Robotika eta proiektu zientifikoaren aurkezpena

Guaixe 2015ko api. 28a, 17:03

Urdiaingo eskolako 6.mailako ikasleek idatzitako kronika.

Urte honetan robotika txapelketa batean izena eman genuen. Txapelketa hori FLL deitzen da. Lehenengo, lan bat prestatu genuen txapelketan parte hartu ahal izateko. Lan hori, hiru zatitan banatuta dago: proiektu zientifikoa, stand-a eta proiektu teknikoa. Egin genuen lanarekin, hogeita zortzi taldeetatik zortzigarrenak geratu ginen.

Txapelketa bukatzean, familiei, Urdiaingo jendeari eta beste herrietako jendeari gonbidatzea bururatu zitzaigun. Herriari aurkezpen bat egin behar genuela jakinarazteko, gonbidapen batzuk prestatu genituen eta gonbidapen horiek etxez-etxe banatu genituen. Egunkari bat ere egin genuen robotikan eta txapelketan egindako guztia azaltzeko asmoz. Egunkari horretan iragarki bat jarri genuen, gure proiektuaren aurkezpenari buruzko informazioarekin. Horrez aparte, Guaixekoek gure aurkezpenaren berri eman zuten.

Egun bat lehenago, proiektua aurkezteko Urdiaingo udaletxean eskaera orri bat bete genuen behar genituen aulkiak eskatzeko. Aulkiak ekarri zizkigutenean, gela prestatu eta entseatu genuen.

Apirilak 21, asteartean, 15:00etan, jendeari harrera egin genien eta gure gelara sartzera gonbidatu genituen. Herriko jendea, gure familiak, beste herri batzuetako jendea eta eskolako familiak elkartu ginen. Gutxi gora behera, berrogeita bost pertsona inguru etorri ziren.  

Ondoren, gelan proiektu zientifikoa aurkeztu genuen, diapositibak pasatzen joan ziren. Bakoitzak ondoen zekiena esan zuen eta jendearen aurpegiak ikusita beraien gustukoa izan zela zirudien.

Gero, patiora joan ginen eta suziriaren esperimentua (bikarbonatoarekin eta ozpinarekin) egin genuen. Guk prestatutako esperimentu bat zen oso ondo atera zitzaigun ia “ilargira iritsi zen!!!” jendea harrituta geratu zen.



Ondoren, Aitziber elkarteko hirugarren solairura igo ginen. Lehenengo, robotika zer den azaldu genien. Gero, robota eta robotak egiten dituen probak erakutsi eta azaldu genizkien.Hori egin eta gero, gure stand unibertsalak azaldu genizkien. Bertan, unibertsoari buruzko jokoak, materialak eta aurkezpenak erakutsi eta azaldu genizkien.

Han maketaren inguruan azalpen zehatzagoak eman genituen. Baita guk material birziklatuekin egindako planeten mugikaria ere erakutsi genien.





Eskerrak eman nahi diegu etorri zen jende guztiari, gure gurasoei asko lagundu gaituztelako eta proiektu honetan lagundu gaituzten guztiei: eskolako gurasoei eta herriko jendeari.  Bukatzeko udaletxeari gure proposamenak kontuan hartzeagatik eskertu nahi diogu.