Eskualde baten dastaketa

Guaixe 2018ko urr. 26a, 14:10
Hainbat produktu dastatzeko aukera izanen da. Igandeko azokan salgai izanen direnak.

“Dastaketa-foro-ikuskizuna” larunbatean, 18:30etik 21:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean. Gonbidapenak kultur gunean jaso daitezke, plaza kopurua mugatua da.

Gora eta Behera jardunaldia Nafarroan sortzen diren lehen sektoreko produktuak ezagutzeko formatu desberdina da. Herrialdeko hainbat txokotako produktuak dastatzeko eta elkar nola ulertu eta osatzen duten ikusteko pentsatua dago “dastaketa-foro-ikuskizuna”. Baina kontakizunak, esperientziak, begiradak eta musika ona “dastatzeko” aukera ere bada biharko jardunaldia.

Nafarroako lehen sektoreak sortutako produktuen berri emateko “dastaketa-foro-ikuskizuna” da. Foru geografia zabaleko produktuak elkarrekin nola moldatu eta osatzen diren ikusteko aukera izanen da. Aldi berean, ekoizle nafarrak omendu eta sustatuko dira. Hori guztia gastronomia, kontakizunak eta musika dastatzea jasotzen dituen jardunaldi bakarrean.

Intia enpresa publikoak, Reyno Gourmet eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazio Departamentuak, Altsasuko Udalaren eta Cederna-Garalurren laguntzaz antolatu du jardunaldia. Antolatzaileen iritziz, “lurraldeak dira mundu ziurrago eta egonkorrago bat eraikitzeko tresnarik onenetako bat; hori bai, lurralde berriak badira, kulturalki adimentsuak eta iraunkorrak”. Biharko ekitaldian “gure produktuak eta ekoizleak omendu eta sustatu nahi ditugu, eta gure gazteei Nafarroa berraurkitzen lagundu nahi diegu (belaunaldi bakoitzak burutu behar du esperientzia hori)”.  

Egitaraua
Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldiaren bidez “aukera bat oparitu nahi diogu geure buruari: lurraldeak eta euren etorkizuna zerez eginda dauden elkarrekin hitz egiteko, lurralde horiek bizitza proiektu asko eta askotarikoak inplementatzeko agertoki gisa aldarrikatzeko eta konpromiso sinple baina funtsezkoak hartzeko, parte hartzearen ordain gisa”.

Sei ataletan banatu dute biharko jardunaldia. Hasteko azalduko dute “lurralde kulturalki adimentsuak eta iraunkorrak” zer diren, nola ari diren aldatzen, zer eginkizun izanen duten gure biografietan. Segidan, “tradizioa berrikuntza gisa, begirada globala eta tokikoa” gaia hartuta, gazteak, lurraldeak eta etorkizuna izanen dituzte hizpide. Segidan Gora eta Behera programaren berri emanen dute, “gure produkturik onenak uztartzeko eta produktu horiei esker Nafarroako eremu desberdinak berraurkitzeko programa”.

Programan iragarrita dagoenez, honako produktuak dastatuko dira: Ricardo Palaciosek Aralarren hazitako txahala, Lodosako pikillo piperrak, Nafarroako zainzuriak, Josenea landare aromatikoak, Lezaun ardandegietako ardo ekologikoak, Patxi Amillanoren gazta ekologikoa, Katealderen pate ekologikoa eta Mendabiako La Maja olioak. Hori gutxi ez eta Baserriberriko sukaldari-buru Iñaki Andradasek aipatutako jakiekin prestatutako bi mokadu dastatzeko aukera izanen da: Nafarroako txahal tartarra, pikillo kimchirekin eta foie Carolina, egurrezko sutan erretako pikilloen marmeladarekin. Guztia laguntzeko aroma belarrak dituen tomate tea eta Pastas Urrutia etxeak egindako patxaran pastak.  

Despeditzeko, “ingurune hurbilenetik gauza asko egin daitezke produktuen, ekoizleen, paisaien eta abarren alde”. Hori jakinik azken konpromisoa hartuko dute parte-hartzaileek. Eta musika protagonista dela, “jatorrizko izendapen" baten istorioa ezagutuko dute: haren egunerokoa, amodioak eta desamodioak ere. “Artzainei, gaztei, ardiei, abelbideei eta immigrazioari buruzko kontakizun bat; finean, lurralde bat eratzeko moduei buruzko kontakizuna”.

Erlazionatuak

Feria bete eskaintza

Guaixe 2018 urr 26 Altsasu