Jesus Mari Balda Mercero Unanuko kontzejuko presidenteak azaldu duenez planaren bidez sei lan egin nahi dituzte. “Kale Nagusian ibilgailuak aparkatzen dituzten eta arazoak izaten ditugu, batez ere asteburuetan, mendizaleak etortzen direnean. Aparkatzea debekatuta dagoela adierazten duten marra horiak margotu genituen, baina dagoeneko borratuta daude. Ez aparkatzeko adierazten duten zortzi-hamar seinale jarri nahi ditugu”. Horrekin batera, argiteria publikoa txukundu nahi du kontzejuak. Izan ere, “lehendik jarritako eta ezertarako balio ez duten kable zahartu asko dago, beste batzuk txintxilik daude. Behar ez direnak kendu eta gelditzen direnak txukun utzi nahi ditugu”, azaldu du Baldak.
Kontzeju buruak gaineratu duenez, plaza ere berritu nahi dute: “kontraterreno handia dago eta paretek ura izerditzen dute. Behera jaitsi eta putzua egiten da. Ura jasotzeko lurrari jaitsiera pixka bat eman nahi diogu. Eta paretak, margotu beharrean, bistako adreilua-edo jarriko dugu”. Herri sarreran dago eskolak hartu zituen eraikina, egun besteak beste mediku kontsultategia hartzen duena. Eraikina margotuko du udalak. Horrekin batera, haren parean dagoen plazari eusten dion murrua, herri sarreran ezkerretara dagoena, zartatuta dago. Hura ere konponduko dute.
Baldak jakinarazi duenez, elizaren ondoan dagoen haurrendako jolas parkean adinduendako bizpahiru aparailu jarri nahi dituzte, ariketak egin ditzaten. Horiek guztiak egin ondoren dirua geldituko balitz, izorratuta dagoen Dermiotxikiko bidea konpondu nahiko luke. Bide hori Dorraora darama eta bi kontzejuek aldi berean egin nahiko lukete lana.