Tokiko Komunikabideen Nafarroako Elkarteak, Nafarpresek, Otsagabian ospatu zuen Nafarroako Tokiko Prentsaren IV. Jardunaldia lastailaren 30ean. Ekitaldi horren barruan Nafarpres Sarien II. Edizioko sariak banatu ziren, eta tartean Erkuden Ruiz Barroso Guaixeko kazetariak Elkarrizketa onenaren saria jaso zuen, Irene Adani egindako elkarrizketagatik.
Zorionak!
Eskerrik asko.
Sariak gurean ez dira ohikoak. Zer sentitu zenuen haren berri izatean?
Egia esan, ez nuen inolaz ere espero. Goizederrek (kudeatzaileak) esan zidanean saria jaso genuela eta Otsagabiara joan behar genuela esan zidanean, galdetu nion: "benetan ari zara?" Baietz esan zidan, Irene Adan Valienteri egindako elkarrizketagatik zela esan zidan. Nik ez nuen aurkeztu, zuek egin zenuten. Eta ez nuen inolaz ere espero sari hori eskuratzea, ez nekielako aurkeztu nintzenik ere. Sorpresa izugarria izan zen.
Sariak zuretako garrantzia du?
Bai, esan bezala, ez direlako ohiko lanak. Saria lan egiten jarraitzeko motibazio moduko bat da. Holako garai txarrak datozenean gogoratzen duzu sari bat irabazi duzula, edo irabaz dezakezula, eta aurrera egiteko eta lan egiten jarraitzeko modu bat da. Lan egiten jarraitzeko motibazio gisa garrantzia du.
Zergatik saritu zuten zure elkarrizketa hori?
Iñaki Zabaleta Urkiolak (epaimahaikidea) esan zuen orokorrean oso lan onak aurkeztu zirela. Elkarrizketa sailean hamabost bat lan izan zirela. Baloratu zuten kazetari lan bezala ea ongi egituratuta eta ongi idatzita zeuden. Eta edukiak zuen garrantzia tokiko prentsaren barruan edo eskualdean. Bi irizpide horiek izan zituzten kontutan.
"Tokiko prentsak istorio txiki horiek, herriko istorioak, kontatzeko aukera ematen dugu"
Saria jasotzean zerbait esan zenuen?
Jardunaldietan tokiko prentsaren lanaz eta bere herri eta eskualdeetan duen garrantziaz hitz egin genuen. Aipatu zen hedabide handietan istorio asko kontatu gabe gelditzen direla. Tokiko prentsak istorio txiki horiek edo herriko istorioak kontatzeko aukera ematen dugu. Aipatu nuen Adanek egindako txostena gauza garrantzitsua zela, eta horren berri emateko ahotsa eman geniola. Horretarako, tokiko prentsak garrantzia handia duela esan nuen. Horrek erakusten du herriko jendeak ere gauzak egiten ditugula. Hori ere kontatzen dugu. Horretarako aukera ematen dugu tokiko hedabideok.
Sariagatik mezurik jaso duzu?
Gehienbat familiakoen eta lagunen zoriontzeak jaso nituen. Sekretuan mantendu nuen azken momentura arte, saria jaso arte, ez nuelako sinesten. Zorion mezuak oraindik jasotzen ditut, jendeak dakien heinean.
Urte bat pasa da, zer oroitzapen duzu elkarrizketako uneaz?
Elkarrizketa hartu nuen, alde batetik, gaia interesatzen zitzaidalako. Eta, esan bezala, horrelako lan bat egiteak duen garrantziagatik ere. Gaia ez nuen asko menperatzen. Aurretik zertxobait irakurri nuen edo landu nuen, baina ez nuen gaia inolaz ere menperatzen. Sexu langileen inguruko txosten bat zen eta kontzeptu asko ez nituen kontrolatzen. Eta askotan esan nion Adani: "ez dut ulertzen. Barkatu zerbaitetan hanka sartzen badut, bai kontzeptuetan edo halakoetan". Baina halako gaia izateko, oso pedagogikoa izan zen, berak oso ongi azaltzen du. Lagundu zidan ideia bat izaten, eta berari esker gaian pentsatu nuelako, eta nire buruan eztabaida sortu zuen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, egia esan.
"Sexu langileen inguruko eztabaida hori oso handia da. Askotariko iritziak daude"
Sexu langileen gaia ez da askotan jorratzen.
Gainera, sexu langileen inguruko eztabaida hori oso handia da. Askotariko iritziak daude. Horretan sartzea oso zaila da. Elkarrizketara ahalik eta mentalitate zabalenarekin joan nintzen, oso irekia, entzuteko prest, eta berak kontatzen zidana jasotzeko. Iritzi desberdin horiek azaltzeko edo behintzat garatzeko aukera eman nion. Eta, horregatik, elkarrizketa garrantitsua da, oso ongi azaltzen eta egituratzen dituelako gizartean dauden eztabaida horiek. Dauden iritzi desberdinen berri ematen du, nondik joan daitekeen eta zergatik egiten dute lan hori eta zergatik den beraien lana garrantzitsua. Ozeano informazioa ibai batera ekartzea, eta antropologo baten hitzen bidez kontatuta. Uste dut horregatik saritu dutela, oso gai mamitsua eta handia delako, herrira eramanda, eta oso ongi ulertzen da zein den egoera. Iritzi bat sortu gabe. Esandakoa, oso pedagogikoa.
Ordutik erreparatu diozu Adanen, CATSen edo sexu langileen gaiari?
Tarteka, sare sozialetan zerbait agertzen denean. Iritzi kontrajarri asko daude eta batzuetan iritzi horiek esaten dira irakurri gabe, ikertu gabe eta erreparatu gabe hor atzean zer dagoen. Esaterako, sare sozialetan "prostituzioa ez" agertzen denean. Bale. Baina, zergatik? Atzean dagoena begiratu, CATSek edo Adanek egiten duten lana. Irakurri eta ikertu pixka bat. Eta, apika, ez da bakarrik "prostituzioa ez". Adanek askotan esaten zuen sexu langileak entzun behar direla, hor atzean askoz gehiago dagoela. Badirudi elkarrizketak pentsaera zabaldu zidala, eta sare sozialetan gaia ateratzen denean, eztabaidatzeko argudioak ditut. Ez da bai edo ez esateko. Elkarrizketak marko bat eman zidan halako esamoldeetan ez erortzeko.
Elkarrizketa argitaratu zenean jendeak zerbait esan zizun?
Jendeak ez. Baina Adanek esan zuen oso pozik zegoela Guaixen, Sakanako aldizkarian, ateratzeagatik. Eta elkarrizketa oso ongi zegoela. Esandako horiekin oso gustura gelditu nintzen. Oso gai konplikatua zelako, kontzeptu zailak zirelako, eta ez nintzelako ezertan nahastu. Hori niretako nahiko izan zen.
"Gizarte gai bat landu behar dudanean gehiago irakurtzen edo ikertzen dut"
Guaixen, besteak beste, kultura sailaz arduratzen zara. Sailaz kanpoko elkarrizketa bat egiteak zer ematen du?
Kulturara ohituta nago, gehiago menperatzen dut. Gizarte gai eta kirolen aldean, kultura ahizpa txikia kontsideratuta dago hedabideetan. Gizarte gai bat landu behar dudanean gehiago irakurtzen edo ikertzen dut. Kulturako gaiak lantzea naturalago ateratzen zait, gaia gehiago menperatzen dudalako. Dena den, niri gustatzen zait elkarrizketak asko-asko ez prestatzea, elkarrizketa egin bitartean galderak sortzen direlako. Beraz, gaia gutxi gorabehera kontrolatzen dut, baina elkarrizketatuari hitz egiten uzten diot, ea zer sortzen den. Beharbada prestatutako galdetegiko galderak ez ditut egiten askoz interesgarriagoak diren beste batzuk sortu direlako.
Bestelako elkarrizketak dira 'Hitz eta Putz' sailerako egin dituzunak.
Hori aurten sortu dut, Guaixe multimedia mundura zabaltzeko. Bideo elkarrizketak dira (guaixe.eus-en ikusgai daude). Normalean elkarrizketak egiten dizkiot, esaterako, disko edo liburu bat argitaratu duenari. Hitz eta Putzekin saiatzen gara elkarrizketa pertsonalagoak egiten. Bere gogoko gauzen inguruan edo atzoko afariaz galdetzen diet. Erakusteko pertsonak ere badirela.
Bideo saila Tokikom sarietan finalista da.
Hori ere ez nuen inolaz ere espero. Horrelako bideoak oso ohikoak dira sare sozialetan. Hautagaitza aurkeztu genuen, azken finean, ikus-entzunezkoetan multimedia mundu horretan sartzeko proiektu bat zelako. Arlo horretan irratia dugu. Baina bideogintzan bakarra da Hitz eta Putz saila. Hautagaitza aurkeztu eta hiru finalistetako bat da. Ongi etorria ere.