50 urteko auzolana ospatzen

Guaixe 2017ko urr. 9a, 14:11
Omenaldiko une bat.

Aitziber elkarteak bere urteurrena ospatu zuen larunbatean.

Urdiaindarrek eta, bereziki, Aitziber elkarteko kideak ospakizun urtea dute aurtengoa. Urriztiko igerilekuen 50. urteurrena ospatzeko Andramauztuko festetan, agorrilaren 15ean, brindisa egin zuten. Larunbatean elkartearen eratzearen mendeurrena ospatzeko festa eguna izan zen Aitziber Elkartean.

Futbol partidarekin, patata tortilla lehiaketarekin eta haur jolasekin hasi zen eguna. Auzatearen eta ardo dastaketaren ondoren, urteurreneko ekitaldi nagusia izan zen elkartean. Horrek hainbat bazkideri aitortza egiteko baliatu zuten egungo zuzendaritzako kideek. 200 herritar elkartu zituen bazkariaren ondoren, kantaldia eta dantzaldia izan ziren. Ordu txikiak arte iraun zuen festak.

Ekitaldia
Elkarteko gela lepo beteta zegoela, ekitaldi nagusiko aurkezle Iñigo Goikoetxeak esan zuenez, pasatu zen hura erreferentzia izan behar duela aurrera egiteko, elkarteak “hasiera hartako gogoarekin, izpirituarekin, aurrera egiteko”. Horregatik, ilusioa izanda, elkarteak beste 50 urte eginen dituela gaineratu zuen. Elkartean egin den “gauzarik garrantzitsuena auzolanean lan egitea” izan zela nabarmendu zuen, “jendea elkartu, eta sortzen den indarra aurrera egiteko oso inportantea da”. Herriarendako izandako garrantzia ere nabarmendu zuen.

Gaur egun 174 kide ditu Aitziber elkarteak. “elkartea sortu zenean, herriko gazte guztiak kide egiten  ziren. Egun ez da halakorik gertatzen eta hori elkartearen etorkizunerako oso larria da” gaztigatu zuen zuzendaritzako kide Iñaki Berastegik.

Historia, labur
Magotteaux lantegia egiteko Urriztin gelditutako zuloan igerilekua egitea bururatu zitzaien orduko gazte urdindarrei. Hura kudeatzeko Aitziber Urdiaingo Gaztedia elkartea sortu zuten 1967ko maiatzaren 4an, 12:00etan, apaizaren etxean. 54 kide ziren hasiera hartan, 30 mutil eta 24 neska. Aurreneko zuzendaritzan 4 mutil eta 3 neska izan ziren. Elkartearen jarduna antolatzeko eta bideratzeko 1969an hiru batzorde antolatzea erabaki zuten: elkartearen egoitzarena, igerilekuena eta kirol arlokoa (1968an futbol taldea sortu zen eta zelaiaren kudeaketa eureganatu zuten, 1975-76an frontoiaren kudeaketa hartu zuen, 1976an sokatira taldea eratu zen, txirrindularitza eta beste sustatu ditu).

Aitortzak
Elkartea abiarazi zuten 54 bazkide haietako 30ek elkartearen urrezko bazkide txartel bana jaso zuten: Victor Goikoetxea (aurreneko bazkidea, sortzaileen artean adinduena zelako), Juana Rosa Aristizabal eta Jose Migel Arbizu, Pili Albiztur, Begoña Galarza eta Valentin Flores, Migel Jose Ostiza, Julian Etxeberria, Antero Etxeberria, Agripina Zufiaurre, Rosario Etxeberria eta Juan Ignazio Goñi, Daniel Agirre, Paulino Urtasun, Antonio Galarza, Josetxo Aldaz (elkarteko aurreneko lehendakaria, 31 boto jaso zituen bozketan), Mª Luisa Bengoetxea eta Sebastian Flores, Jaime Agirre, Eduardo Goikoetxea, Matias Ostiza, Jesus Mari Zufiaurre (igerilekuko auzolanen arduraduna), Benito Aldaz, Serafina Irigoien, Martin Selva, Migel Angel Zubiria, Rosendo Goikoetxea, Juan Felix Lopez de Goikoetxea, Luzina Galarza eta Migel Andres Galarza, Francisco Galarza, Francisco Lopez de Goikoexea, Martin Agirre eta Urbano Zelaia.

1997 eta 2013 artean Urdiaingo igerilekuen mantenuan ezinbestekoa izan zen Juan Jose Andueza eta, horregatik, eta 1976an sokatira taldea sortu zuelako, plaka bat jaso zuen. Herrian txirrindularitzaren sustapenean egindako lanagatik beste plaka bana jaso zuten Patxi Galartzak eta Bautista Urtasunek. Aitziber futbol taldearen jantziak garbitzeaz, josteaz eta baldintza onetan egotearen ardura Lola Martinezena zen eta plaka jaso zuen ere. Pilota eskolako aurreneko entrenatzailea Valentin Flores izan zen eta Gerado Anduezak hartu zion lekukoa, 14urtez arituz. Berarendako ere plaka izan zen. Hildako bazkideak gogoan izan zituzten, bereziki Benigno Mendia. Guztien aldeko lore eskaintza egin zen eta Agur Jaunak abestu zuten.

Abenduak 16
Egun horretan elkarteari buruz egiten ari diren dokumentala mustuko da. Larunbatean aurrerapena ikusteko aukera izan zuten.

Erlazionatuak

Urdiaingo igerilekuek 50 urte bete dituzte

Erkuden Ruiz Barroso 2017 abu 13 Urdiain

Herriko udako bizia

Erkuden Ruiz Barroso 2017 uzt 21 Urdiain