guaixe.eus

Jorge Yeregi, Maria Ruiz eta Pello Iglesias: «Ogibide zaharrekin segitzen dutenen bila lurralde guztian barna gabiltza»

  Kultura  Altsasu

Altsasuko artisau azokako antolatzaileak. Berreskuratzearen 25. urteurrena.

1. Zer da zuendako artisautza?
Guretako definitzen erraza da. Baina gaur egun zailagoa da. Guretako artisautza garai batean herrietako bizi arruntean lanak nola egiten ziren erakustea da. Gaur egun egitea ia ezinezkoa da zaharkituta edo oroitzapenean gelditu diren lanak direlako. Gu garai batean egiten ziren lanen erakustaldi bat antolatzeko lan egiten dugu. Hori da guretako artisautza. Orduan ia dena zen esku-lana.

2. Eta zergatik artisau azoka?
70. hamarkadan herrian egindako lanak pixkanaka galtzen joanen zirela ikusi genuen. Garai batean nola bizi edo nola lan egiten zen ikusteko zerbait egiteko premia sentitu genuen. Artisautza edo ogibide zaharrak.

3. Noiz egin zen aurrena Altsasun?
1974 aldera hasi zen. Ez dakit zenbat urtez egin zen. Festa euskaroak ziren orduan eta maiatza akaberan egiten ziren. Ez genuen halako azokarik ezagutzen. Errenteriakoak eta Getxokoak hona zer eta nola egiten genuen ikustera etorri ziren. Errenteriakoa egin zenean bertakoak autobusez joan ginen. Lurraldean dauden zaharrenetarikoak dira biak. Altsasukoa lehena ez bazen izan, aurrenetakoa.

4. Zeinek antolatuta?
Jende pila zuen Gure Etxea kirol eta kultura klub mistoa hasi zen. Urtean barna jarduera ugari antolatzen zituen. Artisau azoka antolatzea asko kostatu zen: udalak ez zuen nahi eta oso aurrerakoiek ezta ere (gu amodio libreaz zuek honekin). Orduan dirutza zen 100.000 pezetako aurrekontua izan zuen. Horretarako 1.000 pezeta zituzten ehun altsasuar bilatu genituen.

5. Zergatik utzi zitzaion antolatzeari?
Gure Etxea kluba desagertu zelako. Instituzioen presio handia zuen. Nafarroako Gobernuaren hainbat abisu jaso zituen presidenteak. Kezkagarria ere izan zen: hemen zerbait pasa behar da… Udalaren gaztigua iritsi zen. Bestetik, herritar talde baten aldetik ulermen gutxi. Inauteriekin gertatu bezala, kontatzeko hura berriro ez egiteko baldintza jartzen ziguten. Lan haiek pobreen gauza zirela… Batzuen eta besteen artean, azkenean…

6. Zergatik bueltatu zen azoka 1992an?
Juan Manuel Goikoetxea zen alkatea eta aurreko aldian ibilitakoekin hitz egin zuen. Berriro antolatu beharra zegoela ikusi genuen. Aurreneko aldian atera zirenak tentatzen hasi ginen. Ordurako batzuk hilak zeuden edo oso adinduak ziren. Baina egiteko aukera zegoela ikusi genuen. Zenbait urtez altsasuarrekin antolatu genuen azoka. Baina urtero berdinak egotea nahiko errepikakorra zela ikusi genuen. Eskualdeko esku-langileetara zabaldu genuen. Jendea bilatzen hasi ginen. Baina arazo bera: heriotza eta adina. Eremua zabaltzen joan ginen. Hala segitzen dugu.

Herrian maiatzeko gurutzeko festa beti ospatu izan denez, egun horretara aldatzea egoki ikusi genuen. Ferialekuan antolatzen hasi ginen. Baina zeuden jardueretarako handiegia zen eta plazara lekualdatu genuen. Aurreneko aldian bezala.

7. Azokaren bi aldietan parte hartu duen artisaurik badago, beraz?
Bai. Gutxienez, aurrenekotan aritu ziren hiru badaude. Juanita Mazkiaranek taloa egiten segitzen du. Besteek jarduna utzi dute.  

8. Noiz hasten zarete azoka prestatzen?
Ogibide zaharrekin segitzen dutenen bila lurralde guztian barna gabiltza, beste azoketan. Hori islatu nahi dugu azokan. Urtean zehar hitz egiten dugu. Hilabete eta erdi lehenago ekiten diogu. Jende asko gelditzen da kanpoan. Baina ez dugu errepikakorrak izan nahi. Jendea ez nekatzeko aldaketa eskaini nahi dugu. Urtero zerbait berria bilatzen saiatzen gara. Baina oso zaila da, hortik barna dauden azokak egungo artisautzari eskainiak baitaude. Altsasuko azokan ari direnak lanean aritu behar dute, gainera. Aurten, estreinakoz, Vianako sokagilea heldu da. Aurretik Orkoiengoak egon dira, baina beste modu batera egiten ditu sokak.

9. Zenbat pertsona aritzen zarete antolakuntzan?
Bospasei gara.

10. Igandean noiz hasten zarete lanean eta noiz bukatzen duzue?
8:00etan hasten gara prestaketarekin. Bukatu… 19:00ak dira eta oraindik hortik gabiltza. Prestatu, jaso, utzitakoak bueltatu… lan ugari dago.

11. Jardun batzuk desagertzen ari dira. Zer egin?
Gaur egun jendeak ez du halakorik egin nahi. Ez da errentagarria. Aritzen direnak, garai bateko ogibidea ez galtzeko ari dira.

12. Azokaz aparte, argazki erakusketa eta hitzaldia ere antolatu dituzue. Zergatik?
25. urteurrena denez, zerbait berezia egin behar zen. Erakusketan bi aldietako argazkiak daude (153, Fernando Sayasenak eta Mikel Nazabalenak) eta lanak orduan eta orain nola egiten ziren aldea ikus daiteke. Argazkiez aparte jendeari hasieratik gu lagundu gaituen baten azalpenak eman beharra sentitu genuen. Aranzadi zientzia elkarteko Fermin Leizaolak gaur, 20:00etan, hitzaldia emanen du Iortiako erakusketa gelan. Harekin herri guztia nahastu izan dugu. Dela artisauekin, dela artzainekin, dela lanabesekin… gurekin lan handia egin du.

13. Azokan parte hartuko bazenute, zein ogibide aukeratuko zenuke?
J. Belar meta.
P. Txerri hiltzea.
M. Isatsak egiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak