Garabia bilduta, eramateko zain dago Aralarko santutegiaren ipar-mendebaldean. Lakuntzetxe edo Deierri etxea berritzeko lanetan erabili dute. Harria garbituta, leiho berriekin, eder luzitzen du hiru solairuko eraikinak. Barruan hainbat gremioetako langilean ari dira lanean. Aralarko santutegirako 2018an egindako 2030era arteko estrategia planean jasota dago lan hori, lehen fasea dena. Eraikina garilaren 3an mustuko dute. Baina horren aurretik beste lan bat hasiko dute kisusgileek, eta egin ahal izateko zeuden trasteak ateratzen egon ziren joan den astean. Santutegiaren sarrerako pasabidea eta garai batean ostatua hartu zuen eraikina lotuta daude. Atearen ondoan dagoen espazioa, lehen bi leihoak hartzen dutena, hutsik zegoen eta han harrera gunea, denda eta komunak eginen dituzte.
Aralarko kaperau Mikel Garziandia Goñik azaldu duenez, hastear diren lan horiek estrategia planaren bigarren fasea dira. Garziandiak azaldu duenez, "lanak lehenbailehen hasi eta bukatu nahi ditugu, udarako martxan izan nahi baitugu". Gogoratu baitu Lakuntzetxe zabaldu ondoren haren erabiltzaileei zerbitzu emanen diela. Kaperauak argitu duenez, "lanak iraun bitartean mezak normal egonen dira eta santutegia ohi bezala bisitatzeko aukera ere egonen da".
Aste honetan hasi diren lanek 120.000 euroko aurrekontua dute. Lanek Nafarroako Gobernuaren Mecna zigilua edo kultur mezenazgoaren aitortza dute. Beraz, haren bidez diru ematen duten pertsonek edo enpresek errenta aitorpenean kenkaria izanen dute. Esaterako, 150 euro arte ematen dituzten pertsonek %80ko kenkaria izanen du. 150 eurotik gora ematen dutenek %40ko kenkaria dute. Enpresen kasuan, emandako zenbatekoak Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria murrizten du, gastu kengarritzat hartzen baita, eta, gainera, kuota likidoaren %30eko kenkaria lortzen da lehenengo 300 euroetan eta %20koa hurrengoetan. Ekarpenak ES11 3008 0045 9840 7184 5517 kontu korrontean sartu behar dira, "Aralarko santutegia Mezenazgoa" dela zehaztuz. Garziandiak lanak bide horren bidez finantzatzea espero du: "Lakuntzetxeko lanak ordaintzeko mezenazgo kanpainaren bidez 126.000 euro lortu genituen; 24.000 euro 2020ko azken hiru hilabeteetan eta 102.000 euro joan den urtean". Aralarko aingeruaren irudia herriz herri egiten duen ibilbidea, herrietan dauden anaiak, santutegiak egin duen bideoa, guztiak egitasmoen berri emateko bideak dira.
Lakuntzetxearen mustutzea
Mende erdia erabili gabe egon ondoren, eta santutegiarendako arriskua izan zitekeelako, Lakuntzetxe edo Deierri etxea berritzeko lanak 2020ko maiatzean hasi ziren. Lehen solairuan santutegiari buruzko interpretazio gunea hartuko du. Garziandiak aurreratu duenez, "espazio bizia izatea nahi dugu. Ukimen pantailen, ikus-entzunezkoen eta atzetik argiztatutako panelen bidez ezagutaraziko dira santutegiaren erlijio, historia eta kultura alderdiak. Esaterako, erretaula oso tamaina handian ikusgai egonen da. Historian barna egindako ibilbidearen gidaria hemendik Jerusalemera milagarren urte inguruan joandako talde bateko emakumezkoa izanen da". Lehen solairuan erabilera anitzeko aretoa egonen da, "edozein ekintza, ikastaro edo jardunaldi hartzeko. Guardetxea eginen da, baina, momentuz, Aralar inguruko jarduerei toki egiteko espaziorik ez dago eta hori izan daiteke", azaldu du kaperauak. Bigarren eta azken solairuan kofradiaren eta santutegiko historia artxiboa eta lan gune bat egonen dira. Azken hori "ikerketa lanak eta halakoak egiteko balioko du. Udan, bi hilabetez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ikertzaile egonen dira han lanean".
Garziandiak azaldu duenez, garilaren 3an, 12:00etan behe eta bigarren solairuak mustuko dituzte. Erabilera anitzeko gela janztea besterik ez da faltako eta ekarpenekin hori egitea espero dute. Eguerdiko mustutzearen ondoren, 12:30ean meza izanen da santutegian eta haren ondoren Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertua eskainiko du.
Hirugarren fasea
Santutegiaren estrategia planena jasoa dagoen hurrengo pausoa ostatua berritzea da. 30 bat logela ditu eta guztiz berritu behar dira. Garziandiak azaldu duenez, Italiako eta Frantziako San Migueli eskainitako beste bi monasteriorekin batera Europako Kultur Ibilbide proiektua lantzen ari dira, San Miguel bideak. Urtearen bigarren zatian proiektua lotuko dute aldeek. Bulkada hori lortuta, santutegiaren estrategia planeko hirugarren faseari ekinen liokete eta, gauzak ongi, 2023an ostatua berritzen hasiko lirateke.