Harri borobila Urdiain erdian ikusgai

Guaixe 2024ko urt. 23a, 09:00
Katapultaren irudikapenaren muturrean dago Irurita inguruan opatutako harria.

Udaletxe pareko errotonda txikian Irurita gaztelu inguruan opatutako harri borobildu bat jarri du udalak. Haren jatorriari buruzko bi hipotesi daude: gaztelua setiatzerakoan botatakoa da edo jentilek Saraben pilota jokoetan erabilitakoa da?

Herriko etxearen parean trafikoa bideratzeko errotonda txiki bat dago Urdiainen. Han katapulta bat irudikatu nahi duen egitura bat jarri du Urdiaingo Udalak. Eta haren muturrean, burdinazko egitura baten barruan, borobildutako harri bat dago. Katapulta moduko hori iparralderantz begira dago, beheko basoan dagoen Irurita gaztelurantz hain zuzen ere. 

David Oroz Alonso alkateak esan du orientazio hori propio eman diotela, harria inguru hartan opatutakoa baita. "Xabier Reparaz Estramina historialari arbizuarra 2020ko garilean gaztelu inguruan paseatzen zebilela, ohartu zen erdi ezkutatuta harri borobil bat zegoela. Harria agerian utzi eta udalaren esku utzi zuen". Alkateak gaineratu duenez, "horrelako harriak aurretik ere aurkitu izan dira, baina askoz ere txikiagoak. Reparazek azaldu zigunez, harri txikiak botatzeko tramankuluak bazituzten. Baina setio batean tamaina horretako harri bat botatzeko katapulta bat eta jende kuadrilla handiagoa behar zen". Orozek gaineratu duenez, "harriak alde batean kolpe baten arrastoa du". 

Urdindarren artean zabaldutako kontakizunetan jentilek presentzia handia dute. Antza, Irurita gaztelu azpian dagoen Sarabe ibarrean pilota jokoan aritzen ziren. Kontakizun hori gaur egunera iritsi da. Jatorria bata edo bestea izan, udalak bien berri labur ematen duen informazio panela jarriko du.