Kontzejuak aurrekontua erdira jaitsi du

Guaixe 2019ko abe. 26a, 10:24
Unanuko ikuspegia Lizarragako sarreratik.

Herri-argiterian LED argiak jartzeko inbertsioaren ondoren murriztu egin da aurrekontua. Kontzejuak 2021erako aurreikusten ditu hurrengo inbertsioak.

Unanuko Kontzejuaren aurrekontua 2020 urtean 60.420 eurokoa izanen da, joan den urtean baino 67.500 euro gutxiago. % 52,76 hain zuzen ere. Jesus Mari Balda Mercero alkateak jakinarazi digunez, aldaketa aurten herri-argiterian LED argiak jartzeko egindako inbertsioagatik dago aldea. 47 argi puntuk argiztatzen dute Unanu. Baldak argitu digunez, kontzejuak aurten ez du inbertsiorik eginen. 

Hori bai, heldu den urtean aurrezten duten dirua 2021ean inbertitzeko asmoa dute. Zehazki, Denok Bat elkartearen gaineko solairuan bi apartamentu txiki egin nahi dituzte. Herriko gazteak han bizitzen jartzeko edo, kanpotik herrira jendea etortzeko. Hara igotzeko eskailera egokiak egin zituzten auzolanean lastailaren 5ean. Haiek alokatuta diru sarrera berria izanen luke herriak. Maistruena zen etxea ere alokatuta dago, berritu eta gero. 

Baldak esan digunez kontzejuak Beriaingo pista konpontzeko asmoa ere badu. Gainera, mendiak erakarrita etortzen diren pertsonen autoendako aparkaleku bat egiteko premia sumatu dute unanuarrek. Horregatik, herriko zenbait tokitan aparkatzeko debekua jarriz arrasto horiak margotu zituzten zenbait kaletan. Mendian gorako pistan ere aparkatzen dute. Hura erabiltzen duten abeltzainendako eta baso lanetan ari direnendako traba sortuz. Gainera, abereek edo animaliek kalteak sortu ditzakete ibilgailuetan. Horregatik, guztiagatik herri aparkaleku bat egiteko toki egokiaren bila ari da kontzejua. Berea den lursailik ez baitu. Bitartean, diru sarrera gisa aurten baso aprobetxamendua saldu du kontzejuak eta heldu den urterako asmo bera du.

Erlazionatuak

Eskailera, auzolanean

Guaixe 2019 urr 15 Unanu