"Urduri xamar, baina ilusio handiarekin" zegoen Iñigo Goikoetxea Gozategi taldeko kidea. "Kezka puntu bat" ere bazuela aitortu zuen, etxean jotzeak suposatzen duenagatik. Uztailaren 4an, Urdiango festetan kontzertua eman zuen Gozategik. "Eszenatoki batera igotzeko tentsio puntu bat behar da; nik uste horrek egiten duela kontzertu hori bereziagoa izatea eta urduritasun hori transmititzea ere polita da". Kontzertuaren aurretik, oso polita izango zela eta sorpresaren bat egongo zela aurreratu du.
Noiztik ez duzue Urdiainen jotzen?
Ez nago seguru, baina hamar edo hamabi urte izango dira jo genuela azkeneko aldia. Hura izan zen abuztuko festetan, baina sanpedrotan desberdina da. Jende gehiago mugitzen da eta festa-festak San Pedro da. Azken urteetan abuztukoak ere sekulako indarra hartzen ari dira, baina nik uste herriko giro gehiago sortzen dela. Sanpedroko festetan kanpoko jende gehiago mugitzen da.
"Ikustea zure herrian jendeak ilusioa duela, oso polita da"
Herrian jotzeko beharra zegoen?
Ez dakit beharra... Behintzat jendeak adierazi du ilusioa bazeukala. 34 urte daramazkigu herriz herri eta auzoz auzo, eta ikustea zure herrian jendeak ilusioa duela, oso polita da.
34 urte eszenatokiaren gainean; nola sortu zen Gozategi?
Laburpen bat egiteko esango nuke oso modu naturalean sortu zela. Altsasun, aspaldi, Egin eguna ospatzen zen eta gara hartan 18 edo 19 urte izango nituen eta Ortzi folk taldean jotzen nuen. Kontzertua eman genuen Egin egunean eta Asier ikusle moduan zegoen eta nonbait zerbait egiteko hitz egin behar genuela pentsatu zuen. Horrela izan zen. Kontzertua bukatuta elkartu ginen eta Arbizun trikiti klaseak ematen zituen eta klaseak ematen zituen gelan gelditu ginen, jotzen hasi ginen, eta esfortzu handirik gabe, oso modu naturalean, sortu zen. Nik uste politena dela gaur egun eszenatokira igotzen garela eta pixka bat arazoak alde batera uzten ditugula; bakoitzaren instrumentua hartu eta oraindik sentitzen dugula bien arteko zerbait.
Hiru hamarkada eszenatokira igotzen, elkarrekin, eta arrakastarekin; plazak betetzen. Ez da erraza, ezta?
"Eszenatokira igotzea eta egiten duzunarekin gozatzea, hori da arrakasta"
54 urte ditut eta 34 urte bizitza osoa da, eta arrakasta bezala ikusten duzu eszenatoki batera igotzea eta zure lagunak eta lankideak diren horiekin, momentu horretan, disfrutatu egiten duzula egiten duzunarekin. Bizi esperientzia bezala bizi duzu, eta noski, kanpoan dagoena, jende asko baldin badago eta kontzertua potente bada, askoz ere hobeto. Baina denborarekin konturatzen zara arrakasta hori dela; eszenatokira igotzeko aukera izatea eta egiten duzun horrekin gozatzeko. Bestea beharrezkoa da, bestela ez duzulako igotzeko aukera gehiagorik, baina benetan bizi esperientzia bezala baloratzen duzu hori dela arrakasta.
Hori ere bada zuen sekretua?
Nik uste sekreturik ez dagoela, eta gaur egun sekretu bat mantentzea ere ia-ia ezinezkoa da. Sekretu bat gordetzen baduzu nonbait argitaratuko dute zerbait gezurra dena. Egia esan, gu sare sozialetatik eta super industria musikal horretatik nahiko kanpo gaude, nahiz eta beti hortik pasa behar duzun; talde batek funtzionatzeko behar dituen infraestruktura batzuk behar dira. Baina gaur egun nahiko kanpo gelditzen dira gara makro industria horretatik.
Zuena plazak dira.
Kanta pila bat dauzkagu oso ezagunak direnak. Taldea baino ezagunagoak dira kantak. Orduan, hori talde batek izan dezakeen fortunarik handiena da.
Belaunaldiz belaunaldi ezaguna da Gozategi.
Oso erroturik dago gizartean. 35 urteko ama batek entzuten badu, lau urteko seme-alabak adituko du. Egiten dugun musika oso musika xumea da; aldi berean gu ez gara oso musikari handiak. Baina bai esango nuke izpiritua edo gogoa jartzen dugula. Musika baino transmititzen duguna bizipoza bat da. Nahiz eta batzuetan bizipozarik ez egon. Musika horrek zerbait sorrarazten digu guri eta hori transmititzen dugu. Urteak pasata konturatzen gara zein inportantea den gure gizartean plaza osasuntsu bat izatea. Azkenean, euskaldunok plazan elkartzen gara eta hor denak bat egiten dugu. Egon daitezke arazo gehiago edo gutxiago gizartea batean, baina euskaldunok behintzat hor elkartzen garenean festa jator bat egiteko gaitasuna dugu; ateratzen da. Gaur egun bizi garen gizarte honetan, eta batez ere jendea gazteak, deskubritzen ari dira harremantzeko beste modu bat festa jator horretan. Batez ere pandemia eta gero jende gazte askok deskubritzen du hori; mugikorra utzi eta harremantzeko beste modu bat dagoela.
Zazpi disko kaleratu dituzue. Besteren bat kaleratzea pentsatu duzue?
Zazpi dira? Gozategi, Ainhoa, Kalanbreak, Egun on, Goztg.kom, Bizi bizirik, zuzeneko bat eta G puntua; zazpi gehi zuzenekoa. Egia esan, ideia asko dauzkagu, baina diskoa kaleratzeak dedikazio handia eskatzen du. Momentu honetan bakoitzak daukagun bizitza pertsonalarekin eta abar ez da hain erraza hori egiten burubelarri jartzea. Horrelako proiektu batean sartzeko, disko batean sartzeko, dena oso ongi antolatuta izan behar duzu. Bestela, ez du zentzurik. Azkenean, disko batean kantak politagoak edo itsusiagoak izan daitezke, baina benetan nabaritu behar da hor zerbait bizirik dagoela. Hori sentitzen ez duzun bitartean iruditzen zaizulako ez dela momentua, argi esaten dugu benetan ez duela merezi lan horretan sartzea; emaitza ez da izango nahiko genukeena. Alde horretatik lasai gaude. Iritsi behar bada, ailegatuko da. Ideia pila bat ditugu disko bat egiteko eta baita bi ere egingo genituzke. Baina momentu honetan ez da momentua. Nahiz eta industrian mugitzen diren faktore guztiek baietz esan.
Zer sentitzen duzu eszenatokira igotzen zarenean?
Oraindik ere tripan bizitasuna eta disfrutatu egiten dut. Jende askok galdetzen du: Ez zarete aspertzen beti kanta berdinak jo, eta hurrengo egunean berriz... Beti komentatzen dut berdina: guretako kantaita bat instrumentu bat da, publikoarekin komunikazio bat lortzeko erabiltzen duzun instrumentu bat. Espazioak eta denborak aldira-aldiro desberdinak dira eta komunikazio desberdinak sortzen dituzu. Nik bajoa jotzen dut, baina kantak erabiltzen dugu komunikazio hori lortzeko. Alde horretatik,instrumentu bat ez da sekula zahartzen eta beti berria da. Beti sorprenditu egiten zaituzte. Komunikazio ezberdinak sortzeko espazio handia da; euskal plazak hori ematen digu.
Gitarra jole berria duzue, ezta?
Gitarra jole berdinarekin jarraitzen dugu; Imanoli urte hasieran La Oreja de Van Gogh taldearekin biran jotzeko aukera sortu zitzaion. Nahiz eta hasieran zalantza handia izan, bizitza erabat aldatzen duzulako eta dena birkolokatu behar duzulako, musika mota hori gustatzen zaio eta jotzeko gaitasun handia dauka. Nik animatu nuen proiektuak sartzeko. Libratzen duenean gurekin etortzen da, aurreko astean gurekin egon zen, eta ez dagoeneko Tolosako Ander Zubillaga etortzen da eta primeran egoten gara.