Aisiz Blai programa, erroldatuta ez daudenendako ere

Guaixe 2019ko api. 6a, 10:23
Aisiaz blai programako edizio batean birziklatze tailerra egin zuten.

Altsasuko haurrek lehentasuna izanen dute, baina taldeak betetzeko plazak badaude erroldatuta ez dauden haurrek ere parte hartzeko aukera izanen dute.

Udal Ludoteka Zerbitzuak proposatuta, Altsasuko Udalak haurrendako udan eskaintzen duen Aisiz Blai programarako sarbide irizpideak aldatu zituen joan den asteazkeneko bilkuran. Beraz, hemendik aurrera aipatu programan Altsasun erroldatuta ez dauden pertsonak parte hartzeko aukera izanen dute, talde bakoitzeko ratioa bete arte, beti ere adina eta izen emate ordena kontuan izanik. Udalak onartutakoaren arabera Aisiz Blai programan lehentasuna haur altsasuarrek izanen dute, herriko erroldan gutxienez urte bat egina dutenak hain zuzen ere. Programan onartuak izateko baremoa ezarriko da eta lortutako puntuazioaren arabera parte hartuko dute programan.

Bestetik, udalak Amaia eta Bakea kaleetako sareak eta zorua berritzeko eta Zumalakarregi plazako zorua berritzeko lanen kontratazio espedientea onartu zuen. Guztien aurrekontua 1.221.898,92 eurokoa da (BEZ kanpo). Interesa duten enpresek euren proposamenak apirilaren 17ko 14:30era arte egin ditzakete. Lanak hartzen dituenak zortzi hilabete izanen ditu haiek despeditzeko.

Mozioak
Bilkura berean Altsasuko Udalak erabaki zuen Sakanako Mankomunitateari urte anitzetako plana egitea herriko zabor edukiontziak berritzeko. Geroa Baik, PSNk eta Goazen Altsasuk aurkeztu zuten mozioa. Hirurek gogorarazi zutenez, 2015eko irailean udalak herriko edukiontzien inguruko azterketa egin zuen: “haietako askok tapak hautsiak edo taparik ez zuten, ondorioz hara botatako hondakinak lurrean bukatzen dute, bereziki plastikoarekin eta kartoiarekin gertatzen da”. Mozioaren hiru sinatzaileen iritziz ordutik ez da hobekuntza nabarmenik izan. Haiekin bat egin zuen UPNk eta kontra bozkatu zuen EH Bilduk. Gaia aste bat lehenago Mank-en batzarrean aztertu zen eta David Oroz Alonso presidenteak azaldu zuenez, “urtearen erdialdetik aurrera dirua badago, ez dago arazorik edukiontziak berritzeko. Batzarrak eskatutako beharrak betetzeko konpromisoa hartu zuen”.

UPNren abstentzioarekin eta gainontzeko alderdi guztien aldeko botoarekin Sakana Harrera Haranak aurkeztutako mozioa onartu zuen Altsasuko Udalak, “gogorarazteko denok izan garela beti migratzaileak eta, horregatik, hartzen dugu konpromisoa egoera horretan dauden pertsonekiko elkartasun aktiboa adierazteko eta gure jendartearen parte kontsideratzeko”. Bestetik, ostiralean, 18:30ean Foru plazan eginen den Harresiak bota, zubiak eraiki ekimenarekin bat egin du udalak.