Zalacain jatetxea eta Ziordiko sukaldariak omendu dituzte

Guaixe 2022ko eka. 8a, 10:41
Omendu ziordiarrak asteleheneko ekitaldian. UTZITAKOA

Nafarroako ostalaritza eta turismo sektore osoak eskaini zien omenaldian. 

Nafarroako ostalaritza eta turismo sektoreko ordezkariek, lagun eta senideek omenaldia eskaini zioten “Ziordiko sukaldarien sagari ospetsuari”. Astelehenean omendutakoak Benjamin Urdiain, Juan Manuel Mendibe, Valentin Agirre, Jose Ignacio Urdiain, Antonio Iglesias, Javier Arbizu, Oyarbide familia eta Zalacain jatetxea izan ziren.  

Ekitaldian Zalacain jatetxeari ohore egin zioten: “Madrilgo tenplu gastronomiko hura Espainiako lehen jatetxea izan zen, hiru Michelin izar lortu zituena 1987an”. Zalacain jatetxea sortu zuen Oyarbide familia ere ohoratu zuten, Jesus Maria Oyarbide sortzailea eta bere iloba Carlos Oyarbide. Ohore egin zioten ere Jesusen lagun eta Zalacainen lekukoa hartu zuen Benjamin Urdiaini, baita Juan Manuel Mendibe, Jose Ignacio Urdiain, Javier Arbizu, Valentin Aguirre eta Antonio Iglesias sukaldari apartak.

Ekitaldian haien ibilbideen berri eman zuen Jesus Maria Alegriak, Pinttuk, Navarra hasta la cocina. Ziordiako sukaldarien istorioak liburua idatzi zuena eta omenaldi hori egiteko oinarria jarri zuena. Alegriak azaldu zuenez, sukaldari ziordiarrek “beren apaltasunarekin, lan gogorrarekin eta gure Nafarroako sustraiekiko sentsibilitate bereziarekin, munduan zehar beren gastronomia eramaten jakin dute, hainbat eta hainbat belaunaldi zoriontsu eginez”.

Ekitaldiaren antolatzaileak Nafarroako Gobernuak (Mikel Irujo Amezaga kontseilaria eta Maitena Ezkutari Artieda zuzendari nagusia egon ziren), Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak, Eurotoques Europako Sukaldari Komunitateak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Nafarroako Gastronomia Akademia eta Euskal Gastronomia Akademia. Bideo bidez, eta esker oneko hitzekin, ekitaldian presente egon ziren Jesus Sanchez, Francis Paniego, Susi Diaz, Juan Mari Arzak, Elena Arzak, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Joaquin Felipe eta Martin Berasategi sukaldariak. 

Bestalde, sukaldari ziordiarrei buruzko liburua argitaratu zuen Jesus Mari Alegria, Pinttuk, eta Kubako Ismaelillo taldeak haiei buruzko kanta argitaratu dute.