Hemezortzigarren aldiz Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak Aralarko Aingeruari Haurren Aurkezpena antolatu zuen garilaren 23an, igandearekin. Meza nagusiaren akaberan egin zen umeen aurkezpena. Txikiak guraso eta aiton-amonez lagunduta egon ziren. Aurkezpenaren bidez umeak Aralarko aingeruaren lagun direla adierazten da, eta haren bizi guztirako babesa eskatu zuten. Hala irakur liteke aurkezpenaren ondoren ume bakoitzak jaso zuten pergaminoan. Aurretik aingeruaren irudia gurtu zuten. Horrela, txikien eta Aralarko santutegiaren arteko lotura estutu egin nahi du kofradiak.
Santutegira joan zirenek ikusi zuten sarbidean oraindik ere ez daudela despedituta harrera, komunak eta denda egiteko lanak. Mikel Garziandia Goñi kapilauak jakinarazi duenez, udan bukatuko dituzte. Hori aurreikusitako lanen bigarren fasea da. Izan ere, joan zen urtean despeditu zuten aurrenekoa: Lakuntzetxe edo Deierri etxearen konponketa. Han museoa eta kofradiaren egoitza daude, besteak beste. Herritarrek diru ekarpenekin aurre egin zioten 400.000 euroko aurrekontua zuen lanari. Hirugarren fasean ostatua eta gazte aterpea egokitu nahi dituzte. Horretarako, 2,5 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute. Bi urtetan eta bi fasetan eginen lirateke lanak.
Santutegiko erretaularen inguruko liburua ere aurkeztekoak direla jakinarazi zuen. Iraileko azken bi asteburuetan eginen diren Nafarroako Europako Ondarearen Jardunaldien barruan izanen da hori.