Santutegiko ostatu eta aterpeko lanak udaberrian hasi nahi dituzte

Guaixe 2024ko urt. 11a, 09:00
Juan Carlos Recio, Teresa Larunbe, Ainhoa Unzu parlamentaria, Mikel Garziandia eta Jose Mari Ustarroz. PARLAMENTUA

Lanak 2025eko udaberrirako despeditu nahi lituzkete. Bukatu berritan esmalteei buruzko nazioarteko simposiuma hartuko du santutegiak, eta Europako San Migel tokien batzarra 2025eko udazkenean. Lanek 3,3 milioi euroko aurrekontua dute.

Geroa Baik hala eskatuta, Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Aralarko San Migel santutegiko arduradunekin lan bilkura izan zuen abenduaren 20an. Mikel Garziandia Goñi kaperaua, Juan Carlos Recio, proiektuaren zuzendaria, Teresa Larunbe arkitektoa eta Jose Mari Ustarroz kofradiako presidentea izan ziren instalazioen erreformaren berri parlamentariei eman zietenak. 

Teresa Larunbe arkitektoak azaldu zuenez, ostatua eraikineko lehen eta bigarren solairuetan dago. Gaur egun erabiltzen ez den sotoan gazte aterpea egin nahi dute. “Eraikinak berez baliorik ez badu ere, hura mantendu eta balioa aitortu nahi diote”. Aurreikusitako lanak bi helbururekin eginen dituztela jakinarazi zuen Larunbek: eraikinaren barruko funtzionamendua hobetzea (irisgarritasuna, energia eraginkortasuna, gaur egungo konfort estandarrak eskaintzea apopiloei) eta, bestetik, inguruak dituen ezaugarriak nabarmentzea. "Esku hartze neurritsua eginen dugu", ziurtatu zuen. 


Taberna, jangela eta erabilera anitzeko gela lotuta geldituko dira.

Aurreikusitako lanak 
Aurrena, santutegira daramaten eskaileren parean, beheko solairuan, espazioan esku hartuko dute.  "Bidegurutzearen ideia gauzatuko duen espazioa izatea nahi dugu. Erabilera anitzeko espazio bat izanen da". Hura aktibatzeko taberna eta jangelatik hara sartzeko pasabidea eginen dute. Han ere aterpera eta ostaturako sarbideak egonen lirateke, "horrela, apopiloen etorrera eta irteera hobe kontrolatuko da", azaldu zuen Larunbek. Bestetik, beheko solairuko paretak, zoruak leiho eta ateak berrituko dituztela aurreratu zuen arkitektoak. Eraikina soila eta abegikorra izatea nahi dute sustatzaileek. 


Argiztatutakoa erabilera anitzeko gela izanen da.

Goiko solairuetan dauden gelen egitura mantenduko da eta, horrela, 30 gela sortuko dira, haietako bat mugikortasun mugak dituen pertsona batendako. Gelak guztiz berrituko dira. Gelak klimatizatzeko aerotermia erabiliko da. 


Ostatuko gela baten planoa.

Sotoan aterpea eginen da. Nafarroako aterpeen legea eskutan, egungo espazioan 10 literatan banatutako 20 ohe leudeke. "Kopurua txikia denez, proposatu dugu sotoari itsatsita egonen den eranskin txiki bat eraikitzea. Han gelen osagarri diren espazioak leudeke: jangela, bulegoa, erabilera anitzeko gela, garbitokia. Egungo sotoan gelak (35 plaza hiru gelatan banatuta) eta komunak leudeke. Eranskinaren gainean belarra jarriko litzateke, bisitariendako toki bat bihurtuz”, argitu zuen arkitektoak. 


Argiztatuta, goian, erabilera anitzeko gela. Behean, aterpea.

Aurrekontuaz eta epeez
Nafarroako Gobernuak joan zen urtean emandako 100.000 euroetatik 85.361,25 euro eraikina zaharberritzeko proiektua egitera bideratu dituzte, bukatzen ari dira. Aurreikusitako egitasmoa gauzatzeak 3.301.015,5 euroko aurrekontua du. "Eraikinean esku hartu beharra dago, bestela, kolapsatzeko arriskua baitago", azaldu zuen Reciok. Aurrekontua horrela dago banatuta: eraikinean jarduera orokorrak 1.386.545,5 euro; ostatua 855.120 euro; aterpea 646.400 euro, ekipamendua 199.600 euro eta ordainsariak 213.350 euro. 

Reciok azaldu zuenez, lanak finantzatzeko hiru diru iturri aurreikusten dituzte. Batetik, mezenazgoa eta kofradiaren bidez lortutako dirua; “orain arte bide horretatik 670.00 euro eskuratu ditugu”, zehaztu zuen. Bestetik, Nafarroako Gobernuari ahalik eta diru gehien ematea eskatu zion. Eta, azkenik, gotzaindegiak egindako ekarpena legoke. EH Bildu eta Zurekin taldeetako parlamentariei erantzunez, “ezin dut kopururik eta ehunekorik esan, ez ditugulako", azaldu zuen Reciok. 

Lanak 2024ko apirilerako eman nahi lituzkete, heldu den udaberrian lanak hasi eta 2025eko udaberrirako despedituta egoteko. Izan ere, esmalteei buruzko Renoko Unibertsitatearen nazioarteko simposiuma 2025eko udan aurreikusi da. "Bi urtero eginen da. Erretaula dugunez, Europako esmaltegintzari buruzko egoitza finkoa bihurtzea nahi dugu", jakinarazi zuen Reciok. Bestetik, Europak kultur ibilbidearen Bideen Hub-aren batzar orokorra urte hartako udazkenean eginen litzateke santutegian. Europak izendapena 2025ean ematea espero dute.


Sotoari itsatsitako eranskinarekin aterpea eginen dute. Haren goiko partea erabilera anitzeko gelako terraza ere bada.

Argudioak 
Europako San Migelen lerro sakroa zazpi tokik eta santutegik osatzen dute: Irlandako Skellig Michael, Ingalaterrako St. Michael’s Mount, Frantziako Mont Saint-Michel, Italiako Val de Susako Sacra di San Michele eta Pugliako San Michele Arcangelo, Greziako Simy eta Israelen esku dagoen Haifa hiriko Karmelo mendikoa. Bideen Hub Proiektuarekin Aralarko santutegia lerro sakroaren eta Compostelako Santiago lotzen dituen puntua bihurtzea da sustatzailearen helburua. Bateko eta besteko erromesaldien lotune bihurtzea Aralarko santutegia. Europar Batzordeak kultur ibilbide izendapena emateko lanean ari dira gaur egun. Gartziandiak nabarmendu zuenez, "santutegiak jauzi kualitatiboa eman du Europako San Migeli eskainitako tokien nazioartekotzean". 

Inguruan eragina izanen zuen proiektua egin nahi izan dutela azaldu zuen Reciok. "Inguruan garatzen diren proiektuetan eragina izan nahi duen proiektua da. Proiektuak kultur turismo eta merkataritza elektronikoko plataforma sustatuko luke tokiko ekoizleen produktuak saltzeko". Reciok gogoratu zuen mendiaren bi aldeetako erakundeekin harremana duela santutegiak. Laburbildu zuenez, santutegiaren ekarpenak dira, besteak beste: pertsonak eta talentua; zientzia, artea eta Historia. Sakanan gizarte ekonomia sustatzeko aukera ikusten dute, baita santutegia bera kudeatuko duen irabazi asmorik gabeko enpresa sortzea ere. Aldi berean, mendian ibiltzeko eta abentura kirolak sustatzeko aukera ere ikusi dute. 

Nabarmendu zuenez, "turismoa, urtero 78.000  bisitari ditu santutegiak. San Migel tokien erromesaldi bideen bidez turismo lasaia eta erlijio turismoa sustatu daiteke". Horrekin lotu zuen santutegiko erretaularen inguruan berriki argitaratutako liburua, "Europan inpaktua izaten ari dena", ziurtatu zuen Reciok. Geroa Baiko parlamentariaren galderari erantzunez, Garziandiak erretaularen garrantzia nabarmendu zuen, eta berriki argitaratutako liburuan jasotako zientzia ikerketaren berri labur eman zuen. Joxe Mari Ustarrozek, berriz, kofradiaren berri eman zuen. Harrera eta babes tokia izaten jarraitzeko helburuz pausoak ematen ari direla gaineratu zuen. 


Mikel Garziandia Goñi eta Joxe Mari Ustarroz Razkin Parlamentuan.

Parlamentarien iritziak
Itsaso Soto Diaz de Ceriok (Geroa Bai) babesa azaldu zion egitasmoari. Javier Trigo Oubiñak (UPN) egitasmo ona dela nabarmendu zuen, eta bultzada eman beharra dagoela gaineratu zuen. Ibai Crespo Lunak (PSN) hizlariek azaldutako proiektuen irisgarritasunaren inguruko xehetasun gehiago eskatu zituen. Garziandiak jakinarazi zionez, Nafarroako Gobernua, Uharte Arakilgo Udala eta santutegiak bilerak egin zituzten joan zen urtean. "Proiektuak inguru guztiaren urbanizazioarekin zerikusia du. Pauso bakoitzean udalari eta gobernuari zerotik azalpenak eman beharrean, gardentasunez, batak besteari datuak ematea adostu genuen, administrazio baimenen kontu guztia ahalik eta arinen egiteko". Azaldu zuenez, "Uharte Arakilgo Udalak esaten duenaren zain gaude: gure hirigintza proiektua egin behar dugun, edo udalarenean sartu gurea". 

Mikel Zabaleta Aramendiak (EH Bildu) santutegiaren historia gogoratu eta haren garrantzia nabarmendu zuen. Eta Aralarko Elkartearen guardetxe proiektuarekin loturarik baden jakin nahi izan zuen. Aralarko Elkarteak egindako proiektuan partaide izan zela jakinarazi zion Garziandiak, gaineratuz: "mendiaren inguruan egin daitekeen edozer gauza guretako oso ona da. Guardetxe ez da guretako arrisku bat, han eskainiko dena oso desberdina izanen baita; Ata ibarrera eta mendira joaten direnei zerbitzuak eskainiko dizkie. Guretako osagarri garrantzitsua da. Han informazio puntu bat egoteak gurean pilaketak egotea eragozten du".

Daniel Lopez Cordobak (Zurekin) egitasmoa egokia dela azpimarratu zuen, eta finantzaketari buruzko xehetasunak eskatu zituen. Azkenik, Emilio Jimenez Roman (Vox) egitasmoarekin ados zegoela esan zuen.