Altsasu, Mauthausen, Altsasu

Guaixe 2018ko abe. 20a, 18:03
Mauthausenen naziak eta presoak. Argazkia: utzitakoa.

Iortia kultur gunean El fotografo de Mauthausen filma ikusi daiteke gaur (19:00etan), bihar (22:00etan) eta domekan (19:30ean). Aretorako pasabidean argazkilariak ateratako 40 argazki ikusgai daude.

1936ko estatu kolpearen ondoren errepublika defendatu zuten askok Frantziako erresistentzian bukatu zuten borrokan. Eta zoritxarreko asko nazien esku gelditu ziren. Esaterako, Restituto Victor Andueza Ranero (1906-12-09 / 1941-02-14) altsasuarra Gusen-Mauthausen kontzentrazio eremuan hil zen. Baliteke eremu berean zegoen Francisco Boixek bere argazkiren batean ateratzea. Boix argazkilaria zen eta eremuan SS-koen laborategian lan egin zuen. Han egindako izugarrikerien hainbat argazkiren negatibo estalian gordetzea eta eremutik ateratzea lortu zuen beste hainbat lagunekin batera. Negatiboak Parisko Deportatu eta Barneko Egoiliarren Federazioari helarazi zizkioten. Eremua askatu ondoren ere argazkiak egin zituen. Boix Nurembergo epaiketan lekuko izan zen gero.

Argazki haiek eremuetatik bizirik atera ziren 2.000 errepublikazaleen artean banatu zituzten, “mundu guztiari holokaustoaren eta sarraski eremuetan milaka espainiarren eta beste nazionalitateetako hildakoen berri eman zezaten”. Arturo Carreño Parras altsasuarraren azalpenak dira azken horiek. Bere osaba, Jose Carreño, Mauthausendik bizirik atera zen, eta 40 argazki jaso zituen. Horien kopiak dira Iortia kultur gunean ikusgai daudenak. Bakoitzak bere azalpena du.

Biografia
Jose Herrinen, Albaceten, jaio zen 1918an. CNTren zale zen. 1936ko estatu kolpearen ondorengo gerraren ondoren Frantziara jo zuen eta errepublikazaleendako eratu ziren kontzentrazio eremuetakoren batean sartu zuten. Handik ateratzeko Frantziako armadako espainiar langileen konpainian izena eman zuen. Maginoteko lerroan atxilotu zuen Gestapok 1941ean. Beste 24 espainiarrekin batera baldintza penagarrietan zegoen tren batean Bunchenwald kontzentrazio eremura eraman zuten. Eta handik Mauthausenera. Haren menpe zegoen Gusen eremura leku-aldatu zuten. Bertan zeuden pertsonak harrobietan hil arte lan egitera behartzen zituzten. Josek bizirik ateratzea lortu zuen nazien erlojuak konpontzen zituelako. 1940ko lastailaren 20an Altsasun izana zen SS-ko komandanteburu Himmlerrek behin Joseri erronka egin zion: erloju bat konpondu eta janari errazioa bikoiztea edo exekutatua izan. Gaixo zegoen lagun batengatik onartu zuen erronka.

Eremutik ateratzea lortu zuen, bretainiar batekin ezkondu zen eta erlojugile gisa lan egin zuen. Parisen bisitatzen zuen Arturok osaba. Eta hark kontatuta ezagutu zituen kontzentrazio eremuetako izugarrikeriak. Josek 40 argazkiak Arturoren aitari eman zizkion, Parisen 1955ean, eta 1977ra arte ezkutuan gorde zituen. Gurasoak hiltzean Arturok argazkiak holokaustoaren berri emateko erabiltzen hasi zen.

Erlazionatuak