Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako hitzarmena betez, hilabete hasieratik Foruzaingoak Udaltzaingoaren hainbat bere egin ditu. Hitzarmena salatzeko Ospa! Mugimenduak protestaldia deitu zuen pasa den ostegunerako. Foruzaingoaren polizia etxe parean ordu laurdeneko kontzentrazioa egin zuten lehenik. Ez zaituztelako nahi, ez zaituztelako behar leloa zuen pankarta zabaldu zuten eta haren atzean elkartu ziren deialdiarekin bat egin zuten 100 bat pertsonak. Hara sartzeko ate nagusia hesiz itxita zegoen.
Kontzentrazio horren ondoren, manifestazioan herrira igo ziren eta udaletxe parean beste kontzentrazio bat egin zuten. Haren akaberan Ospa! mugimenduko kideek Foruzaingoak hartutako ardura berriak kritikatu zituzten. Haien iritziz ondorioa da “herriko kaleetan errepresio-indarren presentzia areagotzea eta zaintzaren eta babesaren aitzakiarekin kontrol gune berriak sortzea ”. Ospakoen iritziz bi administrazioen arteko akordioak “Foruzaingoaren normalizazioa bilatzen du, errepresio-indar baten normalizazioa”.
Hainbat esparruetatik Nafarroarako polizia integrala eskatu da eta horren kontra egin zuten Ospa-kideek. “Zaintza-txakur berri baten beharra” ukatu zuten eta adibide gisa “Ertzaintzak jokatzen duen errepresio-papera” nabarmendu zuten. Ospakoen iritziz, “ezin gara zaintza-txakur aldaketarekin konformatu, helburua errepresiorik gabeko gizartea lortzea da, hau da, zaintza-txakurrik gabeko gizartea. Ezinezkoa da errepresioa beharrezkoa egiten duen sistema gainditu gabe errepresioarekin bukatzea”.
Ospa eguna
Irailaren 1ean izanen da eta hartan parte hartzera deitu dute antolatzaileek. Hura prestatzeko batzar irekia deitu zuten asteazkenerako, 19:30ean, Gure Etxea eraikinean.