Uharte Arakilgo Udalak eta Uharte Arakil 80 urte memoria galtzen taldeak antolatuta, Frankismoak eraildako eta errepresaliatutakoak gogoan izan zituzten igande eguerdian. Herriko seme-alabak plazan dagoen oroigarrian antolatzaileen izenean Txomin Uharte Baleztenak eta senideen izenean Hermogenes Goñi Martirenak, Victor Martirena Alegriaren senideak, hartu zuten hitza.
Bai udala bai taldea falta diren ubertearrak herrira ekartzeko lanean jarraituko dutela gaztigatu zuen Uhartek. “Momentuz Victor Martirena Alegriarekin lortu dugu. Silverio Astiz Lakuntza alkatea zena eta haren seme Silverio Astiz Ezkurdiaren gorpuzkiak berreskuratzea falta zaigu”. Horregatik, Uhartek eta Goñik “hor nonbait daudela ez ahazteko” eskatu zuten eta astizdarrak opatzeko lanean segitu beharra dagoela nabarmendu zuten. Eskaera, zuzenean, Nafarroako Gobernuari egin zioten. Aldi berean eskerrak eman zuten orain arte egindako lanak ubertear bat bueltan herrira ekarri duelako. Nafarroan dauden eraildako guztien gorpuzki guztiak opatu arte ahalegina egitea eskatu zuten. Eraildako eta errepresaliatutako ubertearrendako justizia, erreparazioa eta oroimena aldarrikatu zituzten. Eraildako eta errepresaliatutako ubertear guztien omenez lore eskaintza egin eta minutu bateko isilunea gorde zuten.
Bost urte
1936ko estatu kolpearen ondoren eraildako hiru ubertearrak herriko seme kuttun izendatu zituen Uharte Arakilgo Udalak 2016an. Urte hartan bertan San Joan plaza zena eraldatu eta errepresaliatu guztien omenez Herriko seme-alaben plaza izena eman zioten. Ordutik han dago Miren Ustarroz eskultore ubertearraren oroigarria, eta haren oinean Castillo Suarez idazleak Silverio Astiz Ezkurdiaren testuetan oinarritutako hitzak. Iker Uribek plaza zeharkatzen duen murala egin zuen. Urte hartatik udalak eta taldeak elkarlanean lastailaren 28tik gertu dagoen asteburu batean memoria ekitaldia antolatzen dute urtero.
Eraildakoak
Silverio Astiz Lakuntza 1877ko garagartzaroaren 20an jaio zen. Ramon eta Gregoriaren semea, Nicolasa Ezkurdia Garziandiarekin ezkondua zegoen eta seme bat zuen. Nekazaria eta UGTko kidea, Uharte Arakilgo alkatea zen, 59 urte zituela, atxilotu eta espetxeratu zutenean. 1936ko lastailaren 28an fusilatu zuten, ustez Iberoko Zurbao dermioan, baina han opatutako gorpuzkien artean ez zuten identifikatu.
Silverio eta Nicolasaren semea, Silverio Astiz Ezkurdia, 1915eko garagarrilaren 20an jaio zen. UGTko kidea zelako atxilotu eta espetxeratu zuten. 21 urte zituela hil zuten, aitarekin batera, 1936ko lastailaren 28an fusilatu zituzten, ustez Iberoko Zurbao dermioan, baina han opatutako gorpuzkien artean ez zuten identifikatu.
Victor Martirena Alegria UGTko kidea zen. 26 urte zituela atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Iberon erailtzeko atera zuten espetxetik. Haren gorpuzkiak Iberoko Zurbao hobian opatu zituen Arantzadi zientzia elkarteak 2015eko abenduan, eta 2017ko azaroaren 4an Uharte Arakilgo hilerrian lur eman zioten.