Plaza berritua mustuta

Guaixe 2023ko urt. 16a, 08:44

Plaza berrituko lanak mustutzeko etxajua bota zuten lehenik. UTZITAKOA

Abenduaren 24ko eguerdian mustu zuten plaza.

Unenuarrak eguberri eguneko eguerdian plazan elkartu ziren. Hango paretek zituzten hezetasun arazoak konpontzeko lanak mustutzea izan zen herritarrak biltzeko aitzakia. Unanuko Kontzejuko kide batek piztutako etxajuarekin hasi zen ekitaldia. Ondoren, bildutako herritar guztiendako auzatea izan zen. Jan-edanen artean plazak hartu duen itxura berriaren inguruko iritziak trukatu eta paretetan jarritako lau argazki zaharren inguruan hizketatu ziren unenuarrak. Irudi horietan aspaldiko festetan aritutako dantzariak, herrian garai bateko musika taldea (Elgoibarko Umore Ona orkestina), lau gizonezko aizkolari eta herritarrak pertzekin arropa garbitzeko keinua egiten ageri dira.  Kontzejutik azaldu dutenez, unenuarrek etxean zituzten argazki zaharretako batzuen erreprodukzioak dira jarri dituztenak, “ohiturekin segitzeko” gonbidapena eginez.

Ez da Unanun itxuraldatu den toki bakarra. Izan ere, San Pedro elizako estalopeak itxura berria du Iker Uriberen muralei esker. Alde batetik, estalpearen luzeran frontoia irudikatu du eta han apaiza eta mutiko bat pilotan ageri dira. Ekialdeko paretan, berriz, Beriain gaineko San Donato ermita elurtuaren irudia egin du Uribek. Haren aldameneko pareta batean, azkenik, Dorraoko bidearen bazterrean dagoen San Andres ermita ageri den mural bat egin du.

Erlazionatuak

Plaza itxuraldatuta

Guaixe 2022 aza 22 Unanu

Plaza itxuraldatu dute

Guaixe 2023 urt 16 Unanu