Aralarko santutegiaren sarrerako pasabidean, sartu eta berehala ezkerrera, kisusgileak lanean ari dira, eta hala segituko dute hilabete pare batez. Santutegiko harrera gunea, komunak eta denda egiteko lanak dira egiten ari direnak. Lanek 120.000 euroko aurrekontua dute.
Gauzak ongi udaberrirako guztia prest izatea nahi luke Mikel Garziandia Goñi kaperauak. Berak azaldu duenez, ″aurrekontuari aurre egiteko jendeak ekarpenak egin ditzake. Nafarroako Gobernuaren Mezenazgo Legearen baitan, lanek Mecna zigilua dute″. Horren ondorioz, ekarpena egiten duten pertsonek ematen duten diruaren araberako hobaria izanen dute errenta aitorpenean (%80koa 150 eurora arte ematen dutenek, hortik gora ematen dutenek %40koa). Enpresek, berriz, kenkaria izanen dute sozietateen gaineko zergaren aitorpenean. Dirua ES11 3008 0045 9840 7184 5517 kontu korrontean sartu beharko da, "Aralarko santutegia Mezenazgoa" kontzeptua jarriz.
Gidatutako bisitak
Santutegiak jende ugari erakartzen du eta azalpen gehiago nahi dutenek gidatutako bisita dute aukeran. Garziandiak jakinarazi duenez, halako bisita bat egin nahi dutenendako ordutegiak zehaztu dituzte. Asteartetik larunbatera 11:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 17:00etan izanen dira. Igandeetan, berriz, 10:30ean, 11:30ean, 13:30ean, 16:00etan eta 17:00etan. Orain arte pertsona bakoitzak gidatutako bisitagatik 2,5 euro ordaindu behar zituen. Baina hemendik aurrera bisita gidatuak museorako bisita ere hartuko du bere baitan eta prezioa hiru eurokoa izanen da. Izan ere, Lakuntzetxe edo Deierri etxearen beheko solairuan santutegiari eskainitako museoa dago lastailaren 16az geroztik.