Astekaria

"Erronkan bi ordu azpian egitea oso lan ona zen niretzat, eta denbora jaitsi dut"

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 3a, 11:00

Adanoren aldeko Uharte Arakilgo elkartasun erronkako txapelduna izan zen Arkaitz Jauregi Gorrotxategi Altsasun bizi den aizkolari ilarduiarra. Kanako enborra erdibitu eta gero, Beriain igo eta jaitsi zuen, 1:40:12-ko erregistroa eginda.

Erronkako izen propioa zara. Zu izan zara kanako enborra moztu eta Beriainera igo eta jaitsi den bakarra, eta hala ere txapeldun izan zara. Espero al zenuen?
Ez nuen espero. Pentsatzen nuen lan guztia bi ordu azpitik egiten banuen oso lan ona izango zela eta gehiago jaitsi dut denbora. Egurra mozten gustura sentitu naiz, eta Beriaingo igoeran, hasieran pixka bat sufritu dut, baina gero ongi. 

Kana bat zen, ez ohiko enbor bat.
Kanako egurra txapelketetan mozten ez den egurra da, egur handia, bi metro eta erdi zirkunferentzia duen enborra. Nik uste dut denbora politean moztu dudala, 17 minututan, bigarren aldetik adarra atera zaidala kontuan hartuta. Oso gustura nago aizkoran egin dudan denborarekin. 

Aizkora lana bukatzean oso nekatuta zeundela zirudien, baina trago bat ur edan eta Beriain aldera korrika abiatu zara. Nola planteatu duzu trantsizio hori?
Askotan egin izan ditut halako erronkak. Egia da proba hau, konkretuki, ez dudala asko prestatu, jakin nuenetik denbora gutxi izan dudalako, baina neure burua ezagutzen dut eta trantsizio hori nola egin badakit. Egurra mozten nuen guztia eman dut eta jota bukatu dut, baina berehala pultsazioak pixka bat jaitsi zaizkit, korrika trote txikian hasi naiz, eta ongi. 

Aizkolaria zara, berez eta bizpahiru aste eskas izan dituzu erronka prestatzeko. Hala ere, korrika oso denbora ona egin duzu. 
Oso kontentu nago, Beriaingo gainean 50 minututan nengoelako. Hori, niretako, oso denbora ona da. Orain arte entrenatu dudanetan ez dut lortu denbora hori egitea. Gaur bai. 

Zerk bulkatzen zintuen? Kepa Gordo atzean segika zenuela, agian…
Hori batetik, gertu baitzegoen. Baina laguntza handia izan dut horren ongi ibiltzeko. Xabi Ganboa arruazuarrak eraman dit, berak markatu dit erritmoa; eta Ana Carmen Huartek lehendabiziko momentutik lagundu dit hidratazioa eta gelak emanez. Bazekien noiz eta zer hartu behar nuen, eta igoera guztian indartsu sentitu naiz. Horrek asko lagundu dit.

Eta hau guztia Adanoren aldeko jaian. Oso gertutik ezagutzen duzu elkartea, eta irabaztea, agian, ederrago izan da.
Polita izan da, baina nik uste dut kirolari guztiak irabaztera ateratzen garela. Edozein izanda ere helburua, gene hori dugu. Dena den, gaur irabazi duena Adano elkartea izan da, elkartasun handia lortu da hemen. Jende asko etorri da eta hori nahi zen, dirua lortzea, orain gaixo dauden umeak diru horrekin sendatzeko eta baliabideak izateko.  

Hemendik aurrera korrikalari, edo aizkoran jarraituko duzu?
Nik uste hemendik aurrera dena utzi beharko dugula, aizkora, mendia eta dena. Lehertuta bukatu dut (kar, kar).