1996ko otsailaren 20a astearte inauteria izan zen. Arratsalde-gau partean elurrak eta izotzak N-1 eta N-240 errepideetan mila pertsona inguru harrapatuta utzi zituen. Bidaiarien jatorria anitza zen: Euskal Herria, Santander, Galizia, Asturias edo Portugal. Oraingoan bezala autoak, kamioiak eta autobusak gelditu ziren elurretan ezin aurrera egin. Esaterako, Ziordia parean bost autobus blokeatuta gelditu ziren, zazpi Altsasun. Bidaiari ibilgailu gehiagori gauza bera gertatu zitzaien. Esaterako, haurrez eta gaztetxoz beteta zeuden autobus batzuei: Santanderreko institutu bateko 15 eta 16 urtetako 104 ikasleak, Candanchutik etxera bueltan zihoazenak eta bestea, tolosarrena, 6 urtetik aurrerakoak. Guztira 200en bat haur eta gaztetxo. Kamioilariak, karga lapurtuko zietenaren beldur kamioitan gelditu ziren.
Eta ospakizunetan zen herriak haien guztiendako aterpea eta oinarrizko atentzioa opatu behar izan zuen. Inguruetako hotel eta ostatuetako plazak beteta, goizaldeko ordu bietan 350 pertsonak bilatzen zuten aterpea. Baina gauak aurrera egin ahala kopurua haziz joan zen. Milara arte. Orduko hartan Jose Angel Agirrebengoa zen alkatea eta orain bezala, bidaiarien oinarrizko beharrak asetzea izan zen lehentasuna. Babes zibiletik 20:00etan jakinarazi zioten zein zen errepideetako egoera eta jendea hartzeko zegoen premia. Kalean 40 cm elur zeudela idatzi zuen Satur Leoz kazetari altsasuarrak.
Dena prestatzera
Udal kiroldegiak, ludotekak eta gimnasioak, Otadiako Kristo Deuna aterpeak, Errukiaren Andre Mariaren Ahizpen kongregazioaren eskolako kapera eta gimnasioa eta altsasuarren eta burundarren etxean egin zuten bidaiaren babeslekuarena. Haur txikienak etxeetan sartu zituzten. Familia bakar batek 14 pertsona hartu zituen (karabana batean eta etxean banatu zituen).
Nola hala iritsitakoei lehen edateko beroa, salda eta kafea, altsasuarrek termoetan eramandakoa izan zen. Hozkailuak ere hustu zituzten, behin behineko aterpeetan zeudenei emateko. Lehen afaria emateko suhiltzaileek Iruñetik hiru ibilgailuetan Iparlateko esnekiak ekarri zituzten eta Altsasuko okindegiak 04:00etarako labekada berezia egina zuen. Armadak emandako 480 mantekin babestu ziren hotzetik bidaiariek. Gurutze Gorriak ere materiala bidali zuen. Gainera, bidaiarietako batek telefono mugikorra zuen (gauza oso arraroa garai hartan) eta batzuek familiak lasaitzeko deiak egin zituzten.
Altsasuar batzuk etxeak eskaini zizkieten, besteek mantak, jatekoa… Dendari batzuek galtzetinak eta bestelakoak oparitu zituzten, jatetxeetan deskontuak egin zizkieten. Irurtzunen bidaiari batzuk udaletxean jaso zuten aterpea. Gaua pasatu eta gero jende harri guztiari bazkaria ematea izan zen lehentasuna. Batzuk tabernetan opatu zuten. Haurrak ziren lehentasuna.
Bigarren gaua
Asteazken arratsaldean errepideen egoerak hobera egin zuen. Etxegarateko portuko errail bat zabaldu zuten eta hainbatek euren bidaian segitzeko aukera izan zuten. Esaterako, Tolosako ikasleak zeramatzan autobusak. Arabarako errepideen egoera eguerdira arte ez zen normaldu eta ordura arte ezin izan zioten berrekin norabide hartan zihoazen autobusak. Auto askok ere alde egin zuten. Altsasun aterpetutako mila pertsonetatik gehienek alde egin zuten.
Beste askok, berriz, bigarren gaua pasa behar izan zuten Altsasun. Herrian 1996an zeuden lau gastronomia elkarteak ere buru-belarri aritu ziren laguntzen; Zubeztia, Beti Iaten, Altzania eta Lagun Onak elkarteetan 220 bat pertsonendako afaria prestatu zuten. Gainera, ihoteetako torrijak sobratu zirenez, bidaiariek haiek dastatzeko aukera izan zuten. Autobus gehienek euren bideari Altsasun bigarren gaua eta gero ekin zioten.
Harro
“Tratua paregabekoa izan da” adierazi zion prentsari Santanderko gazteetako batek, “zuten guztia eman digute; etxeak utzi dizkigute, lo egin, jateko, janzteko, dutxatzeko. Bikainak izan dira” gaineratu zuen beste gazte batek. Kantabriako Gobernuak, telegrama bidez, esker ona adierazi zion Altsasuko Udalari. Udaletxean telefonoa jo eta jo egon zen; esker oneko deiak izan ziren.
Agirrebengoa alkatea altsasuarren jarreragatik “harro eta pozik” zegoela jakinarazi zion prentsari; “une batzuetan herritarren eskaintzak zeuden premiak baino handiagoak izan ziren”. Hala ere, alkateak prentsa bidez garai hartan indar handia zuen eskaera errepikatu zuen: Etzegarateko portuko errepidea bikoiztea. “Finlandiatik Cadizera soilik 21 km horiek daude bikoiztu gabe, 14 km pasa Gipuzkoan eta gainontzekoak Nafarroan. Zati hori hobetzeak halakoak errepikatzea eragotziko lukeela uste dut”.