“Bake eta lasaitasun unea da”

Guaixe 2019ko ira. 8a, 13:02
Pello Azpiroz eta Mari Jose Arrese pose txupinazo ondoren.

Erori zen pertsona bati laguntzera joan, izotzetan irristatu eta hala gelditu zen tetraplegiko Pello Azpiroz Hernaiz. Festetako etxajua piztu ondoren ziordiarren txalo zaparrada jaso zuten berak eta bere emazte Mari Jose Arresek. Pasa dutena kontatu digute.

Zer gogoratzen duzu ezbeharraz?
P. Irristatu, buruan kolpea hartu eta bati esan nion: ez ditut ez besoak ez hankak sentitzen. Konortea galdu nuen. Zainketa Intentsiboko Unitatera (ZIU) bisitan joan zen jendea agurtu nuen, baina ez dut ezer gogoratzen. Iruñeko ZIUtik Toledokora bidali ninduten. Jende pilak agurtu ninduen. Horretaz ere ez naiz gogoratzen. 

Zenbat egon zinen Iruñeko ZIUn?
MJ. 2018ko otsailaren 12tik martxoaren 5era arte egon zen. 
P. Nik Iruñean amestu egiten nuen. Itzal ugari ikusten nituen, baina ez zuten aurpegirik. Nik hots egiten nien eta guztiek hanka egiten zuten. Nik Mari Jose ikusten nuen, goian; ni ontzi edo kutxa moduko batean nengoen. Hots egin eta handik ateratzeko eskatzen nion. Deliratzen.  

Toledon horrela segitu zenuen?
P. Denboraldi bat, bai. Amets berak nituen han. Hots egiten nuen. Segadunari zenbaitetan hots egin nion: badakit hor zaudela; etorri eta eraman nazazu, ez nazazu hainbeste sufriarazi. Baina… 
MJ. Martxoaren 19ra arte egon zen ZIUn, egun hartan igo zuten plantara. Toledon bederatzi hilabete eta erdi egon zen. Abenduaren 21ean bueltatu zen etxera. 

Nolakoa da Toledoko erietxea? 
P. Ospitalea da. Baina han jendeak makuluak, gurpildun aulkiak, ohatilak… dituzte. Hara goazenak oso gaizki goaz. Sendatzen goaz. Baina zure burua istripuz, gurpildun aulkiez, ohatilez, zeladorez, erizainez betetzen da. Ez duzu besterik ikusten. Iristen da une bat zeinetan atera beharra duzun. 
MJ. Prestatuta dagoen moduan, gaixoendako oso erosoa da, guztia egokitua dagoelako. Oso handia da. Baina oso latza da, kasuak direlako… Ikusten duzu ateratzen den bakarren bat, baina hainbeste kosta da! Hau iraupen-lasterketa da. 
P. Burutik sano ez daudenak ere ikusten dituzu. Ez dakizu horrela sartu diren edo… Jokatzeko modua eta… zerbait arraroa dago. 

Zoritxarrari indar gehiagorekin edo gutxiagorekin aurre eginen zioten…
P. Bazegoen oso jenio txarreko jendea. Nik orain Jainkoari eskerrak ematen dizkiot jabetzen naizelako nire patua zela. Tokatu zait! Ez nuen inor errudun egin. Kontrakoa, artatzea eskertzen nuen. 

Arlo fisikoa eta psikologikoa lantzen dute?
P. Ohatila batean nengoela aurreneko elkarrizketa psikiatra batekin izan nuen. Zer sentitzen duzu, galdetu zidan. Ezin dudala mugitu, mendekotasuna dut, ezin dudala ezer ez egin, lorategian uzten banauzu han betirako geldituko naiz. Asko negar egin ote nuen galdetu zidan. Eta baietz. Eta zer gehiago sentitu nuen galdetu zidan. Nire ametsak kontatu eta begira gelditzen zitzaidan. Hori ospitaleko solairura igo nindutenean izan zen. 
MJ. Jarraipen integrala egin diote. 

Gimnasioren bat ere egonen zen. 
P. Niri Iruñean trakeotomia egin zidaten, bestela ito egiten nintzelako. Halako ahotsa gelditu zait.  
Toledon, lehenik, arnasketak egitera joaten zitzaizkidan. Dena galtzen duzulako: muskulatura, sabela… Solairuan etengabe zure martxa begira zeuden. ZIUn nengoela solairura pasatzea eskatzen nuen, aldaketarekin salbatuta gelditzea zelakoan edo. Baina solairuko ospitaleratzean ere asko sufritzen duzu. Gauzez jabetzeak sufriarazten zaitu. Minengatik. Hasieran zeladoreen beldur nintzen. Hainbeste, Mari Joseri ez joateko, nirekin gelditzeko eskatzen niola. Tratatu ziezadaketen modu bakarra zen hura. Batzuk astoagoak ziren, beste batzuk gutxiago. Gero jende jatorra zela ikusi nuen eta guztien lagun egin nintzen. 
MJ. Sorbaldan halako oinazea izatean, eskarak ez sortzeko hiru orduero posturaz aldatzen zuten. Aldaketa horiek egitean min handiak izaten zituen. Prestatutako oheak ez dituztelako eta eskuz egiten zuten. Hori asko landu zuten gimnasioan, hasierako terapian. Orduan min asko kendu zioten. Jakina, zegokion botikekin. Sorbaldetako mina arindu ziotenean bizi kalitatea pixka bat hobetu zuen. 
P. Hiru orduero esnatzen zaituzte. Gero loak hartzea kostatzen zitzaidan. Nekatu egiten nintzen. 

Baina hori prozesu bat da…
P. Gimnasiora jaisten ninduten. Izugarri handia eta jende askorekin. Gehiago edo gutxiago, denak izorratuta. Ni izorratuenetako bat nintzen. Kaiola moduko batean sartzen ninduten. Lotailuz estalitako besoak zintzilikatzen zizkidaten, mugimendu bat egitean pektoralak zabal zitezen. Pitteka-pitteka, minak kendu arte. Ez orduko oinazeak, baina, hala ere, min dut. Locomac-en ere jarri ninduten. Orkatilak eta belaunak lotzen dizkizute eta oinez ibilarazten zaituzte. Niretako zoragarria izan zen berriro paum, paum. Hanka sentiarazteko mahai moduko batean jartzen ninduten, hankak pixka bat kargatzen zenituen. Uneren batean bizkarrean mina egiten zizun. Baina ongi. 

Niretako hain ezezaguna zen egoera bati aurre egiteagatik beldurra sentitu nuen. Ezin nuen inola defendatu, hitz eginez bakarrik. Beldurtu nintzen. Baina gero moldatu nintzen eta ongi pasatzen nuen, barre eginarazten ninduten. Gelara igo eta han zure moduko beste hiru kiderekin zeunden. Kasu honetan ni nengoen okerren. Esperientzia berriak dira, baina ez nuke nahi inork ere halakotik pasatzerik!

Minez aparte, besterik baduzu?  
P. Barneko hotza dut. Ohera sartu eta sorbalda eta eskuak izoztuak bazenitu bezala dituzu. Tapatzen ninduten, baina arropa gehiago jartzeko edo kentzeko eskatzen nuen. Hasieran zeladore batekin eztabaida izan nuen, hotzarena sentipenak zirela esan zidalako. Beldur hartu nion. “Sentsazioak edo ez hotzak nago eta arropa eskatzen dut”. Barneko hotza zela esan zidaten erizainek. 

Toledon nola bete zenituen egunak?
P. Hasieran eternalak egiten dira, baliaezinik zaudelako. Gero errutina hartzen duzu. Esnatzen zaituzte, garbitzen zaituzte, batzuetan ohatila batean dutxatzera eramaten zaituzte. Jantzi eta gimnasiora eramaten zintuzten. Handik okupazio-terapiara eta, berehala, bazkaltzera. Ordu batean siestara eramaten ninduten, lauetaraino. Hotzak ikaratzen ateratzen nintzen ohetik eta ahal nuenetan eguzkitara ihes egiten nuen. Toledoko eguzkiak berotu beharrean erre egiten zaitu. Denek ihes egiten zioten eta ni eguzkitan lokartzen nintzen, bero premia nuelako. Sufrikarioa zen. 

Zer suposatzen zuen Toledon bisita bat, telefono dei bat edo whatsapp argazkiak jasotzea?
P. Tetraplegiko egotean ezin nuen ezer gobernatu eta telefono deiak eta whatsappak Mari Josek hartzen zituen. Ugari izan ziren. Eta bisitak ere. Jendeak asko harritu nau. Ez nuen uste hain ezaguna nintzenik, halako aitortzarik nuenik. Horrek hunkitu egiten ninduen. Bisitek animoa handia ematen zidaten. Toledora propio joaten ziren bisitan. Joaten zirenei mantso joateko esaten nien, ni bisitatzeagatik istripua izan eta ni bezala geldiko zirenaren beldur bainintzen. Horregatik, uneren batean jendeari bisitan ez etortzeko erregutu nion. 
MJ. Bera ez da konturatu baina jende asko-asko izan da mezuak bidali, deiak egin eta bisitan joan zena. Hainbeste jende izan da… 
 
Zer zientzia aurrerapen egon beharko litzateke zure moduan zaudeten guztiak lehengo egoerara bueltatzeko?
P. Toledon ez ziguten ezer esan. Ospitaletan ahoz ahokoa da gehiago, halako edo holako atera dela. Ospitaleetan ziurrenik jakinaren gainean daude, baina itxaropen faltsurik ez sortzeko ez dizute ezer esaten. 
MJ. Babesa emateko gaudenak informatzeko eta trebatzeko ikastaro batean argi hitz egin esan ziguten: ez da soilik oinez ibiltzea, esfinterrak daude, barneko hotza… Halako traumatismo edo lesio handi batek dakarren guztia. Bai, badaude tratamendu batzuekin oinez hasten diren gaixo batzuk. Hobetzen duten terapiak. Luisitoren kasua, Kubara joan ondoren oinez ibiltzen hasi da… Baina kasu bakoitza bakarra da. Aldagai ugarik eragiten dute, kasuen araberakoa da. Guztia ez gelditzeko borrokan eta lanean segitzen duzu. 

Toledon zeundela Ziordiaren zeren falta sumatu zenuen?
P. Landaretza. Hitz egiteko modua. Hemen egin nitzakeenak: lagunekin ardoa edo kubatak edatea… Hainbeste gauzez oroitzen nintzen. Horretaz psikiatra batekin eztabaida izan nuen. Guztiaz ahazteko eta bizi berri bat bizitzen ikasteko esan zidan. Ideiarik ez zuela erantzun nion. Berak hitz egiten zuen moduan hitz egiteko gaitza pasa beharra zuela. 

Nolakoak dira Ziordiko egunak?
P. Bake eta lasaitasun unea da. Eguzkitara berotzera ateratzen naiz. Hotz hilabeteak etorriko direla badakit. Ea nola pasatzen ditudan. 

Lagunak bisitan etortzeko beldurrik ez duzu izanen, ezta?
P. Dagoeneko, ez. Baina batzuetan pixka bat lasai egon nahi dut. Bisita asko izaten ditut. 
MJ. Baina pilak kargatzen dizkiote eta eskertzen dira. Baina nekatu egiten da ere. Biak. Hala ere, merezi du. 
P. Hitz egiten asko nekatzen naiz. Nola ez ditut bisitak eskertuko! Baina gaizki pasatzen dut. 

Nola betetzen duzu eguna Ziordian? 
P. Egun bat bai, bestea ez, Ubarmin klinikara noa. Saiatzen ari naiz eskuko hatzak mugitzen, ordenagailua erabili ahal izateko. Horrek asko betetzen zaitu. Eta konturatu gabe ikasten duzu. Baina, oraintxe, ezin dut ezta egunkaririk irakurri. Errealitatetik erabat deskonektatuta nago. Nere kasa moldatu nahi dut horrela. 
MJ. Hatzekin pintza egiten du. Indartu egin behar da. 
P. Baina betikoa da: ez dute nahikoa dirurik fisioterapeuta gehiago jartzeko. Ordu erdia duzu, eta konturatu gabe pasatzen da. Beraiek esaten dizute ezin dutela gehiago egin. Gero, nik etxean ahal dudan guztia egiten dut. Baina hain gutxi egin dezaket. 
MJ. Astean hirutan fisioterapeuta bat etortzen da etxera. Hori ere garrantzitsua da. 
P. Eskuko hatzak atzaparren moduan ez gelditzeko zera hauek jartzen dizkidate. Bat kendua dut gurpildun aulkia gidatu ahal izateko, bestela beste zera bat izanen nuke eskuin eskuan. Hauekin indarra hartzeko ariketak egiten ditut. Baina pitteka-pitteka. Lehen bat gitarra jotzen ikusi dut. Hori dagoeneko ezin izanen dut sekula egin. Une honetan nire ilusiorik handiena besoak mugitzea litzateke, ez zait inporta oinez ez ibiltzea. 

Musika orduan…
P. Ez. Lagunek tabernara eramaten nautenean, nik apenas hitz egiten dut, ohikoa baino zarata gehiago dago eta ez naute entzuten. Nahiago ez hitz egitea. 
MJ. Aurrekoan bere urtebetetzea izan zen eta sorpresa eman zioten: kantatzera etorri zitzaizkion.  Ederki asko aritu zen kantaz. Ongi entzuten zitzaion. 
P. Baina oso baxu. Negarrarazi zidaten. Etorri ziren eta goiz oso alaia pasa nuen haiekin. 

Gurpildun aulkiarekin kalera bakarrik ateratzen zara?
P. Bai. Frontoiko eta etxe bateko lanak begira egon naiz lehen. Nik orain ez dut alkoholik edaten eta botika ugari hartzen ditut. Aurrekoan horren kontura adar joka aritu nintzen. Bi ardo edan eta tontakeriak esaten hasi nintzen: foruzainek horrela harrapatzen banaute gida-baimena kenduko didate. Barre egiten duzu. 

Elkarteren batean zaudete?
P. Momentuz, ez. Toledotik etorri eta etxea egokitu bitartean alokatutako etxe batean egon ginen. 
MJ. Etxera aldatu berri gara. Urte eta erdiren ondoren kokatzen ari gara. Kostatu da. Festen ondoren auto egokitua begiratzen hasi beharko dugu, arranpadun autoa izan beharko du. Biok Gasteizera edo norabait joan gaitezkeelako. Baina hori egun dugun autoarekin ezin da. Etxean, garabiarekin eta guztiarekin, moldatu naiteke, baina autoan ezin dut sartu. 
P. Pentsatzen dut elkarteak egonen direla. Pitteka gauzak ikusten eta aurkitzen joanen gara. 
MJ. Momentuz, Ubarminekoarekin eta etxeko lanarekin moldatzen gara. Bestetik, Toledotik pasa garenak elkar laguntzen dugu. Dakigunaren berri elkarri esaten diogu. Erlazio estua dugu.  

Etxean obra. Horretarako laguntzarik badago?
MJ. Nafarroako Gobernuak eman digu, jaso ez badugu ere. Autoaren kasuan, uste dut BEZa eta bestelakoren bat dago. Koltxoia, garabia eta horrelakoetarako ez dago batere diru-laguntzarik.  

Egin duzuen ibilbide horretan guztian zein izan da osasun eta gizarte zerbitzuen erantzuna?
MJ. Ni oso eskertuta nago bertako medikuekin, Iruñera eraman zuen anbulantziakoekin, ospitaleko larrialdietako eta ZIUko profesionalekin, Izko doktorearekin (zoragarria izan da, Toledon geundela galdezka deitu zigun), Toledokoekin (hasieran itxi samarrak dira, baina harrera eta oso tratu ona eman digute) eta orain Ubarminen. Eta gauza bera, hara anbulantzian eramaten dutenekin. Oso profesionala izan ez den detaileren bat izan da, baina, orokorrean, oso ongi. Pozik nago. 
P. Ni anbulantzien kontuarekin nago: ez daude behar luketen bezain prest. Ubarminera ni atzeko aldean joan beharra dut eta hor ez du ez amortiguaziorik ez ezer. Dantzan joaten zara. Nik jasan dezaket, ongi lotzen naute eta jasaten dut, baina badago jasan ezin duen jendea. Hektor Goikoetxearekin gustura noa. Ongi zaintzen naute. Ongi portatzen da. 

Txupinazoa botatzea, nola hartu zenuen berria?
P. Izututa nago oraindik (elkarrizketa asteazkenean egin zen). Halakoak bizitzan behin gertatzen dira eta ez dakit zer egin, ez zer esan. Unea iritsi dadila eta zerbait aterako da. Ez dakit nola piztuko dudan etxafigua (bere alturara egokitu zuten euskarria). 

Festetako programan galdu nahiko ez zenukeen zerbait badago?
P. Ez dut jaleo handitarako gogorik. Hurrengo urtean ez dakit zer esanen dizut. 
MJ. Jende askorekin dagoenean asko nekatzen da. Herriari eskerrak eman. Baita inguruan adi izan ditugun guztiei ere. Hain solidarioak izan dira. Aurten maiatzaren 1eko bazkarian ateratakoarekin laguntza eman ziguten. Halako detaileak hunkitu egiten zaituzte. 
P. Ziordiko herriari eskerrak eman nahi diet. Maiatzekoei eman nien moduan, udalari eta festen batzordeari eskerrak ematen dizkiet, etxajua botatzeko aukeratu bainaute.