"Topiko bat da, baina nahiago dut areto txikietan jotzea"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko mar. 29a, 14:48
Gorka Urbizurekin Altsasuko gaztetxean. MIREN ARREGI

Gorka Urbizu Berri Txarrak taldean hasieratik dagoen kide bakarra da. Hortaz, ondarea eta ibilbide osoa defendatzea tokatzen zaiola esan du. Ahotsa, gitarra eta arima jartzen du, izan ere, taldearen kanten sortzailea da

25 urte bete ditu aurten Berri Txarrak-ek, eta azaroan "geldialdia" eginen dute. Hortaz, "ikusi arte" esaten ari dira. Ikusi Arte Tour biraren barruan Eukal Herriko areto "txikietan" eta gaztetxeetan Beude bira egin dute. Eta, tartean, kontzertua eskaini zuten asteazkenean Altsasuko Gaztetxean.

Zergatik Altsasuko Gaztetxea?
Alde batetik, egutegi aldetik ez da erraza izan. Gaztetxe asko daude Euskal Herrian geldialdiaren aurretiko azkeneko bira honetan guretzako inportanteak izan diren lekuetan egotea nahi genuen. Eta toki asko dago. 25 urtetan gaztetxe askotan izan gara. Gainera, sinbolikoki Altsasuk bazeukan pisua eta Nafarroako gaztetxe bat izanda eta... bazeukan erakargarri asko.

Jo zenuten lehenengo lekuetako bat izan omen zen.
Bai. Maketarekin edo maketa atera baino lehen izan zen. Istorio hau ez dakit inoiz kontatu dudan, baina garai horretan adinagatik ez geneukan gida-baimenik. Rubio, bajista, Betelukoa zen eta Beteluko jendea etorriko zela esan zigun eta haiekin itzuliko ginela. Bere aitak ekarri gintuen traste guztiekin. Baina gero ez zen bertatik inor etorri eta azkenean autostop egin behar izan genuen. Ez zen inor geratu eta azkenean gaztetxera bueltatu behar izan ginen taxi baterako dirua eskatzera, oso lotsatuta. Nahiko anekdota berezia dugu, bai.

Zer aldatu da lehenengo aldiz etorri zinetenetik?
Gaur jendea etorriko dela, hori badakigu. Sarrera guztiak agortu dira. Hori aldatu da, eta, bestetik, nahiko bira berezia da honen ondoren geldialdi bat datorrelako. Kontzertuak hunkigarriak izaten ari dira. Energia trukea beti dago, baina bira honetan gehiago da. Goitik sentitzen dugu puri-purian gaudela. Jende askorentzako azkeneko aldia izango da eta hori igartzen dugu.

Beude biraren sarrera guztiak ordu eta erdian amaitu ziren. Navarra Arenakoak lortzeko izugarria izan zen. Nola sentitzen zarete horrelakoak ikusten dituzuenean?
Sentimenduak kontrajarriak dira. Alde batetik pozik, noski, poztekoa delako. Horrek esan nahi du zure entzulegoa atzean dagoela. Baina, bestetik, pixka bat gainezka egin du guztiak eta horrekin ez gara eroso egon. Jendea kanpoan geratu da eta sarrerak lortzeko komeriak izan dira. Ez da erraza asmatzen. Arenan arazo teknikoak izan ziren jende gehiegi zegoelako. Eta Beude bira honetarako erabaki genuen ez genituela online jarriko eta tokian tokiko sarrera jarriko genituela Altsasuko kontzertura Altsasuko jendea etortzeko. Baina orduan ere kexak egon ziren...

Hasi zinetenean noizbait horrelakorik biziko zenuenik espero zenuen?
Ez. Ez dakit. Azkeneko urtetan jende asko etorri da Berri Txarrak-eko kontzertuetara. Azkenengo lau edo bost urtetan Euskal Herrian egin dugun kontzertu bakoitzean sarrerak agortu egin dira. Baina geldialdia iragarri genuenetik biderkatu egin da dena. Puztu egin da eta histeria moduko bat sortu da. Gauzak datozen bezala onartu behar dira eta pozteko gauza bat da.

Navarra Arena beteta, areto txikiagoetan kontzertuak ematea erabaki zenuten. Zergatik?
Hasteko, gu hortik gatoz, eta uste dut inportantea dela, nahiz eta urteak pasa, ez ahaztea nondik zatozen. Eta betidanik jo izan dugu horrelako tokitan, eta gustatzen zaigu kontraste hori. Gai gara Navarra Arena edo BEC batean jotzeko, baina gero atzerrian jotzen dugunean kontzeptu nahiko undergrow batean ibiltzen gara eta jendea etortzen da, baina beste batzuetan oso jende gutxi dator. Horrek behartzen zaitu alerta egoten. Eta on egiten digu talde hau beti izan delako nahiko kamaleonikoa aspektu askotan. Bira honetan Primavera Sound-en joko dugu eta gero Resurrection jaialdian musikalki zerikusirik ez duten bi festibaletan. Eta hori erakargarria da. Oso positiboa.

Eta zer nahiago duzue?
Topiko bat da, baina nik nahiago dut horrelako aretotan jotzea. 10.000 lagun zure abestiak abesten ikustea oso handia da. Batzuetan kosta egiten da hori kontrolatzea. Publikoa seguritateagatik bi metrora dago, eszenatokia oso altua da... Eta aretoetan jarratzailea aurrez aurre daukazu. Beude bira honetan aretoak beteak daude eta giro berezia sortzen da. Gainera, ia bi urte generamatzan horrelako tokitan jo gabe.  

Orduan bira ongi joan da, ez?
Bai. Hazparnekoa falta zaigu, eta oso berezia izan da. Ondarru, Bilbo... Lekunberrin ere egin genuen eta beldurra ematen zidan. Aspaldi frontoi batean jo gabe eta etxean. Jende ezagun gehiegi eta familiakoak ere egoten dira. Baina oso ondo pasa genuen.

Estatuan ospe handia hartu duzue, baita atzerrian ere. Nola azaltzen duzue?
Lana da. Jaio. Musika. Hil diskoarekin lanak utzi genituen. Burbuila honetatik ateratzeko eta atzerrira ateratzen saiatzeko lanak utzi behar genituen eta hori izan zen gure apustua. Urteen poderioz hemendik hona egon gara. Oso nekagarria da askotan. Baina hemen geratuko bagina seguruenik Berri Txarrak ez zen existituko. Gustatzen zaigu kontrastea. Baina trukoa ez dakit zein den. Inork ez dakit. Lana bai, baina faktore asko daude. Katuek zerikusirik izango dute, zuzenekoek ere. Topiko bat da baina musika unibertsala da eta rock zuzeneko bat ezin da ezerekin ordezkatu. Orduan horretan hizkuntzak ez du zerikusirik.

Baina Berri Txarrak-en musikak zerbait badu.
Jendeak esaten duenez bai. Iristen zaie eta hori da politena. Jendeak esatea ez duela letra ulertzen baina iristen zaiela. Eta orduan pentsatzen duzu letrak ulertuko bazituen askoz gehiago iritsiko zitzaiola. Azkenean letrak oso inportanteak dira. Baina ez dakienak beste modu batera bizi ditu. Batzuk irakurtzen dituzte letrak eta beste batzuek ez diete garrantzia handirik ematen. Publikoaren aniztasun hori ere garrantzitsua da. Badaude aurten ezagutu gaituztenak baita hasieratik jarraitzen gaituztenak ere. Haria diskoan esaten genuen bezala, hari ikusezin hori hor dago, dena lotzen duena. Baina ez dakit zehazki zer den. Katuak egiteko modu bat eta gauzak egiteko modu bat.
 
Aldatu da Berri Txarrak-en estiloa?
Aldatu edo eraldatu... Nik esaten dut zabaldu egin dela. Entzule moduan ere zabaldu den bezala. Artistak jakinmin hori izan behar du eta galderak egin behar ditu. Gauza berriak entzuten saiatu behar da eta interesa gauza berriak sortzeko. Hori ez dagoenean hobeto uztea. Eta uste dut alde horretatik guri musika desberdina gustatzen zaigu eta pixkanaka hori zabaltzen joan gara. Hasi ginenean metala gustatzen zitzaigun, doinu gogorretatik hasi ginen. Doinu gogorrak maite ditut orain ere, baina beste soinu batzuk ere bai. Eta, gainera, uste dut ausardia izan dugula. Askotan metalaren mundua oso zurruna da eta gu hibrido bat izan gara. Berri Txarrak-en jarratzaileek onartu dute, beste erremediorik ez dutelako izan, Oihu bezalako kantu bat egin dezakegula eta aldi berean Oreka. Zerikusirik ez daukaten abestiak, baina guretzako bai dute. Hasieran gauza berriak onartzea denoi kostatzen zaigu, baina entzulea hezi egin behar da ere. Eta zuzenekoetako jarrerak ere asko egiten du. Nahiz eta pop musika egin barruan daukaguna rocka da. Eta hori beti azaltzen da. Argi dut rock talde bat garela, baina ikuspegi zabalarekin.

Zaila izan da kontzertuetarako abestiak aukeratzea?
Buruhauste handia izan da. Gainera saiatzen gara egunero aldatzen. Azkenean gauza batzuk errepikatzen dira ezinbestean. Kontzertuaren aurretik elkartuko gara eta sentsazioen arabera zerrenda egingo dugu. Bira honetarako 80 bat abesti prestatu ditugu.

Zein izan da "ikusi arte" esateko inflexio puntua?
Infrasoinu hori hor zegoen azkeneko urtetan. Bira bat bukatutakoan nekatuta iristen nintzen eta batez ere hurrengo urratsa pentsatzen kostatzn zait. Geroz eta zailagoa egiten zait ez dudalako nire burua ererpikatu  nahi, eta orduan pentsatu behar kontzertu bat, konposatu eta grabatu... Bi eta lau bitarteko prozesu bat da. Eta biran nengoenean eta gero zer galdetzen nuen, eta galdera hori geroz eta handiagoa zen. Aurreko urtean milagarren kontzertua egin genuen Zelanda Berrian eta seinale antzeko bat izan zen. Tontakeri bat da, zenbaki bat da, baina milagarren kontzertua eman eta, gainera, munduaren beste puntan. Mugarri bat izan zen. Bestetik, 25 urte betetzen ditu taldeak eta geldialdi bat egiteko momentu on batean egin behar duzula pentsatu izan dut beti. Geldialdia da azkenean. Alferrik da hastea itzuliko gara ez garen itzuliko. Neronek ez dakit. Argi neukan gauza bakarra zen gelditu behar ginela.