Astekaria

"Ideiak gero paperera eramatea kostatzen da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 13a

Maider Perkaz Urdiain saritutako zenbakia eskuetan duela.

Maider Perkaz Urdiain GK komunikazioko diseinatzaileak Guaixeren 'Uda Sakanan' zenbakiak Diseinu Editorial Onenaren kategoriko Nafarpres Saria jaso zuen.

Nafarpres Sarietan Guaixek bi sari eskuratu ditu eta elkarrizketa bat finalista izan da. Diseinu Editorial Onenaren saria Guaixek eskuratu zuen. Zehazki oporren aurretik, agorrilaren 1ean, argitaratutako zenbakiak. Hartan Sakanako udalerri bakoitzeko herritar banak bere udako momentua zein zen kontatu zuen. Azala Maider Perkaz Urdiainek egin zuen.  

Zorionak!
Eskerrik asko!

Normalean gurean saririk ez da izaten! Zuretako zer garrantzia du?
Garrantzia handia. Zure lanaren aitortza da. Ez nuen espero, nik ez bainuen lana aurkeztu. Zuek aurkeztu zenuten. Eta ongi etorria izan zen. Pozik hartu nuen.  

Ezustekoa. Poz handiagoa?
Bai, bai, hala da. 

Sari banaketan hitza hartu zenuen?
Ekitaldian parte hartu genuen. Saria jasotzean Goizeder (kudeatzailea) nirekin igo zen, eta sariagatik eskerrak eman genituen. 

Agorrilean argitaratu zenean, bakarren batek zerbait esan zizun?
Bai. Jendeak esan zidan oso polita zela, desberdina zela esan zidaten. Jendeari gustatu zitzaion. Lagun batzuek komentatu zidaten.

Eta saria jasotzean?
Familiak bazekien, baina lagunek ez. Prentsan agertu zen eta jendeak zoriondu nau, bai. 

Udakoa oporretara joan aurreko zenbaki berezia da. Hari azala jartzeaz arduratu zinen. Horrelako eskaera bati nola aurre egiten zaio?
Gaia Uda Sakanan zen. Sakanako pertsonak agertu behar ziren zenbakian, uda ibarrean nola sentitzen eta bizi zuten azalduz. Horretan pentsatzen hasi nintzen. Batez ere dibertsitatean pentsatu nuen. Eta, horrekin batera, udan gehien egiten diren gauzetan ere bai, edo jendea nola aritzen den udan. Horrelako gauzetan pentsatu nuen. Horren harira diseinatzen hasi nintzen. Ekintza bat burutzen ari ziren hainbat jende multzo edo pertsonaiak hartu nituen. Ekintza horien artean, esate baterako, agertzen da helduen multzo bat, beraien artean plaza antzeko batean hizketan; mutiko bat liburu bat irakurtzen; neska gazte bat dantza egiten, haurrak jolasean... Horrelako gauzak. Udan egiten diren ekintzak egiten ari dira denak. 

Gauza bat da ideia izatea. Ondoren gauzatu egin behar da. 
Bai. Askotan gertatzen zait buruan dauzkadan ideiak gero paperera edo ordenagailura eramatea kostatzen zaidala. Bidean saiakera asko daude, baina, beno, batzuetan lortzen da buruan daukazuna hor islatzea. Kasu honetan lortu nuen. Oso pozik gelditu nintzen. Beharbada egiteko prozesuan ez da buruan duzun gauza bera islatzen, batzuetan beste gauza bat sortzen da. Baina, bai, gustura gelditu nintzen azal horrekin. 

Zein teknika erabili zenuen? 
Collage teknika erabili nuen, hainbat material edo trama erabiliz. Collage antzeko bat buruan nuen. Eta pixka bat jolastea marrazkiaren antzeko teknika batekin. Hortik mendiak, etxea... Ongi gelditu zen. 

Collagea asko erabiltzen duzu?
Asko erabiltzen dudan teknika da. Beste lan batzuetan ere erabili izan dut. Ondo moldatzen naiz teknika horrekin, argazkiak hartuz eta beste elementuekin eta koloreekin jolastuz. Argazkiak eta beste teknika batzuk erabiltzen dituzunez, adierazkorra da. 

Azalaren berezitasuna da orri bakarra beharrean bi direla. 
Horren muntaia desberdina da. Azala eta kontra azala izan behar direla kontuan izan behar duzu. Hau da, irudian non mozten den kontuan izan behar duzu. Kalkulu horiek egin behar dira. Baina, bai, bat egin zuen. 

Halako azal asko egitea tokatu zaizu?
Hain handia eta Guaixeko azala, ez. Beste lan batzuk bai. 

Erlazionatuak