Udalak mugaz gaindiko laguntzen deialdiaren aurkezpenean parte hartuko du

Guaixe 2023ko ots. 2a, 09:19
Baigorritik Uharte Arakilgo trail estazioa ezagutzera etorri zirenekoa. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak 2023rako mugaz gaindiko laguntzen deialdia aurkeztuko die gaur hainbat toki eta gizarte erakunderi, online mintegi baten bidez. Hitza hartuko dutenen artean Uharte Arakilgo udal ordezkariak daude.

Kanpo Ekintzak 2023ko mugaz gaindiko laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean aurki argitaratuko da. Deialdiak 40.000 euroko poltsa du, erdia toki erakundeendako eta beste erdia gizarte erakundeendako. Laguntzek deialdian zehaztutako gastuen % 100 estaltzen dute, proiektu bakoitzeko 5.000 euroko atari bat erabiliz.

Baina horren aurretik Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak deialdiaren helburua adibideekin aurkeztu die onuradun izan daitezkeen toki eta gizarte erakundeei. Horretarako, online mintegi bat antolatu dute gaurko. Hura Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perezek eta Udal eta Kontzejuen Nafarroako Federazioko jarduneko lehendakari Juan Carlos Castillok gidatuko dute. Joan den urteko parte hartzaileetako batzuek ere beraien lekukotza emanen dute: Garraldako eta Uharte Arakilgo udalak eta Ilundain Haritz Berri Fundazioko ordezkariak. Uharteko alkate Txomin Uharte Baleztenak trail estazioa dela eta Baigorri, Goierri, Tolosaldea eta Sakanaren artean garatu den mugaz gaindiko proiektuaren berri emanen du. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak itxiko du jardunaldia.  

Helburua
Ekimen honekin esperientzien trukea sustatu nahi da, baita sareen sorrera eta finkapena ere, horrez gainera hiritarren mugikortasuna, mugaz gaindiko eta Europa mailako gaien informazioa eta hedapena erraztu, testuinguru horretan oztopo juridiko eta administrazio arlokoak detektatzea bultzatuz.

Proiektu aurkeztuek mugaz gaindiko harremanak garatzeko eta sendotzeko ekarpena egin beharko dute turismoa, ingurumena, garapen jasangarria, toki ekonomia, kultura, ekintza soziala, gazteria, kirola, eleaniztasuna, memoria historikoa eta zahartze aktiboa bezalako arloetan.

Deialdia 2021-2024 Kanpo Ekintzako Planean datorren neurrietako bat da, zeinen 2. ardatzak (Mugaz Gaindiko Nafarroa) Nafarroaren muga-kokapena kapitalizatu nahi duen, lankidetzako foro eta programa europarretako partaidetza aktiboa dela medio, lurraldearen, bere Administrazio publikoaren nahiz agente sozio-ekonomikoen onura bilatuz.

Eskala txikiko proiektuak bultzatuz, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak etorkizun batean eskala handiagoko ekimenak bultzatzeko balio dezaketen sinergiak, harremanak edo kideak sortzea du helburu, adibidez, euro-eskualdeko eremukoak edo POCTEFA lurraldekoa (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzako Programa Operatiboa), zeinak sortu zenetik Nafarroa barne hartzen duen Pirinioetako Laneko Komunitateak kudeatzen duen.