Altsasuko gazteriaren egoera jasotzen duen film laburra

Guaixe 2015ko abe. 25a, 11:58

Joseba Salegiren lana ostiralean, 20:00etan eta 22:15ean, eta domekan, 20:10ean, Altsasuko Iortia kultur gunean proiektatuko dute 8 apellidos catalanes filmaren aurretik.

Joseba Salegik zuzendutako Zatoz Agur film laburra Iortia kultur gunean ikusgai izanen da asteburuan. Haize Berriak bandako Estibaliz Curiel eta Arkaitz Martinez Mariñelarena musikariak aktore lanean jarri ditu Salegik, Tarima Beltza antzerki taldeko Merche Herrera eta Juan Manuel Herrerorekin, Zaparekin, batera.

Film laburraren abiapuntua Enrike Zelaiaren Xuberoa piezaren banda eta akordeoirako moldaketa da. Doinuaren letrak eta gaur egungo altsasuar gazteriaren errealitateak bat eginen dute pantailan. Agur, Zuberoa lelo ezaguna duen piezan Zuberoatik Parisera izan zen emigrazioaren berri ematen da. Doinuaren bariazioan oinarrituta gertaera historikoa zena gaur egungo Sakanara ekarri du Salegik, “gaur egun gure ibarrean gazteen emigrazioa gertatzen ari delako”.

Hori bandarekin islatu nahi izan du, bandako kideak aktore bihurtuz. “Bandako protagonistak bere une historikoan kokatzen ditut eta, aldi berean, Altsasuko erreferentzia kulturalek protagonismoa hartzen dute. Azken horietan Zelaiak utzitako arrastoaren aitortza ere badago”. Salegik film laburraren izaera musikala nabarmendu du.

Film laburra maiatzaren 2an Burunda pilotalekuan Haize Berriak bandak eskainitako kontzertuan ikusteko aukera izan zen. Orduan bandak zuzenean jo zuen soinu banda, irudi eta noten arteko sinkronia Luis Orduña zuzendariaren batutak emanez. Orduan musikariek, aldi berean, pieza interpretatzen entzun eta pantailan antzezten ikusteko aukera izan zen.

DVDa
Aipatutako film laburra eta Enrike Zelaiaren omenezko Haize Berriak bandaren kontzertua jasotzen den DVDa aurki Sakanan salgai jarriko da.

Erlazionatuak

Bere herrian profeta

Guaixe 2015 mai 05 Altsasu