Astekaria

Santutegiko ostatua eta aterpea berritzeak 2,5 milioiko balio du

Guaixe 2022ko aza. 14a, 09:10

Parlamentariak Aralarrera joan ziren. NAFARROAKO PARLAMENTUA

Bi urtetan eginen lirateke lanak. Denda, harrera eta komuneko lanak abendurako despedituko dituzte.

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Batzordeko eta Kultura eta Kirol Batzordeko lau parlamentari Aralarko San Migel santutegian izan ziren hilaren 8an. Joxe Mari Ustarroz Razkinek, Aralarko San Migel Kofradiako presidenteak, Mikel Garziandia Goñik, santutegiko kapilauak eta Juan Carlos Recio, santutegiko proiektuaren zuzendariak egin zieten harrera. Hirurek parlamentariei azaldu zieten esku artean duten proiektuaren nondik norakoak. 


Mikel Garziandia Goñi nartexean azalpenak ematen.

Santutegi ondoko eraikinei dagokienez, hurrengo fasean proiektuak ostatua birgaitzea aurreikusten du. 30 bat logela ditu. Horrekin batera, taberna eta jatetxearen azpian gazteendako aterpetxe bat egin nahi dute. "Gure ustez, urtean 78.000 bisitari jasotzen dituen santutegiak leku bat behar du jendea bertan geratzeko" azaldu zuen Reciok. Parlamentariei jakinarazi zietenez, lanek 2,5 milioi euroko aurrekontua dute eta bi fasetan eta bi urtetan eginen lirateke. Lanak egin ahal izateko, Aralarko San Migel Kofradiak parlamentariei eskatu die horretarako propio izanen den diru sail bat egotea Nafarroako aurrekontuetan.

Egindakoa
Parlamentariek santutegirako pasabidearen sarreran, ezkerretara, denda, komunak eta harrera hartuko dituen tokia ezagutu zuten lehenik. Pasabidean aurrera egin eta beste muturreko atetik Lakuntzetxeko eraikinera atera ziren. Haren berreraikitze lanak aurten despeditu dira. Parlamentariek haien inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten. Han, besteak beste, santutegiari buruzko museoa dago, lastailaren 16an ateak zabaldu zituena. Mikel Garziandiak azaldu zuenez, "jasoa dagoen Aralarko aingeruaren irudiaren lehen irteera Iruñeko Katedralaren sagaratzea zela eta izan zen. Museoaren helburua eliztarren debozioa eta esperientzia transmititzeko bide izatea da". 

Museoan bertan panel batek Inaziotar, Donejakue, Vera Cruz eta San Miguelen ibilbideak islatzen ditu. Hark balio izan zuen San Migelgo Gune eta Bideen Europako Sarea Europako Kontseiluaren kultur ibilbide gisa onartzeko eskaeraren berri emateko. Sare horren helburua da kultura, ondare monumentala eta erlijiosoa, turismo iraunkorra eta tokiko produktuak sustatzea. Ibilbide bihurtzeak aukera emango luke lekuak eta bideak egokitzeko eta sustatzeko Europako funtsen banaketan parte hartzeko. "Maiatzerako espero dugu Europaren erantzuna", azaldu zuen Garziandiak. 

Praktikan, Santiago eta Atlantikoko ertzaren arteko lotura sendotuko litzateke, eta, kokapen estrategikoa kontuan hartuta, San Migel santutegiari bultzada bat emango lioke, bideen lotura gune bihurtuko bailitzateke.