Badira ia zazpi urte lagun talde batek lehenago komentu zena Amarauna proiektuan bilakatu zuenetik, eta ordutik espazioak garapen nabarmen bat jasan du. Hasieran, 2015ean, lau lagunek etxebizitzatzat hartu zuten, baina 2017ko udan espazioa erosteko aukerarekin topatu ziren, eta dirua hainbat bidetatik eskuratu ondoren, erosketa gauzatu ahal izan zuten. Orain Armiarma kooperatibaren barruko elkartea da eta etorkizunari begira hainbat erronka berri sortu dituzte: "erosketa ordaintzea, topagune erreferente bilakatzea eta komunitate egonkor bat sortzea". Bertako partaide direnek "irabazi asmorik gabeko elkarte eta kolektibo autogestionatu" gisa definitzen dute eta, bertan, herri mugimendu, norbanako eta kolektiboei egiten diete harrera.
Jordi Arbizu, Mikela Cueli eta Asier Reparaz proiektuko hiru kide dira eta espazioaren erosketaren inguruko nondik norakoak azaldu dizkigute. Esan dutenez, erabakia hartzerainoko prozesuan barne eztabaida eta desadostasunak egon dira, baina azkenean erosteko hautua egin zuten, "proiektua aurrera eramateko espazio segurua edukitzea eta ez zalantza izatea bertan gelditzen ahalko zen edo ez garrantzitsua zela" iruditzen baitzitzaien. Mojekin proiektua "ezegonkorra" omen zen, eta erosketa horrek Amarauna bezalako egitasmo handi bat aurrera eramateko "segurtasuna" ematen omen zien, egiten ari ziren lan horrek iraupen bat izango zuela ziurtatzeko.
Noski, prozesu horrek zailtasunak ekarri ditu, batik bat, "salerosketak ekarri duen burokrazia guztia, dirua bilatzea, hor bizitzeagatik ordaintzen hastea zorrak bukatu arte…" Horregatik, erosketa gauzatzeko crowdfunding bat egin zuten, inguruko jendeak dohaintzak egin zituen eta mailegu pertsonalak ere jaso zituzten; eta, jakina, beraiek ere dirua jarri behar izan zuten. Orain duten erronketako bat bilakatu da mailegu pertsonal horiek bueltatzea. Horrekin batera, azpimarratu nahi izan dute banketxeetatik kanpo eraman nahi izan zuten prozesu bat zela, eta hala egin zutela. Gainera, ez dute beraien jabetzatzat hartzen, Amarauna denon espaziotzat jotzen dute. Horregatik, gonbidatzen dute Sakanako jendea bertara maizago hurbiltzera, eta ohiko topagune bihurtzera.
Nondik dator ideia, lehenago izan duzuen antzeko esperientzia batetik?
Jordi. Ideia antzekoak izan badira, edo ezagut daitezke baina agian Arterra da gurekin antz gehien duena Nafarroan (Artiedan), baina ideia hemen sortu zen, Ziordiako espazioan bertan. Azkenean topo egin genuen aukera honekin eta bildu ginen jendearen artean, espazioa erabiltzeko aukera izanda, zerbait eraikitzen joan ginen.
Orduan lehendabizi espazioa aukeratu eta gero hemendik proiektua sortu zen, edo beste batzuen artean aukeratu zenuten espazio hau?
Jordi. Ez genuen aukeratu. Azkenean kasualitate eta zortea edo horrelako zerbait izan zen. Lau lagun ari ginen elkarrekin bizitzeko etxebizitza bilatzen, Sakanan, eta hainbat aukera aztertzen. Ez genuen gure gustuko ezer topatzen, eta lagun baten bitartez jakin genuen mojek komentutik alde egin behar zutela. Hori 2015ean izan zen, eta orduan lagun horri hona etortzea eskaini zioten espazioa zaintzeko-edo, ez zutelako espazioa hutsik utzi nahi. Lagun horrek ez zuen nahi izan, eta berak bazekienez gu etxebizitza bilatzen ari ginela, guri eskaini zigun. Horrela heldu ginen Ziordiara, etxebizitza bilatzen. Eta orduan, bertan bizitzen uzteaz aparte, mojek proposatu ziguten eraikin osoa erabiltzeko proiektu bat aurkeztea urte bateko epean. Orduan hasi ginen lau lagunok aukera hori jorratzen, hainbat pertsonarekin elkartu ginen eta proiektu bat sortzen saiatu ginen gune osoari erabilpen bat emateko. Eta horretan eman genituen bi urte, bazkideei zabaldu eta talde eta kolektiboei eskaini arte, proiektua idazten berridazten eta ikusten ea gai izango ginatekeen eraikin honen mantentze lanak gure gain hartzeko edo ez, zalantza guzti horiekin.
Ikuspuntu askotatik begiratuta, Amarauna lurrean erroturiko proiektu bat da, ezta? Herrian, nekazaritza ekologikoan, herrigintzan, ingurumenarekiko loturan...
Mikela. Bai, Amarauna proiektuan sartzen dira balore horiek. Lur askoko gunea da eta hor egiten diren baratzak Amarauna proiektuko kide batzuen ardurapean daude. Hortik ateratzen den dirua kontsumo propiorako izaten da, haien soldatetarako, hortaz bizi direlako. Amaraunan bizi direnek ere baratze horretatik hartzen ahal dituzte barazkiak. Beraz, esango genuke Amarauna proiektua kontsumo propioa segurtatzeko eta modu ekologikoan landutako lurra erabiltzeko proiektua dela.
Eta hizkuntzari ere gainontzeko alorrei ematen diezuen garrantzi berdina ematen diozue?
Mikela. Gehienok euskaldunak gara, eta euskaldun ez direnak euskaldun berri dira, euskara asko entzuten dute, eta gero gure hautu kontzientez bilerak euskaraz egiten ditugu, beharrezkoa denean itzulpenak eginez; eta, gero, proiektuan haurrak ere badaude eta hor inguruan euskara ukaitea nahi dugu.
Laster bi urte beteko dira koronabirus delakoa bisitatzera etorri zitzaigunetik, nola eragin dizue zuei eta zuen proiektuari pandemia honek?
Asier. Koronabirusak hemen ere leku guztietan bezala eragina izan du, azkenean talde handiak ez dira egon bi urte hauetan, gehienbat bazkideak egon dira eta talde txikiak. Beraz, bai, alde horretatik bai nabaritu dugula. Pixka bat dena bezala. Orduan, ea hasten den orain pixka bat gehiago mugitzen; baina, hori, gehienbat bazkideak eta talde txikiak izan ditugu.
Egungoa hasierako ideiarekin bat dator, edo moldatuz joan zarete sortu diren egoeretara?
Asier. Hasieran sortu genuen proiektuaren helburu berdinarekin jarraitzen du. Herri mugimenduari zabaltzeko espazioa; orduan, bai, nahiko antzekoarekin jarraitzen dugu hasieran bezala, oraingoa hasierako helburu berdina da.
Jakina da duela gutxi espazioa erosi zenutela, nola izan da prozesua?
Asier. Hasieran, espazioa saldu nahi zutela esan zigutenean, asanblada asko izan genituen, barne bilera asko, eta desadostasunak ere egon ziren gure artean… Azkenean, erostea onartu genuen; baina, desadostasunak izan ziren, eta taldeko batzuek asanblada utzi zuten ez zutelako espazioa erosi nahi. Hala ere, hemen gelditu ginenok aurrera egin nahi genuen eta hala egin genuen.
Dirua nola lortu zenuten?
Asier. Crowdfunding bidez egin genuen. Inguruko jendearen dohaintzak ere jaso genituen. Zenbait jendek dirua utzi zigun. Gero zati handi bat ere mailegu pertsonaletatik lortu genuen. Gure helburua zen bankutik ez pasatzea, dena hortik kanpo egin nahi genuen. Beraz, 15 hilabete izan genituen dirua lortzeko eta horrela izan da, gehienbat mailegu pertsonalak eta bazkideak. Orduan orain mailegu pertsonal horiek bueltatu beharko ditugu, baina horrela lortu da jendearen dohaintzak, maileguak…
Jordi. Eta gure dirua, kar kar.
Asier. Eta gure dirua, noski!
Mikela. Eta gero ikusten zen ere gure proiektua aurrera eramateko espazioa segurua edukitzea eta ez zalantza izatea hemen gelditzen ahalko zen edo ez garrantzitsua zela. Erostearen erabakia hartu zelarik ere hori kontuan hartu zen, proiektua indartzeko garrantzitsua zela.
Jordi. Nik uste dut mojekin oso ezegonkorra zela proiektua, mojen menpe egotea eta beraien urtez urteko kontratu bat edukitzeak ez zigun ziurtasunik ematen eta guk ez genuen hau erostea pentsatzen, ez zen gure helburua hau erostea, baina mojek planteatu zuten hau saldu behar zutela.
Ez zenutela beste aukerarik, ez? Espazioa erosi eta galtzearen artean zegoela eztabaida?
Asier. Bai, bai. Gero Amarauna proiektua aurrera eramateko militantzia handia behar da. Espazioa oso handia da, lan handia dauka horren atzean. Lan asko dago eta zaila da dena kudeatzea. Orduan, bai ematen zigula segurtasun hori, proiektuak aurrera jarraitu behar zuela eta erosketarekin hori lortu genuen, segurtasun hori.
Mikela. Egonkortasun bat.
Asier. Egonkortasuna hori.
Jordi. Nahiz eta gero ere zailtasun batzuk ekarri dituen. Adibidez, erosketak ekarri duen burokrazia guztia, dirua bilatzea, hemen bizitzeagatik ordaintzen hastea zorrak bukatu arte… Zailtasun batzuk ekarri ditu, baina uste dut mojek ez zutela hau utziko guretzat ez doanik, ezta betirako ere.
Orduan, modu batean edo bestean bai eragin duela proiektuan, ez?
Jordi. Bai, bai eragin duela. Onerako, baina baita txarrerako ere, zailtasunak ere ekarri ditu.
Eta behin zuen jabetza izanda, zein dira etorkizunari begira martxan jarri dituzuen erronka berriak?
Jordi. Taldeei espazioa eskaintzea eta guzti horrek berdin jarraitzen du eta orain bai zabaldu dugula elkarbizitza proiektu bat non jende gehiago bizi gaitezkeen hemen. Mojena zenean ezin ginen hemen orain bizi gaitezkeen pertsona kopuru bera bizi eta horrek ere mugatzen zuen nolabait ere egitasmoa bideragarria izatea. Proiektua bideragarria izateko uste dugu garrantzitsua dela hemen denbora pasatzea eta batzuek bizitza hemen egitea. Bestela, espazioaren mantentze lanak, garbiketa eta taldeen harrera zailak dira gauzatzea bizitza hemendik kanpo egiten badugu. Eta orduan, aurten dugun erronka hori da, erostea erabaki genuenetik, egonkortasun horrekin hemen bizitzea. Elkarbizitza proiektu hori da eskuartean duguna gehienbat orain, ahal den neurrian hori sendotzea.
Mikela. Egiten ikastea ere, azkenean bakoitza bere aldetik bizi da, eta horretan ohituak gaude, bakoitza bere aldetik bizitzea. Eta orain, gauzak komunean jarri, adostu… Asanblada dezente egiten dira… Gainera, helburua ez da hemen jende asko bizitzea, baizik eta hemen daudenen artean oreka bat aurkitzea eta espazioa taldeendako edukitzea. Beraz, horretan gaude, orekak bilatzen.
Nik jabetza moduan izendatu dut, baina zuek hala hartzen duzue? Zuen jabetza gisa?
Asier. Ez, kooperatiba. Kooperatiba da honen jabe, ez da inorena. Azkenean jabetza Armiarma kooperatibarena da, orduan ez da inorena. Ez da honena edo bestearena, baizik eta kooperatibarena da. Bera da honen jabea.
Mikela. Eta gero hemen bizitzearekin kooperatibaren barruan sartzen zara eta konpromisoa hartzen da taldeen harreran, taldeen eta eraikinaren kudeaketan…
Jordi. Bai, eta dagoen zorrean ere kar, kar, kar.
Mikela. Eta zorrean parte hartzea ere bai, kar, kar, kar.
Orain ere urte berriari hasiera eman berri diogu, urte honetarako zerbait berezirik baduzue?
Asier. Gure helburua da gero eta jende gehiago hurbiltzea. Gustatuko litzaiguke Sakanako jende gehiago hurbiltzea, bagaude batzuk, baina, bai, gustatuko litzaiguke jende gehiago hurbiltzea, Sakanako jende gehiago eta gehienbat taldeak etortzea, hori da hasieratik genuen helburua eta hori da nahi duguna. Azkenean, espazio honi bizitza ematea eta horretarako taldeak eta kolektiboak hartzea, topaketak egitea… beharrezkoa iruditzen zaigu. Horretarako sartu gara honetan eta hori nahi dugu.
Mikela. Zubi lanak egitea orain Sakanako jendearekin, eta Amaraunara hurbiltzea eta denon topagune bihurtzea.
Jordi. Bai, nik uste dut urtez urte jende gehiago hurbiltzen dela, geroz eta gehiago ezagutzen da eta geroz eta bazkide gehiago ditugu, baina agian Sakanan ez dago beharrik ere, beti komentatu dugu herrietan badaudela azpiegiturak.
Mikela. Baina beharra izanez gero, hemen gaude.