Kontzejuko bi etxeak alokatuta daude

Guaixe 2022ko urt. 3a, 11:03
Unanu elkarte gainean bi etxe egiteko lanak. ARTXIBOA

Azaroaz geroztik ari dira han bizitzen. Kontzejuak autoendako aparkalekua egiteko toki bila segitzen du.

Danok Bat elkartearen gaineko solairuan Unanuko Kontzejuak bi etxebizitza egin ditu, eta azaroaren lehen egunetik han bizitzen ari dira. Pisuak alokatu ditu kontzejuak. Haiek berritzeko lanak 2019an hasi zituzten unanuarrek. Auzolanean eraikineko eskailerak berritu zituzten. Beste hainbat auzolanetan solairua hustu eta 135 metro karratuak egokitzeko lanak egin dituzte. Horiek iraila akaberarako despedituta zeuden. Lastailean zehar jantzi zituzten bi etxebizitzak. Jesus Mari Balda Mercero kontzeju buruak jakinarazi duenez lanen aurrekontua 80.000 euro ingurukoa izan da. Ez da herrian etxebizitzarekin lotutako berri bakarra, eraikitzaile batek hamar bat etxe jasotzeko tramitazioa hasi baitu. 

Bestetik, Unanuko Kontzejuak heldu den urteko aurrekontua onartu du. 106.600 euroko diru sarrerak eta 65.020 euroko gastuak aurreikusi dituzte. Baldak azaldu duenez, Herri Berritze planaren bidez Ergoienako Udalak emandako dirua erabiliko dute batez ere inbertsioak egiteko. Urte hasieran frontoian argia jarri nahi luke kontzejuak. “Argia jartzeko dirua sartu behar den tresna dago. Izorratuta dago. Jendeak dirua sartu eta argia pizten ez zenean kolpatu egiten zuen. Eta ez du funtzionatzen. Hobe lukete tresna jo beharrean diruan bueltan eskatzea”, azaldu du kontzeju buruak. Eta gaineratu du frontoian oraindik ez dutela LED argirik jarri. Ordea, mediku kontsultategiko leihoak aldatu dituzte. 

Autoa eta Beriain 
Mendiak erakarrita jende asko bukatzen du Unanun. Hara eraman dituen ibilgailuak nonnahi aparkatzen dituzte eta trafiko arazoak sortzen dira, batez ere herrian. Horregatik, kontzejuak bisitariendako aparkaleku bat egin nahi du. “Herri gainean kontzejuak lursaila du, baina hara joateko herritik pasa beharko lukete ibilgailuek eta ez dugu halakorik nahi”. Herri inguruan kontzejuak ez du lursailik, baina begira ari da. 

Bestetik, Beriainerantz igotzen den pistaren lehen zatia berritu zuen Unanuko Kontzejuak  udaberrian. Langara arte 380 metro luze dituen pistako 72 metroak porlaneztatu zituzten, herritik gertuen daudenak. Bide guztia epeka konpontzeko asmoa du Unanuko Kontzejuak, baina Baldak jakinarazi duenez, 2022an ez dute han lanik eginen.