Mahai inguruak gobidatu bereziak izanen ditu: Jagoba Arrasate, Yolanda Martin, Maitane Vilariño eta Igor Martinez. 18:00etan izanen da, eta sarrera librea da, aretoaren edukiera bete arte.
1. Argi al zenuen kirol kazetari izan nahi zenuela?
Bai. Kazetaria den lehengusina bat dut. Bekadun hasi zenean, Nafarroako futbol erregionalaren berri ematen jarri zuten. Berak egiten zuena gustuko nuen, eta hori izan zen kazetaritza ikastera motibatu ninduen nire lehen pizgarria. Futbola eta kirola beti oso gustuko izan ditudanez, argi nuen kirol kazetari izan nahi nuela.
2. Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaranekin batera Harmaila izeneko kirol aldizkaria sortu zenuten. Zergatik iraun zuen horren gutxi?
Faktore ezberdinengatik. Hasteko, irakurtzeko ohiturak aldatzen ari direlako. Paperean irakurtzea geroz eta gutxiago egiten den zerbait da. Egunkaria irakurtzen da, baina aldizkariak geroz eta gutxiago. Harmaila arnas luzeko kazetaritza zen; urtean bost aldizkari kaleratzen genituen, eta testu landuak ziren, erreportajeak eta elkarrizketak. Testu luzeak irakurtzearen ohitura galtzen ari da. Testu motzagoak gehiago irakurtzen dira. Eta, agian, ez da euskarri bat ere behar idazteko: Twitterren hari bat idatzita, oso irakurria izaten da. Bestalde, finantziazioa lortzeko ere arazoak genituen eta hirurok beste lan batzuk genituen. Ixtea erabaki genuen, baina harro gaude; produktu ona zen, baina ez zuen merkatuan bere tokia aurkitu.
3. 2020an Youtuben kanala zabaldu zenuen. Bideoak sortzen eta igotzen jarraitzen duzu?
Pandemia garaian sortu nuen erreminta bat izan zen, etxean itxita geundelako, eta zerbait egitearren. Gerora jarraitu nuen, baina lana eskatzen du eta pixkanaka uzten joan nintzen. Aspaldian ez dut ezer igotzen. 2023ko Kopa jokatu baino lehen Jagoba Arrasateri egindako elkarrizketa badut. Ez luke gaurkotasunik izango, baina oroitzapen gisa igo nahiko nuke, gordetzeko.
4. Euskadi irratiko kirol kazetaria zara. Irratia al da gehien gustuko duzun komunikabidea?
Euskarri guztietatik gustukoena irratia dut, alde handiarekin, eta uste dut hobekien egokitzen zaidan medioa dela. Unibertsitatean probatu nuenetik ikusi nuen irratia gustuko nuela, berehalakotasun hori, eta tarte batean inprobisatzeko une hori. Nahiz eta idaztea ere gustuko izan. Orain egiten dudan lana oso gustuko dut.
5. Kirolen artean futbolarekin moldatzen zara hobekien.
Bai, zalantzarik gabe. Futbola narratzea errazena eta gustukoena da niretako, agian gehien kontrolatzen dudan kirola delako eta gehien gustuko dudan kirola. Nire bizitzan irrati bidez gehien entzun ditudan zuzenekoak ere futbolekoak izan dira. Zuzeneko kirol emankizunak eskaintzeaz gain, kirol programak eta kirol albistegiak ere egiten ditugu, eta kirol guztietatik kontrolatzen dugu pixka bat, denetatik lantzea tokatzen zaigulako. Hori ere polita da.
6. Apirilaren 30ean Beleixeren 25. urteurrenaren harira gidatuko duzun kirol solasaldiko gaia “Kirola eta euskara” da. Euskadi Irratiko saioetarako kirolari euskaldunak lortzea zaila izaten da, ala geroz eta errazagoa?
Ez da gaztelaniaz bezain erraza, oraindik ere Euskal Herrian euskaldunak ez diren kirolari asko ditugulako, baina geroz eta gehiago dira euskara menderatzen dutenak, eta euskaraz egiten ahalegintzen direnak. Egun, entrenatzaileen kasuan ezin ditugu futbolean denak euskaraz elkarrizketatu. Ezta saskibaloian ere ez. Zailtasunak hor daude. Moldatzen gara; normalean euskarazko audio-korteak lortzen ditugu, eta protagonistek ez badakite euskaraz, adituekin edo albokoekin saiatzen gara. Nolanahi ere, iruditzen zait azken urteetan euskararen aldetik hobetu egin dugula; ikasketak bukatu nituenetik lanean nago, 10 urte pasa dira eta aldaketa nabaritzen dut. Osasunaren kasuan lehen Oier Sanjurjo zen euskaraz hitz egiten zuen bakarretakoa, edo Mendilibar, eta gaur egun Jagoba Arrasate dago, Aitor Fernandez, Unai Garcia, Jon Moncayola, Aimar Oroz... gazte gehienek euskaraz dakite eta horrek gauzak errazten dizkigu.
7. Athleticen Kopako ospakizunetan polemika egon zen, gehienez gaztelaniaz mintzatu zirelako eta Asier Villalibre izan zelako euskararen aldeko mezua zabaltzen bakarrenetako bat.
Egun horretan lanean nengoen, udaletxe barruan, jokalariak balkoitik sartzea itxaroten. Barruan jokalari mordoa elkarrizketatu genuen euskaraz, baina balkoian Iker Muniain kapitainak hartu zuen hitza eta berak ez daki euskaraz. Nik laneko perspektibatik bizi izan nuen eguna, eta ulertzen dut jendea ere minduta egotea. Egun luzea izan zen. Bilbon bildutako jendetza ikaragarria izan zen; hori lortzea ez da erraza. Bakoitzaren taldea edozein izanda ere, Athletic-zaleak zoriondu behar dira, Kopa irabazteagatik eta ospakizunengatik. Nire irudikoz, udaletxeko ongi-etorria baino politagoa izan zen gabarrak egin zuen zeharkaldia.
8. Iortiako mahai inguruan Jagoba Arrasate egongo da. Arrasatek asko eman dio Osasunari, bai entrenatzaile gisa eta baita euskararen aldetik ere. Bere martxa gogorra izango da.
Bai, galera handia izango da. Entrenatzaile gisa, berak egin duena hobetzea ezinezkotik nahiko gertu dago. Bestalde, traturako oso pertsona jatorra da, irekia, beti prest han eta hemen laguntzeko eta parte hartzeko, eta euskararen alde beti defentsa handia egin du. Galera izugarria da, edozein arlotik begiratuta.
9. Yolanda Martil irurtzundarra Xotako kapitaina da, Maitane Vilariño olaztiarra Osasunako jokalaria, eta Igor Martinez altsasuarra CBASK saskibaloi taldeko jokalari, entrenatzaile eta El Conquis saioko partaidea. “Euskara eta kirola” gaia hartuta, nondik joko duzu?
Lehendabizi jakin nahi dut euskarari dagokionez ea zein den euren errealitatea, bereziki euren taldeetan eta baita euren inguruan eta kirol esparruan ere. Euskararen garapenik ikusten ote duten, nik ikusi dudan bezala, edo zer dagoen hobetzeko. Zeren kluben komunikazioetan, jarduteko moduan... egongo dira hobetzeko gauzak. Hori abiapuntua izango da, ea hortik noraino desbideratzen garen. Igorri El Conquis saioari buruz ere zerbait galdetu beharko diogu, ezta?
10. Euskarak aurrera egin dezan, euskararen aldeko jarrera ezinbestekoa da, baita kirolean ere.
Jakina. Lehen planoan dauden kirolariek euskararekiko jarrera proaktiboa izatea oso garrantzitsua da. Euskarari ikusgarritasuna ematea. Osasunan gehien hitz egiten duena entrenatzailea da. Entrenatzaile horrek, euskalduna izateaz gain, euskararekiko aldeko jarrera badu, euskaraz hitz egiten hasten bada eta gero gazteleraz jarraitu... hori garrantzitsua da. Edo CBASK-eko zuzendaritzak, edo sare sozialak eramaten dituenak euskarari tokia ematea; horrek garrantzia du. Kirol talde baten egituran jende euskaldun mordoa badago eta euskara sustatzen ez badute, hor arazo bat dago. Denei eskatu behar zaie urrats bat ematea.
11. Zuk zerorrek ere jarrera proaktiboa duzu: Twitterren euskaraz aritzen zara.
Gaztelaniaz idazten dut soilik norbaiti erantzuteko bada. Aldiren batean, gauza oso garrantzitsuren bat bada, elebiz idatzi izan dut, baina normalean euskaraz idazten dut, horretan sinisten dudalako eta nire lehen hizkuntza delako.