Hodei Arada

"Adano ume onkologikoei eta bere familiei behar duten guztia asetzen saiatzen da"

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 4a, 13:30

Uharte Arakilgo Adanoren aldeko elkartasun eguna. Atzean, Adanoren postuan, Hodei Arada idazkaria.

Adano elkarteko idazkari Hodei Aradak elkarteari buruzko informazioa eman eta elkarteari laguntzeko bideak azaldu zizkien Uharte Arakilgo Adanoren aldeko elkartasun erronkara hurbildu zirenei

Ekitaldi polita antolatu dute Uharte Arakilen Adanoren alde.
Bai, oso bitxia. Boluntarioek antolatu dute, gure elkarteko Lucasen eta Aritzen familiakoek, bereziki. Juntan urtebete daramat eta semearekin lau urte egon gara tratamenduan. Ez zait halako jaialdi askotan egotea egokitu, baina polita izan da.

Zeintzuk osatzen duzue Adano elkartea?
Juntan batez ere seme-alabak minbiziaz gaixo ditugun gurasoak eta senitartekoak gaude, baina bazkideen eta kolaboratzaileen artean denetatik dago. Nahi duen oro izan daiteke. Badago jendea agian euren seme alabak 25 edo 30 urte dituztenak, txikitan gaixo egon zirenak eta oraindik bazkide izaten jarraitzen dutenak. 

Zure semea gaixotu zenean, Adano elkartearen babesa eskertu zenuen?
Erabat. Laguntza ematen dute, kolaborazioa, egoera berean dauden beste familia batzuk ezagutzen dituzu... Babes handia da, halako egoeran beharrezkoa. Azkenean minbizia sekulako shocka da, ez duzuna espero, eta oso zaila izaten da familiarendako. Egoera berean dauden familiekin egotea edo egoera hau aurretik pasa dutenekin egotea lagungarria da. 

Uhartea Arakilgo jaialdian jaso den guztia elkartearendako izango da, zuen egunerokoa aurrera eramateko, beharrezkoa. 
Bai, edozein laguntza beti ongi etortzen da eta beharrezkoa da. Ez bakarrik laguntza ekonomikoa, baita boluntarioak lortzea, edo kolaborazioak... Etortzen den guztia ongi etorria izango da. 

Zer eskaintzen du Adanok?
Adanok ume onkologikoei eta bere familiei laguntza eskaintzen die. Bai laguntza psikologikoa, bai soziala, ekonomikoa, behar baldin badute... Arlo guztietan egoten saiatzen gara. Lau langile ditugu: psikologoa, familia laguntzailea, gizarte hezitzailea eta administraria. Lau langile dira, eta guztien artean saiatzen gara familiek behar duten guztia asetzen. Adibidez, haurrak tratamenduan daudenean batzuetan beste toki batzuetara joan behar dira: Valentzia, Bartzelona, Madril... Familiei bertan pisuak alokatzen laguntzen zaie, badaudelako batzuk Espainiako elkartekoak, paper eta baimen kontuak egitea, anbulantziak behar badira edo bestelakoak. Burokrazia lan handia dago.