Ziordiko herri-ihoteak bizirik

Guaixe 2019ko ots. 18a, 15:49

Ziordiko kultur batzordeak bultzatuta herri ihoteak berreskuratu zituzten aurreko larunbatean. Zomorroak, Pezkinak eta Artzainak herriko jaun-andre eta jabe izan zirenean. Akaberan, agotzez betetako popina ajustiziatu zuten plazan

19:00ak izateko ordu erdi gelditzen zenean, Ziordiko gimnasioaren ingurua mozorroz beteta zegoen jada. Ziordiko herri inauterietako pertsonaiak ziren: Pezkinak, Zomorroak eta Artzainak. Ziordiarrak kultur batzordearen deialdira ongi erantzun zuten. Gainera, berreskuratutako herri inauteriak zuzenean ikusteko jende asko hurbildu zen ere.

Pezkinak nagusi ziren, agian, jantzia errazena zelako: apaindutako zakua. Pertz batean errautsa eramaten zuten. Hala ere, Zomorroak eta Artzainak ere izan ziren. Zomorroak ezagutzeko errazak ziren zuriz jantzita zihoazenak zirelako. Aurpegia zapi batekin edo maskara batekin estalita zuten. Artzainak ere identifikagarriak ziren, mahoizko prakak eta koadradun atorra. Aurpegia zikinduta zuten.

Zortzikoak
Ziordiarrak urduri xamar zeuden, izan ere, egunero ez dira herriko inauteriak berreskuratzen. Noiz hasi, nola hasi... jantzian azkenengo ukituak eta suziriaren eztandarekin hasi zen kalejira trikiti eta panderoaren doinupean. Pezkinak errautsak botatzen joan ziren, hala ere, larunbatean egin zuen haizeteak lanean lagundu zuen. Jantzietan kalteak sortu zituen ere, ezer larri, zorionez. Baina txanoek nolanahi hegan egiten zuten. Eguraldiaren arazoei alde aurre egin, eta lehenengo gelditikora iritsi zen mozorro segizioa. Goiko iturrian borobil bat egin eta azken asteetan entseatu duten zortzikoa jendaurrera eramateko ordua iritsi zen.

Ziordiko zortzikoa galdu zenez, Altsasuko zortzikoa ikasi zuten ziordiarrek eta hori egokitu dute. Hortaz, binaka joan beharrean banaka dantzatu zuten zortzikoa eta lehenengo soka-dantza egin beharrean ere banaka dantzatu zuten. Jota eta porrusalda Altsasuko modura dantzatu zuten. Akaberan soka-dantza egin zuten. Edozein ospakizunetan bezala ezin auzatea falta.

Goiko iturritik ermitara bidea hartu zuten, kalejiran, mozorroak eta ikusleak segizio bakar batean batu zirela. Bertan, ermitan, bigarren zortzikoa dantzatu zuten, kasu honetan zortzikoa baino ez zuten dantzatu. Dantzatu ondoren, beste auzate bat egin zuten. Berreskuratutako inauterien azken eszena gelditzen zen. Plazan egin zuten azkenengo zortzikoa. Aurretik, agotzez betetako popina plazaren erdian egindako suterako oinarrian jarri zuten. Zortzikoa dantzatu zuten, eta soka-dantzan ari zirela popinari su eman zioten eta mozorroek inguruan dantzatu zuten herri ihotearen azken doinuak.