Autobus markesinatik zubiraino zuzen doan kalea da Erreka kalea, Uharte Arakil iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena, 325 bat metro luze. Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsio Planean 2021etik jasoa dago lan hori. Sareak eta zoladura berritu nahi ditu udalak. Dirulaguntza eskaera 2017an egin zuen udalak. Han jasotako aurrekontua, ordea, motz gelditu zen pandemia eta Ukrainako gerraren ondoren izan den prezioen hazkundearekin. Aurreikusitako aurrekontua bikoiztu egin zen, 1,6 milioira iritsiz.
Uharte Arakilgo Udalak foru administrazioko hainbat ate jo eta zenbait bileraren ondoren, lanendako finantziazioa lotzea lortu zuen. Gaur egun, lanak emateko pausoa Ingurumen Departamentuaren zain dago. Karrikaren izenak dioen moduan, haren azpitik kanalizatutako erreka bat pasatzen da. Lurpeko errekak izan dezakeen ur emariaren inguruko ikerketa egin zen eta ondorioak aztertzen ari dira departamentuan. Alkateak azaldu duenez, "hauteskundeak bertan dira eta aurretik guztia ixteko ate joka gabiltza".
Lanak eginez gero, Uharte Arakilgo Alde Zaharrean berrituko litzatekeen lehen kala izanen litzateke. Nafarroako Gobernuak 2023-2025 Tokiko Azpiegitura Planaren berri eman zuen apirilaren 21ean. Foru administrazioak onartu ez zituen inbertsioen artean daude Uharte Arakilgo Udalak Felipe Gorriti eta Larrainbide kaleetako ur hornidura, saneamendu eta euri uren sareak berritzeko lanak.
Uharte Arakilgo Udalak, bestetik, Itxesi kaleko hornidura sarea eta kale bereko eta Errekabitarte karrikako sareak bereizteko dirulaguntza eskaera egin zuen deialdi berean. Haren aurrekontua 413.313,47 eurokoa litzateke. Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak lan hori erreserban utzi du. Alkateak azaldu duenez, "ur biltegitik herrira ura ekartzen duen sarea da. Mikrozementuzko hodiak dira eta, osasunagatik, lehentasunezkoa da hodiak aldatzea. Gure esperantza da hurrengo legegintzaldian lan horiek egitea". Izan ere, proiektuari gobernuak emandako puntuazioren arabera zerrendan nahiko goian kokatuta dago. Beste udalen batzuek lanak egiteari uko egin edo gobernuak finantziazioa handituz gero, erreserban dauden lanei birbideratzen diete finantziazioa.