Ingurumenarekiko kezkarekin institututik Bruselara

Guaixe 2015ko eka. 11a, 19:35

Nazioarteko gazteen konferentzia da Confinta eta haien artean ingurumen konpromisoa sustatzeko helburuz bost kontinenteetan aurrera eramaten ari diren dinamika bat da.

Confint Europako Gazteriaren Konferentziaren bigarren edizioa egin zen maiatzaren 19tik 23ra. Bigarren edizioko ekitaldia Bruselako Eskualdeetako Batzordean egin zen eta han Eskola Jasangarrien Sareko kontinenteko 50 bat ikasle elkartu ziren. Estatuko 11 ordezkariren artean Aralarko Mikel Donea institutuko Maite Martinez altsasuarra izan zen. 16 urteko DBH 4ko ikasleak esan digunez, “esperientzia ahaztezina eta oso ona” izan da. Lagun asko egin ditu, gainera. Hiria ezagutzeko apenas izan zuten aukerarik eta horrekin kexu da.

Confint proiektua
Bruselan nola bukatuen du galdetuta, Martinezek azaldu digunez, “joan den urtean hasi zen dena. Mundua hobetzeko proiektu bat egin behar genuela esan ziguten. Kutsadura handia dagoenez, atmosfera eta gure ingurua garbitzeko proiektuak egin ditugu. Gu ez bagara zein izanen da mundua zainduko duena?”

Ingurumena Hobetzen programa zortzi urte darama indarrean Aralarko Mikel Donea institutuan. Haren barruan, Martinezek kontatu duenez, ikastetxeko patioa garbitu zuten. Ogitartekoak biltzeko aluminio paper asko jaso zuten. “Astean eta hilabetean zehar zenbat aluminio gastatzen genuen kalkulatu genuen. Aluminioagatik asko kutsatzen ari garela jabetu ginen”. Ingurumena Hobetzen programaren barruan institutu inguruko erreken ingurumen egoera ere aztertu zuten.

Institutuan bilera bat egin zuten eta hiru ordezkari aukeratu zituzten. Duela urte bat, Iruñean, Nafarroako Confint topaketan beste hiru ikastetxerekin elkartu ziren. Altsasun egindako lanaren berri eman zuten poster baten bidez eta errekak garbitzeko egin zitekeena azaldu zuten. Ikastetxeetako ikasleak taldeka bildu eta ideiak eta ekintzak trukatu zituzten. Topaketa hartan beste ordezkari batzuk aukeratu zituzten eta azaroan, Bartzelonara, estatuko Confint topaketara joan ziren. Han tailer asko egin zituzten eta oso dibertigarria izan zela esan digu Martinezek. Antzerkiak eta halakoak egin zituzten. Hiria ezagutzeko egun bat ere izan zuten.

Brusela
Martinez Bruselan izan da. Bartzelonan bozketa egin zuten eta berak nafarren artean boto gehien jaso zuen. Bruselan Europako Confint topaketan dozena bat herrialdeetako 50 bat ikasle elkartu ziren. Estatuko 11 ordezkariak talde handiena ziren eta haietako bat Martinez zen. Aldi berean, “Espainia okerren zegoena zela ikusi genuen. Guk egia esaten genuen. Beste lekuetakoak ez edo oso arazo gutxi zituzten. Italiarrak, esaterako, herri txiki batekoak ziren baina ez dakigu hirietan zer gertatzen den. Ez zuten Italia guztia ordezkatzen”.

Iruñean topaketan jarritako posterra Bruselan erakutsi zuen Martinezek. Bestalde, estatuko aurkezpenean parte hartu zuen. Ingelesez eman zituzten azalpenak. Bestalde, Europako topaketako hiruzpalau ordezkari Parisera joanen dira abenduan. Europako jende garrantzitsuekin hitz eginen dute. Bruselan esandakoa kontatu eta idatzi zuten manifestuaren berri emanen diete.

Institutuan, bitartean, “oraindik jende askok aluminioan biltzen ditu ogitartekoak. Baina boc’n rollak erabiltzen saiatzen ari gara. Plastikozko oihal moduko bat da, egunero garbitu daitekeena. Ez duzu kutsatzen”. Ingurumenaren alde gutxiegi egiten dugula iritzi dio ikasleak, eta mugitu beharko dugula iritzi dio.

Nafarroako Confint topaketa
Hilaren 4an egin zen Iruñean. Zortzi ikastetxek parte hartu zuten, horien artean Aralarko Mikel Donea eta Sagrado Corazon ikastetxea. Lehenengoko ordezkariek Ingurumena Hobetzen proiektuaren berri eman zuten. Bigarrenek Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Altsasuko ekintzak. Estatuko eta Europako Confint topaketak bi urtero direnez, Aralarko Mikel Doneako ordezkariak ez dira batera eta bestera ibiliko.