Lau Uharteak lotzen dituen ibilbidea liburuan jasoko da

Guaixe 2022ko eka. 9a, 09:01

Uharte Arakilgo ikuspegia. ARTXIBOA

Kultura, kirola eta turismoa batzen dituen proiektua; lau herri nafarren arteko loturak estutzea du helburu.

Uharte Garazi, Uhartehiri, Uharte Iruña eta Uharte Arakil batzen dituen ibilbidea sortu zuen Juan Mari Feliuk azken aurreko herriko zinegotzi zela. Euskal kultura, kirola eta turismoa batuko dituen ibilbidea da, lau herrien arteko lokarriak estutzeko helburua duena. Ibilbidearen berri zabaltzeko Udalbiltzak liburua argitaratuko du eta, horretarako, udal bakoitzak hitzarmena sinatu du erakundearekin. Horren arabera Uharte Arakilgo Udalak 500 euro emanen ditu eta 500 liburu jasoko ditu. Hitzarmenak ateak zabalik utzi du etorkizunean lau herriek elkarrekin jarduera gehiago egiteko.

Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “2020an egiteko asmoa genuen, baina pandemia iritsi zen eta guztia gelditu genuen. Udal bakoitzak diru ekarpenak proportzionalki eginen dugu. Eta udalek duten gogoen arabera hitzarmena ”. 

Ibilbidea 
Uhartehirin hasten da, Sohiartzetik, Haranbeltzeko kaperatik, Latsaga nahiz Lakarrako jauregietatik eta Uharte Garazitik pasatzenda eta Nafarroa Garaiko Luzaide herrian bukatzeko. Luzaidetik Ibañetako mendatea pasa eta Orreagara helduko ginateke, Auritz, Erro eta Zubiri zeharkatzen du bideak Uharte Iruñean bukatzeko. Han, Arga ibaiaren parkeari jarraituz, Arazurira pasa eta Oskiako harrate ikusgarrirantz jotzen du ibilbideak Oltza eta Lete-Iharte atzean utziz. Irurtzundik, Uharte Arakilera iritsiko da. Horrek aukera emanen du Aralarkoa santutegira igotzeko eta Aralar mendian zenbait trikuharri bisitatzeko.