Ziordiko lantegi batean arropa metak agertu ziren 2019ko irailaren erdialdean. Ziordiko Udalak enpresa bat salatu zuen isurketa egiteagatik. Aurtengo garilean, berriz, Arbizuko bi pabilioitan arropa metak agertu ziren. Batean eta bestean agertutako arropa Gipuzkoan gaikako bilketaren bidez jasotakoa zela azaldu zuen Gurelurrek.
Arbizuko bi pabilioiak bi sakandarrek alokatuta dituzte. Azaldu dutenez, “gaika jasotako arroparen lehen baheketa egiten dute Gipuzkoan eta hura merkaturatzen dute. Gainontzekoa guk hartzen dugu, bigarren baheketa egin eta baliagarria den arropa Senegal, Kamerun edo Marokora bidaltzeko”. Gelditzen den errefusa Herbeheretarra eramaten dute, han birziklatzeko. Pandemiarekin bi sakandarren pabilioia arropaz bete zen. Baina ezin zuten inora bidali mugak itxita zeudelako. Arropa gehiago iritsi zitzaienez, Arbizuko bi pabilioiak alokatu eta arropaz bete zituzten.
Osasun egoera onbideratzen ari dela dirudi, eta haietako batek esan digunez, “gure pabilioira eraman gabe, Arbizuko pabilioietan bertan ari gara arroparen baheketa egiten. Ona dena saltzeko bideratzen ari gara eta, gainontzekoa, birziklatzeko. Edukiontziak falta direnez Alacanten biltzen ari da Herbehereetako enpresa”. Bestalde, Nafarroako Gobernua haiekin harremanetan jarri da eta beharrezko baimen guztiak eskutan dituztela Ziordiko pabilioian botata zegoen arropa jasotzen hasi dira. “Geldi-geldi ari gara, eta asmoa da dena garbi uztea. Ziordian edukiontzi bat betetzeko adina arropa gelditzen da. Bi herrietan hilabete bukaerarako despeditu nahi ditugu lanak” azaldu digu.