Bi urtean behin antolatzen du Euskal Festa Guk Gureak elkarteak. "Euskal kultura eta nortasuna kalera atera eta indartzeko" asmoz antolatzen dute ospakizuna. Aurten erraldoi eta buruhandien konpartsak, zanpantzarrak eta Uharte Kantuz taldeek kalejira animatua egin zuten eguerdian. Ondoren, ehun bat pertsona elkartu ziren bazkaltzera. Bazkalondoa Errotik taldeak animatu zuen. Disko jartzaileak, toka txapelketak eta talo-janak osatu zuten egitaraua.
Aurretik, hilaren 7an, Xabier Irujo Ametzagak Gamazada, Batasunaren Indarra hitzaldia eskaini zuen. Gamazadaz eta garai hartako protagonistak izan zituen hizpide, tartean Felipe Gorriti Osanbela ubertearra. "Gorritik herri omenaldi bat behar zuela pentsatu dugu, xumea izan arren, gaur bere arte ekarpenaz aparte, euskal kultura, hizkuntza eta eskubide historikoen aldeko konpromisoagatik omendu nahi izan dugu", azaldu zuten elkarteko kide Gaizka Uharte Baldak.
Gorritiz
Felipe Gorriti Osanbela 1839ko agorrilaren 23an jaio zen. Uhartek gogorarazi zuenez, "bera jaio zenean Nafarroak bere estatu egitura mantentzen zuen: txanpona, mugak baita nafar gisa kreditatzen zuen pasaportea ere. Ondoren, bi karlistada bizi behar izan zituen. Haien ondorioz, ubertearrek, nafar guztiek eta gainontzeko euskal lurraldeetako herritarrek ikusi zuten foru erregimenaren azkena, beraiek beraien erabakiak hartzea ahalbidetzen zuen erregimena hain zuzen ere". Azaldu zuenez, "Gamazada garaiko politika sistema suntsitzeko azken atala izan zen".
XIX. mendeko testuinguruaren berri ere eman zuen: "garai hura bizi izan zutenek ikusi zuten 200.000 pertsonak Euskal Herria utzi zutela; Amerikara, Filipinetara joan ziren bi gerren biktima izandakoak, soldaduskaren ezarpenetik ihesi eta bestelako arrazoiengatik. Kopuru hori 1936ko estatu kolpearen ondorioz joan behar izan zutenen bikoitza da".
Beraz, Gorriti bizi izan zen garaian, nafarrek "aldaketa sakonak" bizi izan zituztela ondorioztatu zuen. "Aldaketa horiek zeharo markatu zuten gizartea: Gorriti jaio zenean Nafarroako Pasaportea zuen eta hil zenean, berriz, Espainiakoa; zergak hemengo ogasunari ordaintzetik Madrili ordaintzera pasa zen; eta gure kultura bizirik egotetik, arriskuan egotera pasa zen". Aldaketa horien lekuko izan zen Gorriti. "Baita euskal kulturak izan zuen berpizkundearena ere". Bigarren karlistadaren ondoren eta Gamazada zela-eta dantzak, makila dantzak eta himnoak sortu zituzten. Haien guztien helburua zen "arriskuan ikusten zuten herriaren identitatea eta kultura mantentzea".
Euskara Elkarteko kide eta politikaria zen Herminio Oloritz Azparrenek idatzitako letrari musika jarri zion Gorritik, horrela foruen aldeko himnoa sortu zuten. Musika pieza Santa Zezilia Orkestrak eta Iruñeko Orfeoiak mustu zuten 1893ko irailaren 23an. Iruñeko Sarasate pasealekuan eraiki zuten Foruen monumentuaren omenezko estreinaldia izan zen hura. Elkartekideek gaztigatu zutenez, "Gamazadaren kontrako monumentua 120.000 nafarrek emandako diruarekin jaso zen. Gainera, German Gamazo ministroaren kontrako Nafarren Ohorezko Liburuan 250 ubertearrek sinatu zuten".
Gorriti 1896ko martxoaren 12an hil zen, Tolosan. Haren heriotzaren urteurrena zela eta, Oloritzek A mi patria izenburuko poema eskaini zion ubertearrari. Gorritiren sortetxearen parean egin zituzten adierazpen horiek antolatzaileek. Han bertan errezitatu zuten aipatutako poema. Baita foruen alde konposatu zuten kantua abestu ere. Jota eta porrusalda ere dantzatu zituzten Gorriti irudikatzen duen erraldoiaren inguruan. Eta behin ekitaldia despedituta, Gorritiren eta beste egile batzuen kantak abesten segitu zuten.
Fuerriak ereserkia
Letra: Hermilio Oloritz Azparren
Musika: Felipe Gorriti Osanbela
Biba, biba gure fuero santubak
Biba, biba Euskalerria
Biba, biba gure fuero santubak
Biba, biba Euskalerria
Gure bizi ta ondasuna zuretzat
Dena herri maitia zuretzat, zuretzat
Herri maiti maitia
Herri maiti maitia
Herri maitia zureetzat
Gure bizia zuretzat
Biba, biba, gure fuero santubak
Biba, biba Euskalerria
Gure bizia, gure ondasunak, herri maitia
nere herri maitia
Ai! Dena zuretzat
Gure bizia, gure ondasunak, herri maitia
Ai! Dena zuretzat
Herri maitia dena zuretzat
Biba fuerriak
Biba