Ion Arretxeren eta Carlos Perez Merieroren jatorrizko ideia hartu eta zinema-gidoia ontzen eman du azken hilabeteak Joseba Salegi zuzendariak. Camino de caminantes izenburua duen gidoian bi emakumezko dira protagonista: Ines polizia eta Elvira presoa, Donejakue bidea elkarrekin egiten ari direnak. Haien bizipenen berri jakin nahi duenak gidoia Altsasuko liburutegian eta Arkatz eta Txartel dendetan du eskura, azken horietan fotokopiak pagatuta.
Salegik gidoia irakurtzera eta, ondoren, forumean parte hartzeko gonbidapena egin du, bere helburua baita irakurleek egiten dizkioten ekarpenekin (onak eta txarrak) gidoia aberastea. Dagoeneko hainbat pertsona izan dira gidoia irakurri dutenak eta Salegiri iritzia eman diotenak. Baina irakurle guztien elkarrekintzatik iritzi gehiago sortzea espero du sortzaileak. Gainera, forumean gidoiaren pasarte esanguratsuenak entzuteko aukera izanen da, Anabel Arraizak (Ines) eta Amelia Lapuentek (Elvira) irakurriko baitituzte. Altsasuko zinemagileak bere aurreko gidoiarekin ere, Tecla rota, halako gidoi-forumak egin zituen Olatzagutian eta Altsasun. Azken horretan gidoi guztiaren irakurketa dramatizatua antolatu zuen ere.