrekontua 61.364 eurokoa da, eta Gobernuak %80 jarri du.