Trenbidearen istorioak

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 31a, 13:23

Uharte Arakilgo tren istripuaren oroigarria.

Uharte Arakilgo tren istripua gertatu zela 25 urte betetzen dira gaur. Urte bat beranduago blokeo sistema aldatu zuten, istripua ekidin zezakeena, Juan Carlos Calleiras eta Luciano Agirre Goikoetxea trenbideetako langileek azaldu dutenez.

1997ko martxoaren 31, astelehena zen, eta Hego Euskal Herrian jai eguna zen; Aste Santuko oporren azken eguna. Bartzelonatik atera zen Miguel de Unamuno Intercity trenean 248 bidaiari zihoazen. Irun zen helmuga. Baina trena ez zen iritsi. 19:40ean Uharte Arakilgo tren geltokitik gertu trena errailetatik atera zen hemezortzi hildako eta 115 zauritu eragiten; hildakoen artean emakume altsasuar bat zegoen. 25 urte pasa dira Nafarroako tren istripu larrienetarikoa gertatu zela.

Tren istripu bat "zenbait eragileengatik" gertatzen dela esan du Juan Carlos Calleiras Vital Altsasuko tren geltokiko zirkulazioko faktoreak. Duela 25 urte, Uharte Arakilgo tren istripua izan zenean, maniobra langileburua zen eta, dagoeneko desagertu den postua, eta ezbeharraren istripua oporretatik bueltan zetorrela ikusi zuen, taberna batean kafe bat hartzera gelditu zirenean. "Etxera itzuli ginenean tren geltokira joan nintzen, uste nuelako lan handia egongo zela, eta bertan pixka bat laguntzen egon nintzen".

Trenak Altsasuko geltokian gelditu zituzten, "ezin ziren pasa" eta, gehien bat, telefono mugikorrak existitzen ez ziren garai hartan, telefono dei pila bat jasotzen ari ziren geltokian. "Ni deiak erantzuten egon nintzen. Jendeak deitzen zuen haien senideengatik galdezka, eta guk esan behar genien ez genuela informazio hori". Iritsi zitzaien informazio bakarra "oso larria" izan zela eta hildakoak egon zirela izan zen. "Hemengo langile batzuk laguntzera joan ziren, eta horregatik sarituak izan ziren, eta izugarria zela esan zuten. Gainera, Altsasuko jendea zegoen, ezagunak ziren".

Luciano Agirre Goikoetxea urdiaindarra tren gidaria da. 1997an Ordiziko tren geltokiko txarteldegian lan egiten zuen. "Egun horretan Iruñeko ospitaletik itzultzen ari ginen eta istripua zegoela ikusi genuen. Aurretik nire koinatua zena zihoan, eta laguntzera gelditu zen. Guri ez ziguten utzi sartzen, eta atzeko bidetik bidali gintuzten".

Istripua

1997ko Uharte Arakilgo tren istripuan zenbait eragilek eragina izan zuten

Eragile bat bakarrik ematen denean ez dela istripurik egoten azaldu du Calleirasek. Uharte Arakilgo kasuan zenbait eragile pilatu ziren. Miguel de Unamuno Intercity trena 137 kilometro orduko abiaduran zihoan, 30 kilometro orduko tarte batean. Normalean tren horrek Gasteiz-Iruñea bidaia egiten zuen erdi distantziako batekin gurutzatzen zen Etxarri Aranatzen, baina egun horretan Uharte Arakilen egin behar zuten bidegurutzea. "Ordutegia aldatuta zekarren eta aldaketa Uharten egitea erabaki zuten", azaldu du Calleirasek. "Normalean erdi distantziakoa alde batera gelditzen da, eta Intercitya, azkarra, bide beretik joaten da. Baina alderantziz egitea erabaki zuten denborarekin zihoalako, eta bestea atzeratuta zihoalako". Garai horretan seinale sistema "XIX. mendekoa" zela salatu dute bi trenbideetako langileek. "Oso zaharra zen, oso txarra, palankekin egiten zen; seinale semaforikoak deitzen zirenak".

Ez zirela semaforoak", azaldu du Agirrek; "paleta batzuk ziren eta pasatzeko paleta zutik egon behar zuen, hurrengoan itxoiteko erdiz egoten zen eta horizontalean itxita zegoela esan nahi zuen". Paleta erdiz bazegoen frenatu behar zutela esan nahi zuen, "suposatzen zelako hurrengoa itxita egongo zela". Makinistek Sakanako lerrora "izugarrizko beldurra" zietela esan du Agirrek, "beste trenbide saretatik zetozen blokeo automatikoarekin" eta hemen sistema zaharra zuten, "egunez eta udan ongi ikusten zen, baina gauez eta edozer gauza duzula…". Istripuaren ondoren "berehalaxe" aldatu zuten sistema, "hurrengo urtean".

Istripuaren ondoren blokeo sistema aldatu zuten, automatikoa jarriz

Blokeo automatikoa edo ASFA (seinaleen iragarpena eta frenatze automatikoa; gaztelaniaz, Anuncio de señales y frenado automático) jarri zuten, "lurrean baliza batzuk daude eta seinalea baino lehenago esaten dizu nola dagoen seinalea eta frenatzera behartzen zaitu". Trenaren abiadura murrizten doa, "eta ez baduzu hori egiten trena gelditu egiten da, makinak agintzen dio trenari". Sistema honek istripua ekidin zezakeela aipatu dute.


ASFA segurtasun balizak Uharte Arakilgo tren geltokia. 

Uharte Arakilgo tren istripuan eragin zuen beste faktore bat "makina oso pisutsua" zela gaineratu du Calleirasek. "Oso indartsua zen, 100 tona baino gehiago pisatzen zuen eta frenatzerakoan makina horma bat bezala gelditu zen eta bagoiak gainetik igo ziren". Makina trena bezain pisutsua zela esan dute.

Istripuaren ondorioz tren gidaria eta laguntzailea Iruñeko Epaitegi Penalean epaituak izan ziren. Makinista bi urte eta erdiko espetxe zigorrarekin zigortu zuten, hemezortzi zuhurtziagabetasun homizidioarengatik, 80 lesio delitu zuhurtziagabetasun larriagatik eta lau lesio faltengatik. Hala ere, epaitegi berak indultua eskatu zuen uste zuelako espetxean sartzeak ez zuela gertatukoarekin proportzionaltasuna gordetzen. Bestetik, tren gidariaren laguntzailea 120.000 pezetako isunarekin zigortua izan zen, gutxiengo espetxe zigorragatik aldatu zutena.

Baldintzak
Horrelako istripu batek "markatzen" duela esan dute. "Aurretik sistema osoa salatu genuen, baina erantzuna zen ez zegoela dirurik, istripua izan arte", azaldu du Calleirasek. "Dirua ez zegoela… Obra berriak egiteko beti dago dirua, baina mantentzeko ez dago dirurik. Ia datorren urterako, bestela ez dakit zer plan etorriko da hemendik lau edo bost urtetara, ea sartzen den dirua… Azkenean, denbora pasatzen da eta ez da berritzen", salatu du Agirrek.

Bizitza, bitartean, azkarrago doa. "Aurreko sistema horrekin 60 edo 80 kilometro orduko joaten bazara sustoa har dezakezu, baina 140 kilometro ordura, bost minutu galdu dituzula eta ea berreskuratzen dituzun, beti presioarekin". Agirrek orain merkantziak eramaten ditu, "eta hamar minutu edo ordu erdi berandu iristen zarenean, ez da ezer gertatzen". Baina jendea eramaten dutenean "beti dago orduen gauza, puntualitateen gauza, eta hori dena gehitzen doa". Egoera horretan gidarien lana ez da bakarrik gidatzea: "Trena garaiz eraman behar duzu, galtzen duzun denbora berreskuratzen saiatu behar zara; dena buruan duzu".

Calleirasek azaldu duenez, tren bat berandu iristen bada, oraindik ere diru erreklamazioak egin daitezke. "Beste garraiotan ez da gertatzen, baina trenean mantentzen da. Zenbait minutuengatik txartelaren ehuneko bat itzultzen dute". Ondorioz, enpresak makinistak "presionatzen" ditu denbora irabazteko edo ez galtzeko.

Aldaketak
Istripuaren ondoren, beraz, blokeo automatikoa edo ASFA sistema jarri zuten Sakanako trenbidetan. Sistema hau geltokietatik edo Miranda de Ebroko aginte postutik kontrolatzen dute. "Geroz eta geltoki gutxiago daude. Lehen Altsasun, Etxarri Aranatzen, Uharte Arakilen, Izurdiagan eta Zuastin zeuden. Gaur egun, Altsasu da", azaldu du Calleirasek.

Altsasuko apeaderotik Cementosera alde batetik eta zerrategia zenekora beste aldetik geltokiak kontrolatzen du, eta batzuetan Miranda de Ebrok eta Madrilek ere "agintea" hartzen dutela esan du altsasuarrak; beste guztia Miranda de Ebrotik kontrolatzen dute. Agirre: "Nondik zoazen ikusten dute, eta beraiek mugitzen dituzte estazioetako orratzak". Geltokietan geroz eta langile gutxiago dago: "Geltokian pertsonala badago beraiei esaten zaie maniobrak eta abar egiteko, bestela Mirandatik egiten dute".

Trenbideetako langileak
Luciano Agirre Goikoetxea urdiaindarraren aitak trenean lan egiten zuen eta soldaduska egin behar zuenean, bertan egiteko aukera izan zuen. 19 urterekin sartu zen. "Trenbide lanak egiten egon naiz, bagonak engantxatzen, Zumarragan, Irunen…". Gallardo lankideak esan zion "trenbidetik azkar kentzeko" eta txarteldegian sartu zen. Ikastaroak egin zituen eta Ordizian txarteldegian egon zen zortzi urtez. Gero makinista izateko beste ikastaro bat atera zen eta sartu zen. Bilbon egin zuen kurtsoa. "Azken urtetan hor egon naiz, Irunen. Batzuetan Iruñetik jartzen naute, baina residentzia Irunen daukat". Bidaiariekin ere ibili izan da Agirre, lau urte Donostiako aldiriak eraman zituen, "baina jendearekin ibiltzea izugarria da. Estres gehiago". Altsasutik Donostira oso goiz hasten zen eta oso berandu bukatu.


Luciano Agirre Goikoetxea, tren makinista eta Juan Carlos Calleiras Vital, tren geltokiko faktorea. 

Juan Carlos Calleiras Vital altsasuarraren aita trenbideetako langilea zen ere. Calleirasek ez zuen soldaduska egin, eta soldaduskara joan aurretik sartu zen trenbidean lan egitera. "Deialdi bat egin zuten azterketa Deuston egin behar zutelako. Zonaldeko deialdia zen, eta 4000 pertsona inguru sartu ginen azterketa egitera. Plaza batzuk zirkulazio faktorea izateko ziren, baina postuak baino askoz ere jende gehiago zegoen. Orduan, langileen semeak ginenak, greba baten bitartez hitzarmen batera iritsi ziren eta gainditu genuenean artean espazialista eta peoia izateko deialdi bat egin zuten eta deitzen joan ziren". Espezialista bezala hasi zen eta gero orratz zaindaria izan zen, postu honetan egon zen azkenekoa izan zen; ondoren maniobra langileburua izan zen, lanpostu honetan azkena, eta gaur egun zirkulazio faktorea edo zirkulazio arduraduna da. Lanpostu bakoitzean lan egiten hasteko ikastaroak, azterketak eta abar egin behar dizute. Calleiras Zumarragan eta Beasainen egon zen ere.

Desagertuz

1980ko hamarkadan Altsasun 114 langile zeuden, gaur egun 23

Callerias 1982an hasi zen Altsasuko tren geltokian lanean eta momentu horretan 114 langilek lan egin egiten zuten bertan. Gaur egun, 23 bat pertsona daude, zerbitzu guztiak kontuan hartuta. Duela 40 urte, Etxarri Aranatzen geltoki burua, faktorea eta espezialista zeuden, hiru langile, baita Uharte Arakilen ere. Burua goizez joaten zen, faktorea arratsaldez, hamabi orduko jardunaldiak izaten ziren eta gero ordezko bat zuten, atsedenak egiten zituena; egun batean Uharte Arakilera joaten zen, beste egun batean Etxarrira, beste batean Izurdiagara eta beste batean Zuastira, titularrei jai egunak emateko. Zuastin izan ezik, espezialistak tren geltoki bakoitzean zeuden.

"Gaur egun, Sakana osoan, Altsasuko 23ak gelditzen dira. Txarteldegia desagertu da eta batzuetan pertsona bakarra dago lanean; beste batzuetan, inor ez". Zirkulazio burua egoten saiatzen dira, baina bestela agindua Mirandara bidaltzen dutela azaldu du Calleirasek, "eta listo". Gauetan izan ohi da, tren "askoz gutxiago" pasatzen direnean. "Teknologia garapena dagoenean, pertsonala atzera doa", esan du Agirrek.

Banaketa
Geroz eta trenbideetako langile gutxiago dago, eta, gainera, "pertsonala zaharra da, oso zaharra". 2005. urtean Renfe zena bitan banatu zuten: Renfe eta Adif (trenbidetako azpiegituren administraria; gaztelaniaz, Administrador de Infraestructuras Ferroviarias). "Egun batetik bestera izena aldatu zuten, nire kasuan, Renfe deitzen den horretan gelditu nintzen", aipatu du Agirrek. Zati batek publiko izaten jarraituko zuen, baina pribatizatzeko ideiarekin egin zuten banaketa. Hortaz, Adif administrazioaz, trenbideaz eta abarraz arduratzen da, eta Renfe pertsonalaz eta abarrez.

Langileria ere bitan "gutxi gora behera" erdian banatu zuten, baina goi karguak "bikoiztu" zituzten. "Presidente bat izatetik bi izatera pasa ziren, baina beheko karguetan erdira murriztu zituzten". Agirre lanean hasi zenean estatu osoan 60.000 edo 70.000 trenbideetako langile ziren. Orain, Renfen, 14.000 langile dira; "5.000 bat tren gidari izanen gara, eta gero interbentoreak, txarteldegitako langileak…". Adifen langile gutxiago direla esan du Calleirasek, "Espainiako Estatua da biztanleritzat trenbideetako langile gutxien dituen herrialdea". Altsasun 500 langile izatera iritsi zen, "makina depositoa izan zuenean, denetarik zegoen, lanpostu guztiak zeuden".

Gazteak eta emakumeak
Trenbideetako langileek hegazkin piloto batek edo kontroladore batek pasatzen dituen proba psiko-fisiko guztiak pasatzen dituztela esan du Calleirasek. Osasun egoera perfektuan egon behar dute. Makinistek urtero egin behar dituzte probak, eta bestelako lanpostuetan 50 urtera arte bost urtero, 50 eta 60 urte bitartean, hiru urtero, eta ondoren urtero.

Gaur egun makinista "gaztetxoagoak" sartzen ari direla esan du Agirrek. "Akademia batean ikasi behar dute, ikastaroak 22.000 euro inguru kostatzen duela, trenak gidatzeko karneta atera behar dute eta gero zortearekin Renfek edo enpresa pribatu batek kontratatzen ditu". Ikastaro horiek Espainiako Ministeritzak homologatuak izan behar dute, eta azken aldia Renfen lanean sartzeko "nahiko deialdi" egiten dituzte. Pixkanaka emakumezko tren gidariak sartzen ari direla esan du Agirrek. "Belaunaldi berrietako batzuk ari dira sartzen". Altsasuko tren geltokian, aldiz, momentu honetan, emakumezkorik ez dagoela esan du Calleirasek.

"Jendea jubilatzen ari da, 1980ko hamarkadan sartu zen jende gehiena jubilatzen ari da orain. Horiek ordezkatzeko azken momentura arte itxoiten dute, ez dute ezer egiten, eta jubilatu behar denean azkenean egunean jendea prestatzen hasten dira, eta, gero, erokeri bat da". Agirrek kontatu duenez, Irunera kanpotik etorritako jende asko joaten da prestatzera, lanean hasten dira, "baina gehienak haien herritara hurbiltzeko aukera dutenean joaten dira. Aldirietan hogei bat joan dira, eta, orduan, etortzen den jende berria berriz trebatu behar duzu: tokia erakutsi, lana, martxan hasi…".

Ez da hilabete batean trebatzen zaren lan bat. Ikastaroak, praktikak…", azaldu du Calleirasek. Altsasuko tren geltokian, esaterako, zuzenean agindu postura sartzen dira, "etorkizuna dela", esan duenez hori baita geldituko den lanpostua. "Geltokiak pixkanaka ixten doaz". Geltokiko langileen artean gazteenak 40 urte inguru ditu.

63 urterekin jubilatzeko aukera dute, "baina plaza mugatuekin. Estatu mailan 500 jubilazio plaza egon daitezke, baina agian 1000 eskaera daude". Hurrengo deialdian, beraz, langile horiek 64 edo 65 urte izanen dituzte. Geltokiko langileen kasua da, "txarteldegian edo tailerrean lan egiten dutenak", tren gidariek "murriztua" dutelako, Agirrek azaldu bezala. "Hamar urteko lan esperientziarekin, urte bat jaisten da jubilazio adina". Makinisten eta arriskua suposatzen duen lanpostuetan dute murriztua.

Etorkizuna

Betiko trena hondatzen doala salatu dute trenbideetako langileek

"Betiko trena hondatzen doa, hemen, Altsasun. Erdi distantziarekin obligazioa dute zentzu bakoitzean hiru tren jartzeko. Zaragozatik Gasteizera hiru tren alde batera eta hiru bestera jartzen dituzte. Baina ordutegiak ez zaizkie inporta", azaldu du Agirrek. Altsasutik Iruñera trena 10:25ean da, "nor joan behar da ordu horretan? Jarri beharko zuten ikasleendako edo lanera joaten den jendearendako. Ez dute hori begiratzen". Obligazioa dutenez, tren gidari baten jardunaldia jartzen dute ibilbide hori egiten, "eta listo. Batek egiten badu, ez zaie inporta. Trena hutsik badoa, ez zaie inporta". Calleirasek gaineratu duenez, tren horiek astelehenetik larunbatera daude bakarrik, "igandetan ez dago ezer". Lehen Irundik 06:00etan tren bat ateratzen zen eta Gasteizera 08:05ean iristen zen. "Trena betetzen zen, Irundik jendea ateratzen zen, baina gehien bat Donostian, Tolosan, Billabonan, Tolosan, Altsasun… ez dut inoiz hainbeste jende ikusi tren geltokian itxoiten". Baina koronabirusaren ondoren tren hori kendu zuten, "eta ez da gehiago aipatu. Horrela asko". Langile eta ikasle asko tren horretan mugitzen ziren, "Notaritzako administrariak, Josefina Arregin lan egiten duen pertsona bat… Orain kotxean etortzen dira".


Trena Altsasuko geltokian.

Irun-Gasteiz trenak bidaiariak galdu ditu ere Hendaiatik hirugarren haria jartzeko obren ondorioz, Agirrek azaldu duenez. "Zazpi urte inguru daramatzate obretan". Europako trenak Donostiaraino sartzeko hemengo trenbidean hirugarren haria deitzen zaion bidea egiten ari dira, "Europako zabalerarekin, pixka bat meheagoa", eta hori egiteko tunel bat handitu behar zituzten. "Obrak enkantean atera zuten eta proiektua, esaterako, 100 milioi eurotan aurreikusi bazuten, pentsa lau enpresa atera zirela: batek 85 milioitan egingo zuela, beste bat 50 milioigatik… ezinezkoa dela. Baina horri ematen diote?". Obrak hasi zituzten eta sei hilabetetan, tunel erdia egina zutenean, enpresak porrot egin zuen. "Ordutik obra geldirik dago". Irundik bidaiari asko Donostiara joaten ziren, eta orain ezer gabe gelditu direnez, azkenean, jendeak Eusko trena hartzeko ohitura hartu duela esan du.

Abiadura Handiko Trena
Betiko trena hondatzen doan bitartean, AHTaren "obra berriak egiteko arazorik ez" dutela salatu dute. "Diru publikotik etortzen den guztia hormigoira bideratzen dute. Eta berdin zaie gero trena ez gelditzea. 25 urte obra egiten. AHTaren ibilbide hori duela 25 urte egin zuten, eta egun ez du Europako segurtasun legedia betetzen. Berritu beharko zen". Estreinatu aurretik zahartu da. "AHTak ez du trenaren egoera konpontzen. Bartzelonara edo Madrilera urtean behin joango zara lau ordutan. Ongi. Baina horrek zer konpontzen du?". Egunerokotasuneko bidaiak egiteko jendeak kotxeak hartuko dituela esan du Agirrek.

AHTa jartzeko Nafarroako kasuan dagoeneko dagoen trenbidearen ondoan bigarren bide bat jartzearekin "nahikoa" izango zela esan du Calleirasek. "AHTak kostatuko duenaren hamarrenaz hitz egiten ari gara". "Agian trena ezin da 310 kilometro ordukora joan, baina 200ra Iruñetik Madrilera hiru ordu dira. Madrilera ordu batean iritsi nahi duzu? Zertarako?", gaineratu du Agirrek. Txartelen prezio altuak kritikatu dituzte ere. Calleiras: "Beti esan da AHT dela guztiok ordaintzen dugun tren bat, baina gutxi batzuk erabiltzeko".

Abiadura handiko trenaren geltokiak hiri handiak lotzeko pentsatu dutela esan dute. "Iruñeko alkateak bertan baietz eginen dutela. Ari da pentsatzen zer nolako pelotazo urbanistikoa egingo duten inguruan". Iruñean beste motatako tren bat behar dutela uste du Agirrek. "Iruñea osoari buelta ematen duen tranbia bat behar dute, geldiuneak egiten dituena. Hori eskatu beharko zuen". Hiri handiak lotzen badituzte, Nafarroa bezalako herrialdeak "hustuago" geldituko ziren.

Tren soziala
Trenbideetako langile gehienak tren sozial, ohikoa eta normalaren alde agertu direla esan du Calleirasek. Aurreko urtean Nafarroako Adif-eko enpresa batzordean gehiengoarekin AHTaren kontrako plataformaren aldeko manifestua sinatu zuen. "Herriak batzen dituen trenaren alde, herritarrak eramaten dituena, eta lanpostuak sortzen dituena". Baita kotxeak kentzen dituena ere.

Baina politikariek obra berriak sustatzen dituztela salatu dute. Calleiras: "Trenbidea ongi konpontzen ekonomikoki ere asko mugitzen da". Ez zaie interesatzen. Agirre: "Baina politikarien lagunen enpresak mugitu nahi dituzte, makinaria handiak, obra handiak, autopistak, urtegiak… Horregatik egiten dute". Madrilgo autopista berrien adibidea jarri du, azkenean Espainiako Gobernuak interbenitu behar izan zituena, "ez zelako inor ibiltzen".

Bitartean, betiko trenerako ez dute inbertsiorik egiten. "Irunen egunero matxuraren bat dago. Ez dituzte tren berriak erosten". Erdi distantziako trenak oso zaharrak direla esan dute. "Gurpil zoroa da. Bidaiarien jaitsieran baliatzen dira tren gehiago ez jartzeko, baina haiek probokatu dute egoera hori tren eta ordutegi gutxi jartzen", esan du Calleirasek.