“Dokumentala beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun, bestela elkarrizketei ez zitzaien inolako zukurik ateratzen”

Guaixe 2018ko abe. 21a, 08:43

Duela aste batzuk ETB2n hainbat ziordiar ikusi genituen herriari eskainitako saio batean. Oraingoan beste ikus-entzunezko bategatik jo dugu hara, herriko ohituren inguruko dokumentala, Ziordiko ilargia mustuko dutelako etzi. Olatz Irizar Martinez zinegotziarekin hartaz hizketatu gara. 

1. Dokumentalaz hizketan hasi aurretik, zer moduz osteguneko Santa Luzia ospakizunak?
Ez genuen zorte onik izan. Bezperan eta hurrengo egun arratsaldean eguraldi ona izan zen. Eta Santa Luzia egunean, ospakizun garaian, kristoren euriteak. Horrek beti du eragina. Polita izan zen baina beste urteetan baino jende pixka bat gutxiago atera zen. Hala ere, oso ongi joan zen. Herriko koadrila batek, sorpresaz, gaztetxean taloak egin zituen. Oso giro polita sortu zuten. Beraiei esker festa “salbatu” egin genuen.

2. Ziordiari buruzko dokumentala mustutzekotan zaudete, ezta?
Bai, domekan. Herritar asko sartzeko moduko aretorik ez dugunez, hiru emanaldi egitea pentsatu dugu. Aurreneko saioa haurrendako izanen da, 11:45ean. Helburua da haur guztiak saio berean elkartzea, hurrengo saioetara ez joateko. 52 minutuko dokumentala da, eta denok dakigu haurrak denbora luzez adi egotea oso zaila dela. Zarata sortu behar badute, haiendako saioan sortu dezatela eta beste bi emanaldietan herritar helduek ondo entzuteko aukera izan dezatela. Helduendako saioak 13:00etan eta 19:00etan izanen da.

3. Ziordiko ilargia izenburua, nondik dator?
Izenburuak ilargiari aipamena egiten dio bera neurri batean haria delako. Ilargia eta Urbasa dira elementu garrantzitsuenak.

4. Nondik sortu zen dokumentala egiteko aukera?
2006an egindako elkarrizketetan oinarritzen da dokumentala. Labrit Multimediakoek Nafarroa osoa herriz herri orraztu zuten. Garai bateko, batez ere XX. mende hasierako herrietako bizitzari buruzko testigantzak jasotzeko. Ziordian 8 elkarrizketa egin zituzten. Elkarrizketa horien ondoren herri batzuetan dokumentalak, film laburrak edo halakoak egin ziren, baina Ziordian ez zen ezer egin elkarrizketa horiekin. Udaletxean elkarrizketak dituen disko gogorra izanik guri ezer ez egitea pena zela iruditu zitzaigun. Horrela bilduta izatea ez da batere pedagogikoa; denen eskura badago ere inork ez du hainbeste ordu ikusten. Haietan esandako interesgarrienak jaso eta haiekin dokumentala egitea pentsatu genuen. Beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun, bestela orduan egindako elkarrizketei ez zitzaien inolako zukurik ateratzen.

5. Zein ziordiar elkarrizketatu zituzten?
Jose Agirre, Jose Aramendia, Angel Arrese, Milagros Mujika, Miguel Gonzalez, Antonio Otsoa, Placido Mendoza eta Angeles Martinez ziordiarren testigantzak jaso ziren. Aurreneko hirurak dagoeneko hilda daude.

6. Zenbat denbora eman duzue hura prestatzen?
Legegintzaldi hasieratik genuen buruan. Bagenekien elkarrizketa hauek existitzen zirela eta Ziordian behar bezala ez zirela zabaldu. Eta beste herri batzuetan gauza batzuk egin zirela. Esan genuen: honekin zerbait eginen dugu. Egia da egunerokoak jaten zaituela. Duela pare bat urte serio hartu genuen. Labrit Multimediakoekin harremanetan jarri ginen, elkarrizketak haiek egin zituztelako. 10 urte baino gehiago pasa zirela kontuan hartuta zer egin zitekeen galdetu genien. Haiek aurrekontua egin eta ideia batzuk eman zizkiguten. Eta orain urtea eginen du lantalde bat martxan jarri ginena.

7. Zeinek parte hartu du prestaketa horretan?
Udaletik nik bakarrik parte hartu dut lantaldean koordinazioa egiteko. Gainontzeko kideak udaletik kanpokoak dira; herriarekin eta herriaren memoriarekin interesa duten pertsonak: Itsasne Mendinueta, Javi Legaz, Naiara Perkaz, Rosa Mendoza, Mari Jose Mendoza, Conchi Cerdan eta Maider Perkaz. Labritekoekin batera urtebete eman dugu.

8. Nola banatu duzue lanak?
Labritekoek gidoia eta koordinazio lan guztiak egin dituzte. Herrian behar ziren gauzez arduratu gara gu. Pertsonek esaten zuten gauzetan oinarrituta erreprodukzioak egin ditugu. Horietan ia-ia 80 herritarrek parte hartu dute. Pertsona horiek, eszena-tokiak, horiek janzteko ardura gurea izan da. Kameraz Iban Toledo arduratu da, Aloña Jauregi laguntzaile zuela. Haiekin lan egitea luxua izan da. Ezagutzen ez dituztenendako Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren egileak dira. Euren arloan oso ezagunak, hain justu onak direlako. Beraz, hiru arlotan lan egin dugu. Herritarrok ziordiarrak mugitu ditugu. Koordinazioa eta gidoia Labritek, Amaia Arrieta eta Uxue Etxebeste ibili dira batez ere. Eta kamara eta muntaia lana Iban Toledo eta Aloña Jauregi. Musikaz Ion Celestino arduratu da. Aita Donostiak 1920an Ziordian jasotako Dozen erditxu bat bertsu kantan oinarritu da hura sortzeko.

9. Nolako lana sortu duzue?
Nik oraindik ez dut dokumentala ikusi, ziordiar guztiek kontrakoa pentsatu arren. Ez dakit oso ongi kontatuko dudan. Adibide bat jarriko dut. Bada andre bat kontatzen duena bere aita artzaina zela eta aldian behin Urbasara igotzen zela bere iloba batekin edo birekin. Nik istorio horren berri dut emakume hori nire amaren izeba delako eta Urbasan gora asto batekin janaria igotzera joaten zirenetako bat nire ama zelako. Uste dut berak hori kontatzen duen bitartean bere ahotsa entzunen da, bere irudiren bat aterako da, eta bitartean ziordiar batzuk eszena hori antzezten agertuko dira. Ez dugu beti lortu zaila delako, baina saiatu gara antzezpenetan elkarrizketatuaren senideak egoten. Aipatutako kasuan Urbasara igotzeko antzezpena nire ahizpak egin du. Halako detaileak zaintzen saiatu gara, oso polita delako. Bizirik dauden elkarrizketatuei errekreazioa gehiago gustatuko zaie ikustean bere familiako batekin beste batekin baino. Dena ez dugu hala egin kasu askotan ezinezkoa zelako.

10. Zenbat eszena berregin zenituzten?
Zazpi edo zortzi. Bi egunetan egon ginen grabatzen.

11. Ziordiarrak kamera aurrean jartzeko prest?
Bai. 80 bat herritar inguruk parte hartu dute. Jendeak oso-oso ondo hartu du. Egia da momentu batean Iban eta Aloña gurekin pixka bat haserretu zirela. Hainbeste jendek parte hartu nahi zuen denak sartu nahi genituela. Bien arteko oreka hori… Batzuetan haserre eta guzti egin ziren. Parte hartu nahi zuen jende guztia sartzen saiatu ginen. Eszena gehienak lauzpabost pertsonetakoak dira. Baina, badira hiru oso jendetsuak direnak. Batean 14, 15 eta 16 urte dituzten gazte guztiak agertzen dira. Mojen eraikina zena, Aramauna espazioa dena, hor emakumezkoek lan egiten zuten lantegi bat egon zen. Dokumentala egiten ari ginela jakin dugu Nafarroan emakumezkoak lantegira joaten ziren lehena izan zela. Eszena horretan Ziordiko 20 emakume inguruk parte hartzen dute. Haurren jokoak irudikatzen duen eszenan herriko haur guztiak daude. 80 bat aktore lanetan. Baina izugarria izan da jaso dugun laguntza: jantziak lortzen, dekoratuetarako gauzak lortzen… Horretan beste 15 pertsona aritu dira.

12. Eszenaren bat berregiteko gogoz gelditu zarete?
Elkarrizketatuen hitzetan zein garrantzi zuten kontuan hartuta, horiek gidoilariek aukeratu zituzten. Eta grabatzeko modukoak zirenak kontuan izanik. Haiengan erabateko konfiantza izan dugu. Gidoilariek herriko talde eragilearekin dena kontrastatzen zuten. Hori bai, beste gai bat hartu eta beste dokumental bat egiteko gogoa piztu digu. Ez dakit eginen dugun. Legegintzaldi honetan behintzat, ez.  

13. Emanaldiaren ondoren dokumentalaren kopiak eskuratzeko aukera izanen da?
Gure asmoa da etxe bakoitzeko kopia bat banatzea. Urtero garai honetan egutegi bat banatzen dugu eta egutegiarekin batera DVDa banatuko dugu. Sobera egonen dira eta horiek jasotzeko udaletxera joan beharko da. Eta, printzipioz, erroldatu bakoitzeko bi kopia baino gehiago ez ditugu banatuko.  Ilbeltzaren 30erako soberan daudenak liburutegira eramanen ditugu eta nahi dutenen esku utziko ditugu.

14. Domekarako dena prest?
Bai. Domekan bertan elkartea egokitu beharko dugu, mahaiak kendu eta bankuak sartu. Domekara arte ezin da egin, bihar afaltzeko erabiliko delako elkartea. Gainontzeko guztia, prest.

Erlazionatuak