Erreskate taldea Beriainen hirugarren aldiz otsailean

Guaixe 2020ko mar. 2a, 09:11
Erreskate taldeko kideak otsailean hirutan izan dira Beriainen.

Ihurbaingo harratean ez aurrera ez atzera gelditu ziren bi mendizale onik erreskatatu zituzten ostiralean.

Nafarroako Gobernuko suhiltzaileen erreskate teknikoko taldea, atzera ere, Beriainera bueltatu zen larunbatean. Foru administrazioak jakinarazi duenez, mendizaleek ez zuten lekua ezagutzen, ibilbidetik desbideratu ziren eta arriskua zegoen puntu batera iritsi ziren, eta han aurrera edo atzera egin ezinik gelditu ziren. Horregatik, SOS Nafarroaren 112 telefonora hots egin zuten laguntza eske 13:40an. Suhiltzaileen erreskate teknikoko taldea helikopteroz iritsi zen Beriainera, mendizaleengandik gertu zegoen irtengune batera. Erreskatatzaileak bikoteka helikopteroa zegoen tokiraino irteten eta lekualdatzen lagundu zieten mendizaleei. Eta handik Unanu kanpoko alderaino eraman zituzten, 15:00ak aldera. 

Erreskate taldeek otsailean Beriainen egin duten hirugarren erreskatea da ostiralekoa. Aurrenekoa hilaren 2an izan zen, mendizale bat erreskatatu behar izan zutenean. Otsailaren 22koak ondorio larriagoa izan zuen, hegoaldeko hegaletik behera erori eta mendizale bat hil baitzen. Azken 17 urtetan sei mendizale hil dira Beriainen. 

Erlazionatuak