Astekaria

Beriain Km Bertikala, beti bezain arrakastatsu

Maider Betelu Ganboa 2024ko urr. 1a, 09:07

Izaskun Beunza, maldan gora.

Bezperako ekaitzek kolokan jarri zuten XV. Uharte Arakil Beriain Km Bertikala, baina azkenean arazorik gabe jokatu zen. Guillermo Ramos eta Lide Urrestarazu izan ziren txapeldunak. Uharten  EH-ko Km Bertikalen Kopa erabaki zen 

Bezperan ez zegoen giro. Ekaitzek eta euri jasek zalantzan jarri zuten XV. Uharte Arakil Beriain Km Bertikala antolatuko ote zen. Aralar Mendi kluba B plana martxan jartzekotan egon zen: Beriainera igo beharrean, San Miguelera igotzea. Azkenean, eguraldi iragarpenak ekaitzik ez zuela iragartzen ikusita, igandean bertan hartu zuten Uharte Arakil Beriain Km Bertikala beti bezalakoa izatea. Hori bai, ez zen errekorrak apurtzeko eguna izan. Nolanahi ere, korrikalariak ez ziren kikildu; 200 korrikalari baino gehiago zeuden izena emanda, eta 189 kirolari sailkatu ziren. Beste datu kurioso bat utzi zuen probak: inoiz baino emakume gehiago animatu ziren, eta 30 izan ziren proba bukatzea lortu zutenak.

Lohi gehiegirik ez
Itxesiko igerilekuetatik gora basora sartzerako unean zegoen lokatzik gehiena, baina mendian gora egin bezain pronto ez zegoen aparteko lohirik. Izan ere, Beriaingo orografia dela eta, urak berehala beheraka egiten du irrist. Eguraldia lagun, korrikalariak gustura aritu ziren 5 km eta 1.023 m-ko desnibela zuen proba osatzen. Beriain ermitara iristeko azken metro aldapatsuak, beti bezala, ikusgarrienak baino, aldi berean, ikaragarriak izan ziren. Ikusle ugari bildu ziren korrikalariak animatzera, eta giro ederra izan zen. 

Munarriz eta Beunza, podiumean
Azkarrena Miranda de Ebroko Guillermo Ramos izan zen (42:01). 3 segundo atera zizkion Iñigo Alzola arrasatearrari (42:04). Hirugarren joan zen urteko irabazle Xabier Macias iruindarra izan zen (43:24). Aritz Munarriz etxarriarra izan zen lehen sakandarra, sailkapenean hamaseigarren (47:46). Bere hamalaugarren Km Bertikala osatu zuen Munarrizek; batean izan ezik, edizio guztietan hartu du parte. 

Emakumezkoetan, Lide Urrestarazu ordiziarrak ez zuen areriorik izan (51:33). 2 minutu eta erdi atera zizkion Irene Artazkoz iruindarrari (54:04). Hirugarren Leire Elola tolosarra izan zen (55:10). Izaskun Beunza olaztiarra lehen sakandarra izan zen, emakumezkoetan seigarren (57:36). Bestelako hitzordurik edo txapelketarik ez badu, ziurrenik larunbatean jaioterrian jokatuko den Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa prestatzeko erabiliko zuen Kilometro Bertikala. Azken bi edizioetan Urbasako txapelduna izan da Beunza, eta pentsatzekoa da hirugarrena lortzeko saiakera egingo duela. 

Uharteko podiumean, aldaketa
Uharte arakildarren artean azkarrena Jose Luis Beraza izan zen (55:12), ohi bezala. COVID-ari ezin buelta eman zegoela azaldu zuen uhartearrak, baina sentsazioak berreskuratzen hasia dela. Emakumezkoetan, ordea, sorpresa izan zen, Aizea Berazak, bere lehen parte hartzean, herriko lehen saria eskuratu zuelako (1:01:37). Maite Beregaña segundo gutxira sailkatu zen (1:01:41), eta ezin izan zuen iazko podiuma berritu, baina pozez zoriondu zuen Aizea Beraza. 

Giro ederra
Beriaindik jaitsita, primerako giroa zegoen Uharte Arakilgo plazan. Auzate mundiala prestatu zuen Aralar Mendik, eta korrikalariek ere opari sorta galanta jaso zuten. Tartean, sekulako arrakasta izan zuen poltsa, San Donato baselizaren irudiarekin. "Etiketa Berdea ekimenean gaude sartuta, eta helburua da gure probetan ingurumena zaintzea, eta ahalik eta plastiko gutxien erabiltzea. Modu bat, poltsa berrerabilgarriak oparitzea da. Herritarrek galdetzen digute, ea salgai jarriko ditugun" zihoen Aralar Mendiko Juanjo Goikoetxeak. 

EH-ko Km Bertikalen Kopa
Uharte Arakil Beriain Km Bertikala Euskal Herriko Km Bertikalen Kopako azken proba puntuagarria zen, eta kopako borrokan lehia estua izan zen. Azkenean, gizonezkoetan Aritz Unamuno izan zen txapelduna, Iñigo Larizek eta Iñaki Goenagaren aurretik, eta emakumezkoetan Garazi Adasolo gailendu zitzaien Leire Elolari eta Maite Zabaletari. Juniorretan Ibai Angulo gailendu zen, eta beteranoetan Iñigo Lariz. Taldeka, Gasteizko Gaikar izan zen txapelduna, Elgoibarko Morkaikoren eta Uharte Iruñea eta Burlatako Hiru Herriren aurretik. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañes eta Euskadiko Mendi Federazioko ordezkariak eman zituzten sariak. 

Sakandarrak Bertikalean
XV. Uharte Arakil Beriain Km Bertikala (5 km, 1.023 m +)
Gizonak
1. Guillermo Ramos 42:01
16. Aritz Munarriz 47:46
21. Ekhi Congil 48:58
30. Mikel Galarza 50:55
42. Martxel Etxeberria 52:12
46. Juan Larrea 52:28
51. Ibai Senar 52:55
65. Jesus Goena 55:05
70. Jose Luis Beraza 55:12
77. Alvaro Legarra 55:37
79. Asier Ansa 55:55
94. Andoni Goikoetxea 57:21
99. Iñaki Lopez 57:56
106. Jose J. Maiza 58:50
108. Aimar Araña 58:57
115. J. J. Beregaña 1:00:07
116. Eneko Otsagabia 1:00:13
129. Carlos Mañeru 1:02:00
133. Kepa Gordo 1:02:43
146. Igor Maiza 1:03:47
148. Sergio Sanca 1:04:00
149. Iñaki Razkin 1:04:00
157. J. A. Salgado 1:05:37
159. Iñaki Agirre 1:05:52
174. Eneko Cruz 1:08:24

Emakumeak
34. Lide Urrestarazu 51:33
95. Izaskun Beunza 57:36
125. Aizea Beraza 1:01:37
127. Maite Beregaña 1:01:41
156. Eneritz Karasatorre 1:05:29
177. Erkuden S. Martin 1:10:49

*Ibon Ubedak ez zuen bukatu.


"Proba aurrera atera izana asko eskertu digute"
Juanjo Goikoetxea Berasategi Aralar Mendi

Bezperan zabaldu zen agian B plana aktibatuko zenutela, Beriainera igo beharrean San Miguelera igotzea.
Aste zaila izan zen, zalantza eta beldur asko izan ditugu. Korrikalariak, ziurrenik, gutxien sufritzen dutenak dira, baina boluntarioengan eta guztion segurtasunean pentsatu behar da. B plana San Miguel izan zitekeela pentsatu genuen, autoz igo daitekeelako, edozer gerta ere. Bezperan oraindik ez genekien zer egin, egunean bertan erabaki genuen Beriainera jotzea, ez zutelako ekaitzik iragartzen.

Zorionekoak zuek. Alde batera Beriain, bestera San Miguel, herritik mugitu gabe. 
Leku gutxitan izango dute guk dugun zortea zentzu horretan. 

Guztia primeran atera zen.
Korrikalariek behin eta berriz esan digute oso pozik daudela Beriainen hautua egin genuelako. Gu ere pozik gaude.