Altsasuko sortzaileak herriko historia-memoria gaitzat hartuta erakusketa sortu dute: Oroimenart. Altsasu Memoria taldeak sustatutako erakusketa da. Iosu Imaz taldekideak azaldu digunez, margolari eta eskultore altsasuarren lanak izanen dira ikusgai. Lan batzuk erakusketarako propio sortutakoak izanen dira. Imazek azaldu digunez, “obraren bat bukatu gabe erakutsiko da, herrian azken asteetan bizitakoak ez baitu asko lagundu”.
Altsasu Memoria taldeak antolatzen duen hirugarren erakusketa da. Imazek azaldu digunez,”gure historia modu bisual baten bidez erakusteko asmoz antolatzen ditugu erakusketak”. Aurreratu digunez, gaur mustuko den erakusketa herriko sortzaileekin antolatu nahi dituzten lau ekimenetatik lehena da. Aurrerago, herriko historia zinemaren, musikaren eta antropologiaren ikuspuntutik lantzeko asmoa dute.
Taldea
Altsasuko historia osatu eta berreraikitzeko asmoz lanean dabiltza. “Historia ofizialaren bazterrean, ezpondetan zokoratuak izan diren protagonista eta gertakariei bide eta leku egiteko”. Ildo horri segituz, orain arte Altsasuko historiaren bi eperen berri eman dute, aurreneko datuetatik 1950era artekoa izan zen lehena eta 1950 eta 1992 artekoa bestea. Imazek aurreratu digunez, hirugarren zatia (1992-gaur egun) heldu den urterako prest izan nahiko lukete.