Usainak parlamenturaino

Guaixe 2012ko urr. 10a, 17:42

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Javier Esparza Nafarroako Parlamentuan izan zen, Ziordiko Aralur S.L. enpresari eginiko ikuskapenari buruz informatzeko. NaBaiko Manu Aierdik eskatu zuen agerraldia. Izan ere, ziordiarrak kexu dira lantegian sortzen diren usain oso desatseginengatik eta horrek Foruzaingoa gaia ikertzea ekarri baitu. NaBaiko parlamentariak departamentuak "zerbait gaizki egindakoaren sentipena" zuela adierazi zuen. "Legediaren arabera zenbait egiaztatze egin behar dira eta mekanismo batzuk daude. Horregatik harritzen nau tamaina horretako baimena 21 egunetan ematea makina bat arazo dituen enpresa bati". 

Aierdik ziurtatu zuenez, "baimen bat eman da Ingurumen Babeserako Foru Legean jasotako baldintzak bete gabe. Azpiegitura egokiak ote diren jakiteko bisita egin gabe". Enpresari fabore tratua egiten ote zaion galdetu zuen. Aierdik gaineratu zuenez, "Foruzaingoak egiten ari dena egiteko baimena ez duela dioen akta jaso zuen. Gainera, gaizki egiten ari da, biltegiratze baldintzak eta beste bete gabe. Baina harrigarria da hala eta guztiz baimena ematen zaio". Esparzari galdetu zion enpresak Gobernuaren ebazpenak agindu bezala enpresak 60.000 euroko bermea ordaindu duen. Horretaz gain, Aierdik ziurtatu zuen enpresa hartzekodunen lehiaketan dagoela eta jarduera guztia aurrera eramateko beharrezko gaitasun teknikoa eta beste dituen. Apirilean Foruzaingoak atzemandako gabeziak oraindik ez direla zuzendu ere ziurtatu zuen Aierdik, eta "bitartean kamioiak iristen segitzen dute".

Kontseilaria
Esparzak azaldu zuenez, Ziordiko enpresari 21 egunetan eman zitzaion baimena enpresak 10 urtez hondakin ez arriskutsuen kudeatzaile baimena izan zuelako. "Ez zuen erabili, baina izan zuen. Pentsatzen dut baimen eskaera hasi aurretik ikuspegi teknikoko bilera egonen zirela, baimena berritu eta lortzeko. Ez da zerotik abiatzen den enpresa bat, aurretik bazuen". Kontseilariak azaldu zuenez maiatzeko baimena indarrean den enpresaren irekiera baimenarekin lotura du. Bestalde, Esparzak esan zuen enpresaren jarduera zabaltzea pabilioi berriaren jarduera lizentziarekin lotuta dagoela. Gobernuko kideak Foruzaingoaren txostena oinarri hartuta, "legedian aurreikusitako zigor araudia aplikatzea baloratzen" ari direla esan zuen. "Orain arte egindako jardueren berri Ziordiko Udalari bidali zaizkio. Udala inhibitzen bada, departamentuak esku hartuko du". Departamentuak legedia betetzen duela ziurtatu zuen eta ziurtatu zuen eta ez dela inolako fabore-traturik egon ziurtatu zuen Esparzak. "Departamentua ez da geldi egon, enpresari egin behar duena esan zaio". Eta gaineratu zuen "gaur egun enpresak gaitasun teknikoa du, kudeatzaile baimena" duela.

Beste taldeak
Gomezek (UPN) Foruzaingoaren txostena ikusita zerbait egin beharko dela adierazi zuen. Otxoa (PSN) departamentuari bi eskaera egin zizkion: hondakin gehiago ez eramatea eta lixibiatuak jasotzeko neurriak ezartzea. Txentxo Jimenezen (NaBai) ustez Ingurumen Baimen Bateratua beharko luke enpresak egiten ari den hondakinen kudeaketa egiteko. Eta halako baimen bat ezin da 21 egunean eman prebarikaziorik ez badago behintzat. Koldo Amezketari (Bildu) ere "harrigarri eta deigarri" egin zitzaion baimena hain azkar ematea, are gehiago Foruzaingoaren salaketa egonda. Baimen ematea "argitu" beharra dagoela esan zuen. De Simonendako (I-E) "oso deigarria" da baimena hain azkar ematea. Udalarena baino ardura departamentuarena dela iritzita, "behin-behinean jarduera gelditzea" eskatu zuen.

Udala Ziordiko Udala kasu honetan zer egin aztertzen ari da. Jesus Arrese alkateak esan digunez, "ez dugu erabaki, zein isun jarri daitekeen jakin gabe. Eta jakinda isuna jartzea alferrik izan daitekeela, ezin duela ordaindu dakigunean". Udalak guztia aztertu eta orduan hartuko duela erabakia esan digu Arresek.

Alkatea departamentuarekin kexu azaldu da: "nola du ezer Ziordiak departamenduak baimena eman badio. Ez balio eman udalak bere bidea eginen luke. Baina goian dagoen erakunde baten jardunak udalaren bidea hipotekatu du". Departamenduak baimena kontsultatu gabe, findantza jaso gabe ematea salatu du alkateak. Sustratu naturalak eta turba egiteko enpresak papergintzako hondakinak eta ia konposta den materiala erabiltzen hasi denetik usainak ugaritu egin direla azaldu digu alkateak. Ziordiarrak horregatik kexatu ziren. "orain ez du egunero usaintzen, Baina konpostgaia kamioietatik deskargatzen dutenean eta hura papar hondakinez estali bitartean usaina dago".

Gipuzkoatik
Ziordiko enpresara Gipuzkoan atez ateko bilketarekin jasotako materia organikoa ekartzen da, guztiz konpost bihurtu gabe. Cespa enpresak 7.000 tona hondakin soberakin tratatzeko kontratua lortu zuen. Hasiera batean Burgosko planta batean tratu behar zen, baina Gaztela eta Leongo Junta bere ezadostasuna azaldu zuen. Hala, Cespa enpresaren bidez iristen dira hondakin horiek Ziordira.

Kronologia
1991 Aralur martxan jarri zen.
2000-08-08 Gobernuak Aralur hondakin ez arriskutsuen kudeatzaileizateko baimena eman zion.
2009  Aralurrek gobernuari baimena eskatu zuen pabilioi berria egin eta bere jarduera handitzeko.
2009-11-19 Hirigintza bateraezintasunagatik Ziordiko Udalak kontrako txostena egin zuen eta aurreko eskaera artxibarazi zuen.
2010-04-23 Gobernuak Aralur hondakin ez arriskutsuen kudeatzaile gisa baja eman zion. Ingurumen Kalitate Zerbitzu baten ikuskaritzaren ondoren hartu zuen erabakia gobernuak, "hondakinak ez zirelako kudeatzen ari eta asmorik ez zegoelako".
2011-01-19 Nafarroako Administrazio Epaitegiak, pabilioiaren auzian, enpresari eman zion arrazoia. Udalak epaiari helegitea jarri dio.
2011-05-27 Ingurumen Kalitate Zerbitzuko ikuskatzaileak Aralurren izan ziren.
2012-03-21 Ziordiko alkateak herritarren kexuen berri eman zuen Altsasuko Foruzaingoaren polizia etxean.
2012-04-10 Foruzaingoa Aralurren izan zen eta ikuskapen-akta jaso zuen.
2012-04-20 Aralurrek hondakinak kudeatzeko eskaera egin zuen.
2012-05-03 Ikuskapen-akta eman zuen poliziak.
2012-05-08 Foruzaingoak departamentuari ikuskaritzaren txostenaren berri eman zion.
2012-05-11 Nafarroako Gobernuak Aralurri hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena eman zion. 60.000 euroko bermea jarri ondoren sartuko litzateke indarrean baimena.
2012-09-04 Ingurumen Kalitate Zerbitzuko ikuskatzaileak Aralurren izan ziren. Udaberriko egoera mantentzen da eta bermerik ez du ordaindu enpresak.