Altsasuko eskultura plazatik eraman dute

Guaixe 2018ko urr. 5a, 09:19

Zaharberritze prozesuaren hurrengo urratsa leku itxi batean egin behar da. Lanak urte amaiera baino lehen bukatzea espero dute

Abuztuaren 16an hasi zituzten "Altsasu den guztia" irudikatzen duen intxaurrondoaren eskultura zaharberritzeko lanak. Elur Uribarrena zaharberritzailea eta Joxe Ulibarrena eskulturaren egilearen alaba da proiektuaren burua. Uribarrenarekin batera boluntarioak aritu dira udan eskultura berritzen. Lehenengo urratsa egurra garbitzea zen eta prozesuarekin jarraitzeko eskultura leku itxi batera eraman behar zuten. Hortaz, aurreko ostegunean eskultura plazatik eraman zuten.

Eskultura eramatea ez zen erraza izan. "Zuzenean hartzen badugu apurtzeko arriskua dago egurra oso kaltetuta dagoelako", azaldu zuen Elur Uribarrenak. Beraz, arriskuak ekiditeko metalezko "kaiola edo estruktura" bat eraiki zuen Altsasuko Lan Zerbitzuak eskulturaren oinarrian eta inguruan eta, horrela, eskultura zuzenean garabiarekin hartu beharrean estruktura hartu zuten. Irailaren 27an, aurreko asteko ostegunean, eraman zuten eskultura handia eta egun porlanezko oinarria eta eskultura txikia gelditzen dira.

Hurrengo urratsa

Zaharberritzearen hurrengo urratsa tolueno produktu kimikoan oinarritutako tratamendua da. Hilabete inguru egon behar da egurra finkatzeko produktuaz bustita, eta horretarako tanga batean sartu dute. Eskultura gogortzea du helburu produktu honek.

Eskultura produktu honekin ongi busti eta gogortu ondoren eskulturan falta diren zatiak berregingo dituzte boluntarioek eta Uribarrenak. "Argazkietan oinarrituko gara formak egiteko. Originala bezalakoa izatea saiatuko gara". Zaharberritzearekin amaitzeko eskultura margotuko dute, hasierako egoerara itzuliz.

Intxaurrondoko eskultura berritua "urtea amaitu aurretik" plazara itzultzea espero du Uribarrenak.

Hitzaldia

Urriaren 9an, asteazkenean, 12:00etan, Foru plazan Jose Ulibarrenaren intxaurrondoaren eskulturaren zaharberritzearen inguruko hitzaldia eginen dute Mariscal Pedro de Navarra fundazioak antolatuta.