Sakanako eskolen festa eguna

Guaixe 2019ko mai. 17a, 08:48
Genaro Paniagua (Sakanako koordinatzailea), Aitziber Lizeaga (Nafarroako Sortzen), Amaia San Roman (Zelandiko zuzendaria) eta Asier Urretabizkaia (guraso elkartea) aurkezpenean.

Sakanako herri eskolak Sortzen festa hartuko du Altsasuk bihar. Egun osoko egitaraua prestatu dute Baratzeko bide plazan, Burunda frontoian eta Iortia kultur gunean garatuko dena.

Sakanako bederatzi herri eskolek bat eginen dute Taup-taup… Zatoz! leloarekin bihar Altsasun, Sakanako herri eskolak Sortzen festaren 11. edizioan. Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko herri eskoletako kideen eta ospakizunarekin bat eginen duten sakandarren anfitrioi izatea tokatu zaie aurtengoan Altsasuko Zelandi eskolako komunitateari. Sakanako herri eskolen ordezkari moduan Genaro Paniaguak festarekin bat egiteko deia egin zien sakandarrei. “Aniztasunaren baitan Sakanako herri eskola guztiak bat gara: eskualde berean, helburu berdinekin, elkar ulertuz eta lagunduz, koordinatuta lan egiten baitugu”.

Aldi berean, Paniaguak ibarreko eskolen zenbait ezaugarri nabarmendu zituen. Batetik, “herri bakoitzaren eta, batez ere, haurren beharretara egokitzen diren pedagogiak lantzen dihardugu. Gizabanako orekatuen arteko harremana sanoak sortzea dugu helburu, eskolak herrian txertatzea, eta horretan oinarrituz akademikoki gai diren ikasleak sortzea”. Paniaguak azpimarratu zuen ibarreko bederatzi herri eskolak “pedagogia eraldaketan murgilduta” daudela Ikasketa kooperatiboaren, Montessori metodologiaren, Ikas Komunitateen eta Dumas proiektuen bidez, baita beste hainbat pedagogia, zientzia eta teknologia proiekturen bidez.

Eskolaz
Zelandiko zuzendari Amaia San Romanek gogoratu du eurena eskola publikoa eta euskalduna dela. “Hemen kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugu, gure ikasleen prestakuntza ona izan dadin eta gure gizartean ongi bizi daitezen laguntzeko ardurarekin lan egiten dugu”. San Romanek gaineratu duenez, Zelandi “herrian uztartutako eskola” da, “Altsasuk duen ezaugarri esanguratsu bat kontutan hartu eta gure bereizgarrietako bat bihurtzen dugu: harrera herria izanik, gure eskolan aniztasuna dugu Zelandiko altxorretako bat”. Horrek “aberasten” dituela eta, aldi berean, “gure izaera euskalduna guztiekin partekatzen” dutela nabarmendu zuen. Euren jarduna “eskola berritzailea eta inklusiboa izatearen alde lan egitea” dela nabarmendu zuen zuzendariak. Horretarako “etengabeko hobekuntza oinarri” dutela gaineratu zuen.

Nafarroako Sortzeneko kide Aitziber Lizeagak nabarmendu zuenez, “eskolak herriaren parte dira, herriaren errealitatearen isla. Bertan herritar izaten erakusten da”. Lizeagak gaineratu zuenez, eskolek “lekuko baloreetan hezten, aniztasunean hezten, euskara ardatz duen eleaniztasunean, emozio-adimenean, sarean” aritzen dira. Eskola komunitateko partaide guztiak hezkuntzaz arduratzen direla eta hori “herri eskolen izaera eta berezitasuna” dela aitortu zuen.

Sakanako herri eskolak Sortzen ospakizuna aipatutako baloreak erakusteko antolatzen dela azaldu zuen. “Ezinbestean festa hau auzolana da, besteekiko errespetuzkoa, gure ingurua ezagutu nahia, gurea erakusteko beharra”. Horregatik, biharko festa Sakanako herri eskolak ezagutzeko aparteko aukera dela azaldu zuen Lizeagak.

Egitaraua

Dianak Burundar txistulariak
11:00etan Hasiera ekitaldia. Txalaparta, Altsasuko Bertso Eskola…
11:30ean Aniztasun txokoak (eskoletako guraso elkarteak antolatutako tailerrak).

  • Talde gonbidatua: Mila Kolore.
  • Biak Bat laguntza txakurrak.
  • Anitzartean kolaborazio-partxisa eta hizkuntzen jolas elektronikoa.

13:30ean Inauteri konpartsaren ikuskizuna.
14:30ean Herri bazkaria (Burunda frontoian).
16:00etan Herria zuzenean (Burunda frontoian, sarrera doan):

  • Haize Berriak banda.
  • Trasteando.
  • Etorkizuna dantza taldea (ikuskizun interaktiboa).
  • Iñigo eta Imanol Goikoetxea (Gozategi).
  • Irantzu dantza eskolaren ikuskizuna.
  • La Estufa (rock taldea).
  • Haurren txokoa
  • Herri kirolak

17:00etan Kiki, Koko eta Moko: Tatatxan zirkua dantzan (estreinaldia), Iortia kultur gunean.
20:30ean Kalejira trikitilariekin.
21:30ean Zezensuzkoa.
Egunean zehar barra eta taloak salgai.